Italia galtzeko arriskuan

Euroeszeptizismoak gora egin du euroguneko hirugarren potentzian, EBren zatiketaren eraginez. Bruselari beste fronte bat ireki dakioke herrialde horretan

Italiako bandera eta Europako Batasunekoa, Italiaren Moskuko enbaxadan, artxiboko irudi batean. MAXIM SHIPENKOV / EFE.
ander perez zala
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Koronabirusak sorturiko egoerari aurre egiteko Europako Batasunaren (EB) asteotako erreakzioak ez ditu ustekabean harrapatu milaka italiar. 2008ko krisi ekonomikoaren eta 2015eko errefuxiatuen auziaren ostean, Italian ez dute harridurarik piztu talde komunitarioak eta aliatu batzuek eman dituzten erantzunek; izan ere, euroguneko hirugarren potentzian zabaldu egin da beharrik handiena dutenean laguntza gutxi jasotzen dutelako ideia. Horrek joera baten sakontzea eragin du: geldotasunak eta erantzunik ezak areagotu egin dute herrialde horretako euroeszeptizismoa, agintean EBren aldeko koalizio gobernu bat duten arren.

Italia da, oraingoz, birusak gogorren jo duen Europako herrialdea —20.000 hildako—, eta horrek azaltzen du Giuseppe Conte lehen ministroak behin eta berriz arreta jarri izana koronabonu delakoen beharrean, nahiz eta iparraldeko estatu kideek ez duten ontzat jotzen horiek erabiltzea. Finean, EB existitzearen arrazoietako bat da arazo komunei aurre egiteko baliabideak ahalbidetzea, baina, iragan urteko eta hilabeteotako kasuek agerian utzi dutenez, hori ez da beti gertatzen; gertatzekotan, puntu bateraino izaten da, eta ez behar gehien duten estatuek eskatzen duteneraino.

Frustrazioa gorantz doa italiarren artean. Hasieran, Europako Batzordea eta Europako Banku Zentrala irtenbide batzuk emateko gai izan ziren, betiere beren eskumenetara mugatuta, baina, gobernu arteko erakundeen ordua iristerakoan, elkartasun falta, blokeoa eta zatiketa bilakatu dira protagonista agintarien artean. Ezagun egin da Herbehereek eta Alemaniak izan duten ezezko jarrera Italiaren, Espainiaren eta Frantziaren aurrean, esaterako.

Berez, Erromaren jarrera ez da aldatu azken urtean: Alderdi Demokratikoak eta 5 Izar Mugimenduak iragan abuztuan osatu zuten koalizio gobernua aurkezteko hitzaldian, Conteren ideia giltzarrietako bat EBrekiko eta aliatuekiko leialtasuna izan zen. Bruselan, noski, lasaitua hartu zuten, Matteo Salvini ultraeskuindar euroeszeptikoa agintetik urrundu zutelako. Errealitateak, ordea, bestelako paisaia politiko bat utzi du agerian: italiarren Bruselarekiko iritzia ez dela aldatu.

Italia Europaren integrazioaren sustatzaile nagusietako bat izan da, baina, azkeneko hamarkadan, estaturik euroeszeptikoenetako bat bilakatu da, batez ere krisi ekonomikoaren ondorioz, hainbat alderdi eta herritarrek argudiatu baitute talde komunitarioak elkartasun gutxi adierazi zuela; austeritatearekin ere lotzen dute. Migrazioaren auzian ere berdin: elkartasunik eta laguntzarik ez dutela jaso uste dute askok.

Horrek guztiak eragindako haserrea Lega eta Italiako Anaiak euroeszeptikoen emaitzen gorakadan islatu da. Biak ultraeskuindarrak dira, eta, 2023ko bozen ostean, koalizio bat osatzeko moduan izango dira, egungo joerari eusten badiote. Aukera hori balia lezakete euroan eta talde komunitarioan jarraitzearen inguruko eztabaida mahai gainean jartzeko; izan ere, aurreikuspen guztiak betetzen badira, Italia azken hamarkadotako atzeraldirik sakonena jasateko bidean dago, beste hainbat herrialde bezala. Egoera, hortaz, ez da batera samurra.

Datuak kezkagarriak dira Bruselarentzat: epidemiaren aurretik beren burua europazaletzat zuten italiarren %66k, baina kopuru hori %49ra jaitsi da hilabete eskasean, Noto Sondaggiren inkesta baten arabera. Joera hori ez du etxe horrek bakarrik bildu; Tecnek jaso du EBren parte izatea desabantailatzat dutela %67k.

Italian zein gainontzeko herrialdeetan, hainbat agintarik ohartarazi dute talde komunitarioaren proiektua kolokan egoteko arriskuan dagoela. Bereziki kontinentearen hegoaldekoek, iparraldekoek beste modu batera ikusten baitute egoera; koronabonu-ei buruzko eztabaidek agerian utzi dute errealitate hori.

Agenda politikoa

Salvinik egoera baliatu nahi izan du Italiako agenda politikoa berriz bereganatzeko eta horren erritmoaren jabe izateko. Duela astebete, ohiko estrategiari jarraituz, bideo bat igo zuen sare sozialetara, erakusten duena Cadoneghe herriko alkateak nola kendu zuen EBren bandera udaletxeko balkoitik. Bi egun lehenago, Facebook bidez egindako zuzeneko batean, Legaren buruzagiak galdera eta erantzuna bota zituen: «Erreferendum bat EBtik ateratzearen inguruan? Guztiz ulergarria litzateke». Oraingoz ez du agendaren kontrola bereganatu, baina hilabete gutxiko kontua izan liteke; hein batean bada ere, Bruselaren esku dago hori.

Buruzagi ultraeskuindarraren asmoez, nahiez eta ezinez harago, asteotan agerian geratu da berriz ere zerbait aldatzen ari dela Italian EBri begira jartzean. Noto Sondaggiren inkestaren arabera, iritzia eman zutenen %72k uste dute talde komunitarioak ez duela ekarpenik egin osasun larrialdiari aurre egiterakoan, eta gero eta gehiago dira iritzi kritikoa diotenak erakunde horri.

Kasurako, Carlo Calenda Ekonomia ministro ohiak Financial Times-i esandakoa: «Mehatxu existentzial bat da; ez nago ziur [bizirik irautea] lortuko dugun. Kontuan hartu Italian nire alderdia dela europazaleenetako bat, eta orain alderdikide batzuek idazten didate honako hau galdetuz: 'Zertarako nahi dugu EBn geratu? Ez da baliagarria'».

Hein batean bada ere, brexit-aren prozesuak eragina izan du alderdi euroeszeptikoetan: pentsatzea talde komunitariotik ateratzea baino hobea dela EB barrutik aldatzen saiatzea edo horren egituren jarduna oztopatzea subiranotasun gehiagoren truke. Hilabeteotako esperientziaren ostean, oinarrizko helburura itzultzeko aukerak indarra hartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.