Inaki Galdos
ARKUPEAN

Sokatiran

2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Erein argitaletxearen eskutik, Juan Ajuriagerrari buruzko liburua eskaini berri digu Eugenio Ibarzabalek. Ia-ia galdutzat zituen duela lau hamarkadako grabazioak berreskuratu izanak ahalbidetu dio liburua idaztea, garai haietan jasotako lekukotzetan oinarritua baitago ia bere osotasunean.

Irakurle honen gusturako, idazlearen susmo, irudipen eta hipotesi gehiegiz hornitutako liburua da hau —Ibarzabalen betiko estiloan, beraz, pentsatuko du norbaitek—, baina ez dio horrek baliorik kentzen. Sekulako ekarpena egin du donostiarrak, eta liburu ederra sortu, ezinbestekoa Ajuriagerrari buruz sakondu nahi duenarentzat. Bide batez, beste hainbat pertsonaiari eskainitako eztenkada maltzurrek ere erakargarri egiten dute testua.

Liburua bukatutakoan irakurle honek —eta inguruko beste batzuek— ateratako ondorioetako bat ez da bilbotarrari buruzkoa, ordea. Agirre lehendakaria ez duela oso toki onean uzten ondorioztatu dugu irakurketaren inguruko gure solasaldietan. Idazlea bera ere liburuaren azken orrialdeetan konturatzen da bere lanean zehar «nahi gabe» gehiegitan alderatu dituela Agirre eta Ajuriagerra eta bigarrena lehenengoaren gainetik baloratu duela («oraintxe jabetu naiz»). Haatik, nabarmenena ez da Ibarzabalentzat Ajuriagerra pertsonaia historiko garrantzitsuagoa izatea, liburuan zehar Agirre laudatzeko ematen dituen arrazoi bakanak baizik. Ez dakigu ez duen bat egiten lehendakariari buruz beste hainbat biografo eta historialarik idatzitakoekin edo ez duen liburu honetako protagonista nagusia ez den bati buruz gehiago sakontzeko beharrik ikusten, baina deigarria, oso deigarria, idazlearen maltzurkeriaren bat tarteko.

Sakonean klasiko baten aurrean gaude, euskal nazionalismoaren historian —zehazki, jelkideenean— izan zen sokatira honen irakurketa berri baten aurrean. 1937ko urtarrilean Bilboko kartzeletan izandako sarraskiekin hasi, Santoñakoarekin jarraitu eta hamarkadetako urteetako tirabirekin bukatu, ezagunak —eta onartuak— izan dira bi gizon handi hauen arteko ika-mikak eta banaketa ez beti dikotomikoak: alderdia-gobernua, britaniarrak-amerikarrak eta abar luzea. Baita EGI-EKIN-ETA aferan batak zein besteak (eta hauen ingurukoek) izan zuten jokaera ezberdina ere.

Klasikoa da, bai, baina kontua da iruditzen zaigula aspalditxo honetan askoz ere modu esplizitu eta gordinagoan ari direla azaleratzen sokatira hauek guztiak, agian denboraren igaroteak horrela ahalbidetzen duelako. Testuinguru honetan, benetan deigarria izan zen duela urte batzuk Pepe Mitxelenaren iloba Juan Jose Rekondo eta honen emazte Anne Mariek idatzitako liburu mardula, Agirre lehendakaria goresteko eta Ajuriagerrari sekulako egurra emateko profitatu zutena. Ibarzabalek aitortzen du liburu hau ere erabili duela berea osatzeko eta «bikaina» dela ere onartu du, baina aldi berean ezeztatu ere egiten du eta kontrako ikuspuntua eskaini rekondotarrek gauza askotan ziotenarekiko. Ez dut uste bi liburuen arteko ez hain ezkutuko sokatira ikusten bakarra izango naizenik.

Baina bitartean, Euskal Herriko Batzokietan jelkideak Agirre lehendakariaren eta Ajuriagerra burukidearen argazkiei begira, bata bestearen alboan, paretarik nagusienean jarriak. Berezko jakituria historikoaren jabe, sokatirak beste batzuentzat utzi eta ezberdintasun haiek natural-natural onartzen, euren buruak ez bataren ez bestearen aldeko hautua egitera behartu gabe. Besteak beste, horregatik dago alderdi hori sendo eta zutunik. Zutunik, Agirrek zin egin zezan Ajuriagerrak idatzi bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.