Arrauna. Kontxako Bandera

Taldeak asko, faborito gutxi

Lau dira ia hautagai bakarrak: San Juan, Zumaia, Hibaika eta Orio.11 ontzi ariko dira bi txandatan banatuta, inoiz baino gehiago

San Juango arraunlariak traineruari buelta ematen, atzo arratsaldean, Donostiako portuko arranplan. GORKA RUBIO / ARP.
Aitor Manterola Garate.
2015eko irailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inoiz baino talde gehiago ariko dira lehian emakumezkoen sailkatze estropadan (17:30). Zain dauzkate hurrengo bi igandeak gaurko lau azkarrenek, Kontxako Bandera irabazteko borrokan. 11 taldek eman dute izena, eta bi multzotan banatu dituzte. A-n bildu dituzte San Juan, Zumaia, Hibaika, Orio, Zarautz-Getaria eta Cabo. B multzoan daude gainerakoak: Donostia-Arraun, Hernani, Oiartzun, Colindres eta Chapela.

Esan beharrik ez dago A multzotik aterako direla lau sailkatuak, eta, gehiago zehazten hasita, seikote horretatik lau dira faboritoak: San Juan, Zumaia, Hibaika eta Orio. Euskotren ligan aritu direnak, hain zuzen ere. Zarauztarrak edo Cabokoak sailkatzeko, akats larriren bat egin beharko lukete lau faboritoek, eta ez du ematen egingo dutenik. Ezuste handia litzateke lau handienetako bat ez sartzea.

Hala ere, dabiltzala kontuz. Iazko esperientzia gogoan izango du San Juanek, esaterako. Laugarren egin zuen, eta segundo alea baino ez zion atera Cabori; gero, galiziarrei hamar segundoko zigorra ezarri zieten epaileek, eta susto hutsean geratu zen pasaitarrena. Cabo aipatuta, bera izan daiteke laukotetik gertu ibil daitekeena, baina, horretarako, uda hasieran eman zuen maila baino hobea eman beharko du. Pasaian lehiatu zen hemengoen aurka, eta Oriok, laugarren sailkatuak egun hartan, pusketa atera zion.

Beste gainontzean, nabarmentzekoa da talde batzuen debuta izango dela Kontxako estropadan. Donostia-Arraun, Hernani, Oiartzun eta Colindres aurreneko aldiz lehiatuko dira. Bistan da aukera gutxi dituztela sailkatzeko.

Bi multzotan banatuta

11 traineru izatea marka bada, gauza bera esan behar da estropadaren aurtengo antolaketaz. Izan ere, aurreneko aldiz banatu dituzte emakumezkoen taldeak bi multzotan. Orain arte, denak batera botatzen zituzten, minutuko tartearekin. Maila ezberdintasun handia dago talde batzuen eta besteen artean, eta elkarri enbarazurik ez egiteko erabaki zuzena da multzotan banatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.