gorka julio
IRLEN SAREA

Kooperatibismo digitala

2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Kooperatibismoa da eraldatzeko gaitasuna eta erresilentzia hobekien uztartzen dituen egitura sozioekonomikoa. Garai berrietara moldatzeko eta egokitzeko gaitasun izugarria izan du eta dauka. Dena kooperatibizatu daitekeela tematuta dago mugimendua. Eta azkenaldian joera berriak ari dira sortzen, asko teknologiari lotutakoak.

Plataforma kooperatibistek, enpresa teknologiko handiek egin ohi dutena elkarlanean eta kooperatiba forman eginez, enpresa langileen eta erabiltzaileen esku jar daitekeela frogatzen dute; kooperatibismo irekiak, kooperatibismoa jende gehiagorengana iritsi eta teknologiaren laguntzaz beharrak eskala handietan kolektiboki asetu daitezkeela proposatzen du. Orain, DisCO (disco.coop) kooperatibismo banatuaren aldeko mugimendua ere agertu da. Horiek ondo azaltzeko, DAOak zer diren azaldu behar da lehenik. DAOak, blockchainean oinarrituta modu autonomoan funtziona dezaketen entitateak dira. Ordainketak gauzatzeko, zigorrak kobratzeko, baldintza eta kontratuak betearazteko gizakien gutxieneko elkarrekintzan oinarritzen dira horretarako. Batzuek jarrera espekulatibo eta tekno-deterministak hauspotzen bukatzen dute.

DisCOak, aldiz, elkarlanean oinarritutako, komunera bideratuta, ekonomia feministan errotuta dauden moduetan lan egiten duten eredu kooperatiboak dira. DAO teknologiaren alde onenak erabiltzea proposatzen dute, baina jendarte eta ingurumena ardatz duten, lurraldean errotutako eta nazioz gaindi saretutako kooperatibak sortzera bideratuz. DisCOek elkarlaguntza, kooperatibismoa eta zaintza lanak lehenestea dute helburu, jarrera baztertzaileak eta tekno-deterministak saihestuz. DisCO manifestuan jasotzen dituzte beren printzipioak eta kooperatibismoarenak eguneratuz.

Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimenduak kooperatibismo forma zahar eta berriak eraldaketa sozioekonomikoaren perspektiban hibridatzea lortu nahi du. Munduan kontsumora bideratuago egon da kooperatibismoaren bilakaera. Euskal Herrian, berriz, lan kooperatibek, erdigunean jartzen duten lanaren burujabetza mantenduz, teknologiaren erabilera inteligentea egiten duten eredu kooperatiboek aukera berriak jende gehiagorentzat ireki ditzaketela frogatu beharko dute orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.