Erleak iratzarri, ahaidea itzaltzean

Etxeko bat zendu, eta erleei ematen zitzaien abisua. Euskal Herrian nonahi egiten zen errituala, ñabardurak ñabardura, baina, jadanik, ez da ikerlanetan edo literaturan baizik atzematen. Erresuma Batuko erregina hil berritan, ohidura praktikatu egin dute, eta bazterrak harritu egin ditu horrek.

ASISKO.
Ainize Madariaga
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Atzo ospatu zen Omiasaindu, eta, kari horretara, batzuek beharbada jatekoa eman zuten elizako jarlekuan, edo ezkozko argia piztu, hilen elikatzeko edota haien bidearen argitzeko. Eta iragan hilabetean zendu zen Erresuma Batuko erregina. Halaxe izkiriatu zuen Onintza Enbeitak irailaren 21eko BERRIAn: «Elisabet II.aren erleei abisua eman diete: 'Zuen jabea hil da, baina jabe berria ere ona izango da'. Hori erritu ingelesaren arabera esango ziotela pentsatzen dut, baina Euskal Herrian abisu ematen zitzaien erleei etxeko nagusia hiltzen zenean: 'Erleak, hil da etxeko nagusia; erleak, elizarako beharko da argia'». Enbeitari bezalaxe, jende frankori eragin dio harridura albisteak, Euskal Herriko usaia bakarrik zelakoan.

John Chapple erlezainak uhal beltzez inguratu ditu Buckinghameko (Londres) jauregiko bortz erlauntzak eta Clarence Houseko biak. Izan ere, Elisabet II.aren heriotzaren ondotik, erleei abisatu behar zitzaien Charles III.a izanen zutela nagusi berria. Hori manatzen du XVII. mendeaz geroztik Erresuma Batuan indarrean den erritualak. Chapplek erlauntza bakoitza hiru aldiz eztiki jo ondoren xuxurlatu zien Enbeitak idatzi bezala.

Martxel Aizpurua Agirre biologo eta erlezaina ere estonatu du albisteak: «Harritu nau: oso gertutik ezagutu dut erlearen mundu hau 45 urtetan. Gurekin bukatu da erleekin genituen ohitura eta sinesmen guztiak. Beharbada, geratu da oraindik goxoki hitz egin behar zaiola eta. Ezagutu dut, adibidez, erlea hiltzeagatik teilatutik erori zela bat, mendekuz. Baina gure artean erlezainek ez dugu halako sinesmenik batere. Hemengoa ezagutzen nuen, baina ez nuen pentsatzen hemendik kanpo ere bazenik. Segituan pentsatu nuen: errege berria eraman ote dute aurkeztera? Baina hori ez da zabaldu». Gaia errotik ikertua du Aizpuruak, eta horren partekatzeko liburua bidean du, hain xuxen ere, izenburu honekin: Erletxo, erletxo, nagusia hil da.

Ordea, erreginaren heriotzatik landa praktikatutako hil erritual horrek, uste baino hedadura geografiko zein tenporal zabalagoa du.

Mikel Duvert antropologoak, konparazione, zeinak hil erritualak baititu ikerketa gaia hamarkadak badirela, azpimarratu du erleei emandako abisua hobeki entelegatzeko, testuingurua hartu beharra dela kontuan, eta biziki urrun eta antzinakoak direla hil erritualak: «Abiapuntutzat hartu beharra da herioa ez dela haustura bat: hiltzean, gorpua lurperatu eta deseginen da lurrean, baina arima partituko da, eta bizi bat ukanen du, norberaren sinesmenaren arabera».

Biziki aspalditik, Egipto zaharrean jada, hildakoari eskaintzak egiten zitzaizkion: «Faraoiek eskaintza mota asko zuten, erronka sozial bereko osagarri puskak agertu izan dira miaketetan eta paperetan; elikadura barne: zeharkaldi luzerako, izan ere, Antzinako Egipton, epaiketa batera joan beharra zutelako hildakoek. Hemen ere, usu apairua egiten zuten, ezkaratzean, zeina hildakoarekin partekatzen baitzen. Erromatarrek hilobiaren gainean jaten zuten, eta zilo batetik eskaintzen zioten jatekoa sinetsirik hildakoa behar zela elikatu».

Aizpuruak ere faraoien garairaino egin du jauzi gibelerat: «Faraoiek pentsatzen zuten hil ondoren ibai handi bat zeharkatu behar zutela, barku eta guzti, zerbitzari eta guzti lurperatzen zituzten. Hemen, arimak bide bat egin behar zuen bestaldera joateko, eta, horretarako, kandelak bidea erakusten zuen; beraz, kandelak behar baziren, lotura eginda dago erleekin».

