Gasteizko jaiak

Hunkituta, baina gogotsu

Blusa eta neska beteranoak berriro elkartu dira, beren eguna ospatzeko. Malko eta irri artean igaro dute eguna. Gaur amaituko dira jaiak, Zeledonen igoerarekin.

2. Umore onez. Bi blusa beterano, kalejiran dantzatzen. JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun

Hiru urte luzeren ondoren, blusa eta neska beteranoek beren eguna ospatzeko aukera izan zuten atzo. Txarangaren doinuekin, gelditu gabe dantzatzen aritu ziren gehienak, adina zenbaki hutsa dela irmoki frogatuz. Askok hunkituta hasi zuten eguna; izan ere, hildako kideak oroitu zituzten, eta aipamen berezia egin zieten COVID-19ak hildakoei. Hala ere, emozio uholdeari buelta ematen jakin zuten gehienek. Umeen antzera gozatzeko indarra atera zuten guztiek, 24 orduz urteak eta zimurrak alde batera uzteko gaitasuna izango balute bezala.

Goizean goiz altxatu, eta San Migel elizako mezara joan ziren beteranoak. Festarako hainbeste gogo zuten, ezen batzuei meza luzeegia egin zitzaien. «Eskerrak atera garela; uste nuen ez zela inoiz amaituko», esan zuen kolore beltzeko alkandora zeraman blusa batek. Mezatik atera bezain laster, elizaren atarian lore eskaintza egin zioten Andre Maria Zuriari. Natividad Diaz Union arduratu zen horretaz. «Gora Gasteiz!», oihukatu zuen eskailera gainetik. Hunkituta, olerki bat ere irakurri zuen Diazek. Eta mezu bat ere bidali zien hari begira ziren guztiei: «Hauxe da Zeledonek agindu digun gauza bakarra: guztiok elkarrekin disfrutatzea».

Ohorezko aurreskuaren ostean, blusa eta neska beteranoek Esther Espinosa omendu zuten, 100 urte betetzegatik. Plaka bat eta Zeledonen itxura zuen pieza bat oparitu zizkioten kuadrillako partaiderik zaharrenari. Hura zoriontzera joan ziren ezagun zein ezezagun guzti-guztiei bi musu eman zizkien, egun batez gasteiztar oro lagun izango balu bezala. Beteranoen eguna izan arren, hainbat izan ziren egun horretaz lehen aldiz gozatu zutenak.

Marta Serra eta Yolanda Arralde Buenos Airestik Gasteizera joan dira, oporretan, eta erabat txundituta begiratzen zioten atzo blusa eta neska beteranoek sortutako kalejirari: «Zur eta lur geratu gara zahar hauen indarrarekin». Argentinarrak atzean utzi, eta beteranoek beren bideari jarraitu zioten. Txalo eta oihu artean, Plaza Berrian sartu ziren. Igarotzen ikusten zituzten guztiek animatzen zituzten, irribarretsu. Plaza zeharkatu, eta, jarraian, Foru kalea igo eta Bake kalea jaitsi zituzten, Santa Barbara plazaren parean sortutako itzalean hamaiketakoa jaten amaitzeko.

Behin tokia hartuta, bi emakume ardoa eta ogitartekoak banatzen hasi ziren guztiei; jaten, edaten eta hitz egiten aritu ziren denak, dantzatzen hasi aurretik. Laster, dantzazaleenak urduritzen hasi ziren. «Amaitu ezazu bokata, dantzatzera goaz eta», esan zion bokatari azken hozkada ematen ari zitzaion gizonak oraindik eserita zegoen lagunari.

Trabarik ez

Makuluak, bastoiak zein aulki gurpildunak ez ziren oztopo izan beteranoentzat. Vicente Crespo eskuetan makulu bana zuela aritu zen dantzan, kalejiraren ostean. Duela hogei urte egin zioten ebakuntza eskuineko hankan, eta horren eraginez erabili behar ditu makuluak. Ez ziren haren festa gosea gelditzeko gai izan, ordea: «Ezin nuen galdu. Aurten ez. Eta makuluekin bada, ba, makuluekin izango da». Haren alboan zegoen Javier Gomezek barre artean salatu zuen laguna, hala ere: «Honek inoiz ez du bat bera ere galdu».

Itzalpean hamaiketakoa jaten ari zen Ladislao Lopez ere bastoiarekin ibili zen kalejiran. Lopezek, ordea, bastoiaz gain, laguntza gehigarri bat izan zuen: Amets, 10 urteko biloba. Aitonaren zaindari gisa aritu zen umea, eta ez zen harengandik behin ere aldendu. Lopezek aitortu zuen ilusio handia egiten ziola bilobarekin ateratzeak. «Gure egunaren alderik onena guztiok berriro elkartzea da, eta bilobak nirekin etorri nahi izan du, gainerako beteranoak ezagutzeko».

Hamaiketakoarekin tripak beteta, Santa Barbara plazaren aurreko itzalean ekin zioten dantzari. Batzuk bakarrik aritu ziren, baina gehienek bikoteka egin zuten. Ez ziren den-denak ausartu, edonola ere. «Ez gaude dantzatzeko, baina, behintzat, bagaude», esan zion emakume batek senarrari, banku batean eserita dantzan ari zirenei begiratzen zieten bitartean. Egote hutsa nahikoa dela egunaren parte izateko, alegia. Ez da edonolako ahalegina adin batetik aurrerakoentzat, eta are gutxiago garai hauetan.

Hala uste du Maria Isabel Pantigak ere. Kezka azaldu zuen blusa eta neska beteranoen kuadrillaren geroaz. Desagertzearen beldur da. «Orain, blusak eta neskak zahartzen direnean, beren kuadrilletan geratzen dira. Lehen, ez; lehen, beteranoen kuadrillara etortzen ginen denok». Ezkerreko begitik zerion malkoa zapi batekin lehortzen hasi bezain azkar ekin zion txarangak jotzeari, eta harekin aldartez aldatu zuen Pantigak berak ere, abesteari ekin baitzion. Eta segidan egin zuen aitortza: «Gaur ez da negar egiteko eguna, gozatzekoa baizik». Hori baita blusa eta neska beteranoek nahi dutena: gozatzea. Hori da Zeledonek agindu diena; eta hori da desagertu baino lehen egingo dutena.

Azken dantza

Beterano ugarik atzo egin zuten beren azken dantza blusa eta neska gisa. Askok hurrengo urtean bueltatzeko ahalegina egingo dutela zin egin zuten, baina beste batzuek oso argi daukate beren azken urtea dela. Betaurrekoak amantala morearekin garbitzen zituen bitartean, emakume batek lagunei esan zien: «Ahal dugun bezala goaz aurrera, baina hau amaitzear dago».

Azken dantza egiten bakarrak, ordea, ez dira beteranoak izango. Gasteiztarrek gaur gauean agurtuko dute Zeledon. Gasteizko jaietako ikurra 01:00ean igoko da Andre Maria Zuriaren plazatik San Migelgo dorrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.