gorka julio
IRLEN SAREA

Gizaki hilaren gailua

2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gizaki hilaren gailua trenbideetan erabiltzen den segurtasun-neurri bat da, trenaren gidaria hilik edo konorterik gabe badago, trena gelditzeko. Tramankulua, tarte erregularretan presioa egin eta askatu behar den botoi edo pedal bat da. Denbora-tarte hori botoiari edo pedalari sakatu gabe igarotzen bada, alarma bat aktibatzen da. Alarma aktibatu ondoren denbora jakin batean botoia edo pedala berriz sakatzen ez bada, trena automatikoki geldituko da.

Gidariak atentzioa mantentzeko gailu bat dirudi, baina noizbait tren kabina batean egoteko aukera izan baduzu, automatismo bat bilakatzen dela konturatzen zara. Martxak aldatzeko keinuaren modukoa, baina, gainera, testuinguru kontrolatuagoan. Trenbidea, errepidea baino eremu kontrolatuago bat delako

Metafora bezala, gizaki hilaren gailua, trenbidea eta trena bera erabili ditzakegu tekno-kapitalismo garaikidea deskribatzeko. Denok goaz trenean, erabakidituzten errail batzuetatik atera gabe, aurrera goazela pentsatzen, garapenaren bidea hartu duen abiadura handiko trenean. Batzuk lehen bagoian, beste batzuk azkenekoetan, eta gure etorkizun txikien gidari garela sinistuta.

Gure gizaki hilaren gailua, baina, mugikorra da -scroll-Sistemak bizirik behar zaitu, zure atentzioa xurgatu eta komertzializatu dezakeen bitartean -scroll- Gure bizitzak gidatzeko beharrezkoa dugun atentzioa xurgatuta, biziraun daiteke, baina ezinezkoa da bizitza burujabe bat izatea -scroll-. Sistemak errealitate konplexua eta aberatsa sinplifikatzen du horrela. Teknologia, berez, nabigatzeko eta aniztasuna sortzeko bereziki ona da. Baina batzuen onerako bakarrik erabilita, mugatzailea da gehiengoarentzat. Autobideak ere, burdinbideak dira orain. Kamerak daude nonahi. Kotxe autonomoentzat egina dirudi, animaliarik ez gurutzatzeko.

Metaforarekin jarraituz, inora ez garamatzan abiadura handiko tren honekin jai dugu. Aukeratzeko plantak egin, eta aukera bakarreko bidean goaz teknologiaren erabilerari dagokionean. Trenbide sare herritar bat behar genuke. Interkonexio gehiagorekin, eta geltoki askoko bideak eraikitzeko aukerarekin. Baita bidegorriak, kaleak, bidezidorrak, errepidearen bat edo beste, eta mendi-bideak ere, teknologia hauek erabili nahi ez dituenarentzat, zergatik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.