Etxeko nehor zentzen zelarik erleak abisatzea Europan eta harago ere zabaldua zen. Alemanian, errate baterako, senide bat hil ondoren, erlauntza lekuz aldatzen zen, modu ezberdinean orientatuta egon zedin. Frantzian, bertzalde, dolu xingola beltz bat paratzen zen erlauntzen gainean.

Erresuma Batuan eta Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, tradizioa amiñi bat desberdina zen, erlauntza bakoitza etxeko gakoaz hiru aldiz ukitu ondotik eta xuxurlatuz eman behar baitzitzaien etxeko herioaren berri.

Asturiasen, Kantabrian,Kanaria uharteetan (Espainia) eta Galizian ere usaia horren oroitzapenak segitzen du; ez, ordea Espainiako gainerako lekuetan, Portugalen, Italian eta Mediterraneoko uharteetan, nonbait.

Euskal Herrian ere, beraz, bada praktika horren herexarik, eta, tokiaren arabera, aldaerak ezberdinak dira, betiere, Europan gaindi egiten zirenekin lotuak.

Erleak eta hilak etxekotuak

Etxeko nehor hil orduko herioaren berri erleei ematearen errituala azkarki lotua da erleen eta etxeen arteko harremanarekin. Eva Crane erlezain eta ikertzaile ingelesak sortu zuen Erlearen Ikerketaren Nazioarteko Elkartea. Haren arabera, Erresuma Batuan XVI. mendearen hastapenean bilakatu ziren erleak familiako kide, monasterio ingelesak eraberritu edo ezabatzearekin, ordura arte haiek baitziren erlauntzadunak.

Ikertzailearen ustez, erleen kolonia etxeko kide gisa onartua zen, eta etxeko jauna, anderea edo senideren bat hilez gero, denek behar zuten horren berri ukan. Hala, erleei abisua ematearen errituala uste horretatik abiatzen zen.

Alabaina, Mikel Duvert antropologoak azpimarratu du Euskal Herriko etxeek eta herioak duten lotura hertsia: «Etxearen eta herioaren lotura handia izan dugu Euskal Herrian, herioarekin bizi zen jendea: etxean lurperatzen zen naturalki. [Jose Miguel] Barandiaranek errana da etxea izan dela tenplu bat eta, aldi berean, hilobia. Errituala, praktika eta kultura emazteak zuen egiten, bera zen apez absolutua. Horregatik, IV. mendearen inguruan, giristinotasuna hedatu zelarik, hildakoak elizarik hurbilenetara eraman zituzten, eta andere serorek zuten segitu errituarekin. Horretan, Euskal Herriak beti erresistitu zuen: andere serora ez baitzuen apezpikuak hautatzen, auzoak baizik. Etxeko sinesmena elizara garraiatua izan zen. Etxeetako lurperatzeak luzaz iraun du hemen: baratzean edo baita ere etxe atarian. Are, nihaurek ikusi izan dut Jutsiko [Nafarroa Beherea] sukalde batean, adibidez».

Erleei errespetua

Etxea eta erleak estuki lotuak ziren. Duvertek laburtu du errituala zertan zetzan: «Etxean norbait hiltzean, denak jakinean izan behar ziren, erleak, zakurra... barne. Barrukian altxarazten zituzten abereak, eta erraten: 'Nagusia hil da, etxeko anderea hil da'. Eta bereziki erleak. Biziki urrundik heldu zaigu ohitura hori».

Aizpurua bera ez zen erleengana joan aita-amen herioaren berri ematera, baina ezagutu ditu egin dutenak, eta argi utzi du: «Erlearen eta heriotzaren arteko lotura handia da, ohikoa izan da hemen. Euskal Herri osokoa zen ohitura». Iturengo (Nafarroa) kasuaz oroitu da, «erleen betebeharra» egitera joan baitziren: hiru kolpe eman baitzioten erlauntzari, eta erran: «Etxeko nagusia hil da, eta egizue argizari asko nagusia zerura joateko, edo elizan falta baita». Aizpuruak eman du azalpena erleen eta Elizaren arteko loturaz: «1771 arte uste zen erleek ez zutela kopularik egiten; hala, birjintasunaren eredu ziren, eta Ama Birjinarekin lotzen ziren. 1875ean, Vatikanoak erabaki zuen elizetan erleen argizari purua bakarrik erabiliko zela, hori zelako Jesu Kristok Ama Birjinarengandik jaso zuen haragi purua. Elizan pizten ziren kandela horietan zegoen lotura hori. Gure amak esaten zuen erleak bedeinkatuak zirela, beste batzuentzat sakratuak dira; bazegoen halako lotura erlijiosoa».

