Jaiak auzolanean eraikitzeko asmoz

Lekeitioko txosna batzordeak bi gune ditu: Portuko gunea, kontzertuetarako, eta Parkeko gunea, haurrentzako ekintzetarako. Bi guneak «gune askeak» izatea nahi dute

Txosna batzordeak antolatzen ditu txosnetako kontzertuak eta bestelakoak. ASIER ALKORTA.
ane insausti barandiaran
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur ekin diete Lekeitioko (Bizkaia) herritarrek San Antolin jaiei. Batzordekoek bi txosnagune antolatzen dituzte: Parkeko gunea eta Portuko gunea. Lehenengoan, haur, gazte eta helduentzako ekintzak, eta bigarrenean, aldiz, gazteentzako gaueko kontzertuak antolatzen dituzte.

Portuko txosnako kontzertuak dira gaur nagusi txosna batzordeko egitarauan: DJ Katun Txistu, DJ Endj eta DJ Bull izango dira 21:00etatik aurrera. «Auzolanean eraikitako jaiak» antolatzen eta «herriarentzat bestelako eskaintza bat sortzen» saiatu dira aurten ere txosna batzordean, Pello Arrasate kidearen arabera.

Parkeko guneak bederatzi urte daramatza Lekeitioko jaietako egitarauan, eta «txoko lasai eta apropos bat» izan dute helburu hasieratik, Ale Goikoetxea antolatzaileak dioenez: «Betiko jaietako barraka, zarata eta kontsumismoa albo batera uzteko sortu zen Parkeko gunea, umeekin ez duzulako jakiten non sartu, ez dago horretarako gunerik».

Gainera, hainbat balio sustatzen saiatzen dira, Goikoetxearen arabera: «Parekidetasuna, errespetua, kultur aniztasuna eta beste hainbat balio sustatzen dituzten ekintzak antolatzen ditugu».

Urtero egiten da Altxorraren Bila jolasa, eta oso arrakastatsua izan ohi da. Farolapekoak izenekoa da, antolatzailearen arabera, haien ekintza «izarra»: «Iluntze aldera, gaueko iluntasunarekin eta farola azpian, kontzertuak, antzerkiak, ipuin kontaketak eta abar egiten ditugu bertan».

Aurten, lehenengoz, parkeko gunean ez da alkoholik salduko. Ostera, jateko eta edatekoen eskaintza zabalduko dute: pintxo beroak, fruituekin egindako irabiaki bereziak, eta abar.

Bederatzigarren urtez hori antolatzea arrakastaren seinale dela uste du Goikoetxeak: «Hainbat belaunaldiren artean arrakasta duen zerbait sortzea lortu dugu». Aitona-amonek, gurasoek eta haurtzaroko jaiak Parkeko gunean bizi izan dituzten gazteek ekintza berriak proposatzen dituzte, erreleboa hartzeko gogoz.

Portuko gunean, aldiz, gauetako kontzertuak dira nabarmenenak. Aurten, hilaren hiruko egitaraua indartzen saiatu dira, laneguna tokatzen denez, jende gehiago animatzeko. GAZ linbo, Sigeruban eta Ziribulio taldeak igoko dira Portuko «gune askeko» oholtzara.

Jaiez gain, aldarrikapenak ere izango du tokia txosnetan, Arrasateren arabera: «Jaiak gozatzeko aparteko datak izanda ere, gauza batzuk aldarrikatzeko egunak ere badira». Besteak beste, sexu erasoen aurkako atzoko manifestazioa eta irailaren 16ko makroepaiketako 47ak herrian! kontzentrazioa egingo dituzte.

Elkarlana nagusi

Batzordean eragile ugari egon arren, «elkarlana» da nagusi, bi guneetako antolatzaileen arabera. «Harremana ona da, eta egunerokoan harremanetan gaude, elkarri laguntzeko prest», dio Arrasatek. Goikoetxeak ere esan du ondo koordinatzen direla, independente funtzionatu arren.

Herriko eragileek antolatutako ekintzak ondo badoaz ere, Goikoetxeak dio Parkeko guneko antolaketan laguntza gehixeago eskertuko luketela. Izan ere, ostegunean txandak bete gabe zituzten oraindik: «Gero eta talde txikiagoa gara, eta eskertuko genuke jende gehiagok parte hartzea, batez ere txandak egiteko».

Portuko txosnakoak hobeto moldatzen dira horretan, kuadrillaka banatzen baitituzte gaueko barraren ardurak: «Nahiz eta beti nahi izaten dugun gehiago, kuadrilla handi bat batzen gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.