Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Etxe-aldaketa

2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Etxe-aldaketa prozesuan murgilduta nago. Orain dela hamar urte erositako etxea saldu eta berria erosi dugu. Pena handiz utziko dugu etxea, mundu materialista honetan objektuek sentimenduak sortzen dizkigutelako akaso, edo agian han bizitako hainbat oroitzapen ditudalako, besteak beste, nire bi alaben lehenengo etxea izan delako. Ez noa oso urrutira, hala eta guztiz ere ingurua, kalea eta bizilagunak faltan botako ditut. Kontua da txikia gelditu zaigula eta gure beharretara hobeto egokitzen den etxea erosi dugula. Aldaketan hainbat oroitzapen atzean uzteaz gain, beste hainbat gauza utzi ditugu: arropa zaharrak, nesken jostailuak, dagoeneko balio ez duten tramankuluak, etabarrekoak. Etxe-aldaketa batean indarrak ongi neurtu behar dituzu eta benetan behar dituzun gauzak baino ez mugitu, horrela pentsatzen dut behintzat nik.Orduak eman ditugu armarioak hustutzen eta kutxak mugitzen. Ez da nire lehenengo etxe-aldaketa, baina erabaki horretan, zer eraman eta zer ez horretan, beti harritzen nau zenbat gauza pilatzeko gai naizen. Momentu horretan ohartzen naiz guztiz zenbateraino daukadan barneratuta sistema kapitalista eta kontsumitzaile hau. Kasu hauetan, kuadrillan egiten ohi dugun bezala, dagoeneko janzten ez dudan arroparekin merkadilloa egin nuen, lagunen artean arrakasta gutxien izan zuten kamisetak, gonak, prakak eta zapatak trapu-biltzaileetara eta Paris 365era eraman nituen. Baina ez da nahikoa, noski; kontsumitzeko moduakgehiago aldatu behar ditudala argi dago.

Bien bitartean, Madrilen 2019ko goi bilera ospatzen ari dira, «krisialdi klimatikoaren goi bilera» deitu beharko lioketen hori bera. Eta sistema kontsumista honek, ni ere parte naizen sistema kapitalista honek, zertara eraman gaituen ohartarazi nahi gaituzte bertan parte-hartzen ari diren zientzialariek eta ekologistek; berotze globala, itsas mailaren igoera... Ondorioak, batez ere klase ahulenetan, suntsitzaileak izanen direla badakigu aspaldi, baina itsu jarraitzen dugula dirudi. Nire buruan esperantza daukat noski, nire buruari errieta egin behar badiot ere, orain dela urte batzuk egin nuen ere beste kontsumo sostengarri baten aldeko apustua; kontsumo talde bateko kidea naiz, bertako eta denboraldiko jakiak erosten ditut gehienbat eta bi aldiz pentsatzen dut gauza berri bat erosterakoan benetan behar dudan. Baina etxe-aldaketan ikusi dut gehiago egin dezakedala oraindik. Hala eta guztiz ere, ohartzen naiz aldaketa ez dela etorriko soilik nire eta nire ingurukoen kontsumitzeko moduak aldatuz, erabaki politiko sakonak eta globalak beharrezkoak dira eta horretarako, kontzientzia baino agian mugimendu iraultzaile bat beharrezkoa izanen da.

Interes ekonomiko asko daude noski erdian, aldaketak ere produkzio moduak aldatzea eskatzen duelako eta, ondorioz, gutxi batzuen aberastasuna arriskuan jartzen duelako. Hor dago ziurrenik ere honen guztiaren korapiloa, sistema kapitalista bera bertan behera bota behar dugulako aldaketa klimatikoa gelditu nahi badugu. Ez dute beraz goikoek, agintari politikoek eta elite ekonomikoekin bat egiten duten horiek aldaketaren alde eginen. Esperantza gutxi dut beraiengan. Ez daukagu beste etxerik, ezin ditugu gure kutxak hartu eta etxe-aldaketarik egin. Beraz, irtenbide bakarra ikusten dut nik: orain ditugun etxezainak kaleratu eta erabakitzeko gaitasuna gureganatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.