Erleez eta haiekiko hil ohituraz izkiriatu zuen Xabier Kintanak Erlea aldizkarian (8. zenbakia, 2015eko otsailean). Harentzat, euskaldunek bereizten zituzten erleak eta gainerako kabalak hil abisua emateko orduan: «Euskaldunon pentsaeran, erleak, gainerako etxe-abereek ez bezala, zerbait berezia du. Gauza jakina denez, etxeko jauna hiltzen denean ez zaio behiari, zaldiari, ardiari, txakurrari edo beste edozein etxe-abereri haren heriotzaren berri ematen, baina, oraintsura arte behintzat, gure baserritarren artean beharrezkoa zen erlategira joan eta han ukabilez erlauntzaren kontra kolpetxo batzuk jotzea, 'erletxoak, egizue argizaria. Nagusia hil da' esanez. Hori egin ezean, erleak hil edota handik iheska joaten omen ziren». Are, bazen ere ustea erleari abisatzen ez zionari ezbeharren bat gerta zekiokeela.

Euskal Herriko Atlas Etnografikoak erakustera ematen duenez, sinesmenaren arabera, errituari esker bi helburu kausitzen ziren: batetik, saihesten zen kofoinaren herioa, eta, bertzetik, erleek argizaria ekoiztea etxeko hilobiaren argitzeko edota hilaren arimari bidea argitzeko. Euskal Herriko tokien arabera, erleei herioaren berri ematean lehenaren ustea zegoen, bigarrenarena, edota biena.

Wilhelm Giese etnologoak zehaztu zuen erritu horien jatorria: «Gizaki primitiboak erleak hilen arimatzat zeuzkan; horregatik behar zitzaien arima berriaren albistea eman». Lekuaren arabera aldatzen zen eginmoldea; bertzeak bertze, Resurreccion Maria Azkuek, Pio Barojak, Jose Mari Satrustegi eta Jose Migel Barandiaranek bildutako manera batzuk hauek dira: Saran (Lapurdi) erlauntza jo bitartean erraten zitzaien: «Nagusia hil da; etxekoandria hil da, etxeko semia hil da»; Zugarramurdin, berriz (Nafarroa), erlauntza guztiak kolpatu ondotik, aizto baten hostoaren ertzarekin, erleen erantzunaz hauxe zioten: «Mintzatzen omen dire, burrunba batian hasten omen dire»; Beran (Nafarroa) berdintsu erraten zitzaien: «Etxeko andria hil da ta egizu argizeri aunitz zerura bialtzeko»; Liginagan (Zuberoa), hildakoaren kofoinak jotzen ziren bitartean hala mintzo zitzaizkien erleei: «Iratzar zite, buruzagia (edo buruzagisa) hil zaizie»; Elorriagan (Araba), erlauntzei kaska ttipiak emanez erraten zieten erleei hil zela etxeko norbait, galdeginez faborez urte hartan argizari gehiago ekoitz zezaten hildakoarendako, eta gainean bi kandela pizten ziren; eta Baigorriko (Nafarroa Beherea) kasua kontatu omen zuen informatzaile batek: erlauntzen aitzinean ezarri zen etxeko nagusia, boneta kendu zuen, eta «errespetuz» eman zien herioaren berri.

Preseski, Aizpuruak erleekiko errespetua azpimarratu du: «Neronek ezagutu dut: erlea ezin da ez erosi, ez saldu, ez lapurtu, zuka egin behar zaie... Ohitura asko daude erlea errespetatzeko. Nik neuk erosi nahi izan dut, baina ezin izan dut trukatu baizik. Badago mundu bat, eta hori bildu dut berrogei urte hauetan».

Duvertek aitortu du ez duela lehen pertsonan halako lekukotasunik bildu ahal izan, praktika jadanik galdua baitzen etnografia lanetan aritu zelarik: «Hori bai, literaturan ongi ezaguna da».

Preseski, Itxaro Bordak sartua du errituala Zeruetako erresuma eleberrian (Susa, 2005): «Errituak ezagutzen zituen: frankotan aditua zuen, norbait zentzean, baserriko nagusiak erleak abisatzen zituela:

—Erle maiteak, etxekanderea hil da...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.