Egoera larrian, umore arina

Umorea egitea eta krisialdian egotea. Kontraesana dirudien arren, garairik latzenetan egiten du gora umorearen erabilerak. Zenbait sortzailek uste dute egoera arintzeko tresna bat dela. Koronabirusaren pandemiak joera hori sustatu du.

BERRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Umorea, zertarako? Umorea, bizirauteko». Beatriz Egizabal ipuin kontalari, pailazo eta bakarrizketariak garbi du; umorea behar-beharrezkoa da bizitzan orekari eusteko. Are, metaforikoki ez ezik, fisiologikoki ere azalpena duela ohartarazi du Egizabalek: «Ziurgabetasun egoera batean bizi gara, estres emozionalak jota, eta frogatuta dago barre egiten dugunean burmuinean hormona leherketa bat dagoela: endorfinak aktibatzen dira, eta plazera sentitzen dugu». Bada, umorea egoera eta testuinguru deseroso, arrotz edota ezohikoei aurre egiteko tresna bat da, eta endorfina pizgarri bihurtu da mundua azken asteetan. Pandemia berri baten agerpenak hankaz gora jarri ditu han-hemengo bazterrak; eskala handian nahiz txikian, egunerokoak eta errutinak norabide berria hartu dute. COVID-19 gaitza alderik alde hedatu zenetik, herrialde askotan ezarri dute konfinamendua; hau da, salbuespenak salbuespen, etxetik irteteko debekua. Aldaketa bortitza kudeatzeko metodo gisa baliatu dute askok umorea; hots, barre egitea. Egoera larria arintzeko, pozari tartea uztea.

Garai latz orok dakar aurre egiteko beharra; estutasuna askatzeko premia, itolarria saihestekoa. Ahalegin horretan ernaltzen da umorea. Uxoa Anduaga soziologia doktoreak esplikazio hau aurkitu dio azken asteetako umore eztandari: «Umore mota guztiek oinarri berdintsua izaten dute: gizartean ezohikoak, anomaloak edo txarrak diren gauzak nabarmentzen dituzte; horrekin, onak edo duinak diren gauzak zeintzuk diren gogorarazi nahian. Kasu honetan, ezohiko egoera hain da agerikoa, non umorea sortzeko harrobia izugarri zabaldu den».

Bakartuta egon arren, eta teknologia tarteko, askotariko formatuetan hedatzen ari dira txisteak eta algara eragiteko mezuak. Denek dute helburu berbera: errealitate ilunari erantzuteko erreakzioak dira, ezbeharretik aldentzeko heldulekuak izan nahi dute, tarte batez gaitza alboratu eta atseden hartzeko parada. Dani Fano komikigilearen hitzetan, «egokitzeko» manera dira mezuok, aldaketak direla-eta senti daitekeen «beldurra» baretzeko bidea. Egizabalentzat, «ihesbidea» da umorea. Beti. Eta, krisi garaian, areago.

Txio bat, audio mezu bat familiako taldean, Whatsapp bidez lagun batek bidalitako txistea, bere konfinamenduaren egunerokoa bideo laburretan jasotzera ausartu den auzokidea, edo, bestela, Instagrameko meme saldoak igortzen hasi diren kontu anonimoak. Umorea nonahi aurki daiteke egunotan. Badira birusa balira bezala sortutako Instagram edo Twitter kontuak ere, gaixotasuna biziduna balitz bezala, lehen pertsonan mintzo direnak. Bakartze sozialak askoren irudimena eta sormena jarri ditu martxan.

Lehen kolpean, larrialdi egoeran pozari tartea egiteak «makabroa» irudi luke, baina Anduagak paradoxa «logikoa» dela dio. «Joko bikoitza egiten du umoreak horrelakoetan». Esaterako, umorea oso presente egon daiteke gerra garaian; edo, bestela, eskala txikiagoan, hileta batean. Anduagaren aburuz, kohesio sozialerako baliatzen da umorea muturreko egoeretan; eta, era horretan, «babestua» sentitzeko. Bakardadeari aurre egiteko, «enpatia sortzeko» eta «esperientziak partekatzeko» bide dira txisteak; globala den larrialdi batean aliatuak bilatzeko saiakera.

Hemen eta orain

Umorea egiteko bideak umorearen beraren definizioa bezain zabalak izan daitezke, eta garaiak ere markatzen du umorearen nolakoa. Teknologiaren aroan, bat-batekoa eta oso bizkorra da partekatu eta kontsumitzen den umorea: azkar sortzen, azkar jasotzen, azkar kontsumitzen eta orobat azkar ahazten dena. Batetik bestera saltoan pasatu ditzakete orduak herritarrek, Twitter kontuak eta estekak kateatuz. Are, umorea barra-barra sortu eta kontsumitzen ari dela ukaezina den arren, Anduagak zalantza du alderaketa eginez gero kopuruan benetan hazi ote den. «Egun ditugun umorea sortzeko eta zabaltzeko bitartekoak inoiz lehenago ez dira hain ahaltsuak eta azkarrak izan, eta horrek dakar ikusaraztea eta umore hori ikusteko momentua askoz ere nabarmenagoa izatea».

Mugitzeko bideetan ez ezik, edukian ere sortzen ari den umorea arina dela uste du Anduagak; arina bainoago, arinegia. «Gauza hutsaletan oinarrituta sortzen ari da umorea; adibidez, komuneko papera. Nik analisi sakonago eta zorrotzago baten falta nabaritu dut». Egizabalek ere antzeko sentsazioa du, baina hartzaile gisa ohartu da horretaz. «Exijentzia asko jaitsi zait; iragazkiak galdu ditut, eta nire mugak asko lausotu dira. Lehen inondik inora grazia egingo ez lidaketen edo onartuko ez nituzkeen txorakeriekin pozaren pozez negar ere egin dezaket». Eguneroko arruntean ez zaio horrelakorik gertatzen.

Anduagak uste du «denbora-pasa hutserako» umoreak gizartearen homogeneizazioa bultza dezakeela. «Umoreak, bere dualtasunean, alde batetik erakusten du akabatu beharreko etsaia; kasu honetan, birusa. Eta beste aldean uzten gaitu beste guztiok, helburu komun horretan elkartuta dagoen gizarte bat. Darabilgun umore horretan ez da bereizketarik egiten: dena masa bat da, zibilizazio beraren kide bagina bezala. Birusa ez garen beste guztiok izango ginateke komuneko papera saldoka erostera goazen pertsonaia irrigarri horiek». Fanok uste du umorearen «demokratizazioaren» garaia dela oraingoa, eta «edonork egin dezakeela umorearen izenean zerbait». Erraztasunak eta baliabideak eskura izateak, ordea, ez du kalitatea bermatzen. «Edonork egiten du Whatsapp bidez edozer gauza umore deituta. Edonork egiten du meme bat bi segundoan, eta bidaltzen du. Umore azkarra ari da zabaltzen; eta, hain justu, kalitatea baino gehiago, abiadura du ezaugarri».

Eredu horretatik kanpo eta analisi sakonagoen mailan kokatu ditu Fanok zenbait komikigile, egunerokotasunari lotuta eta egunkari eta aldizkarietan zintak plazaratzen dituztenak: «Nik ustedut kristoren aldea dagoela. Ez dut esango meme horietan tarteka ez dagoenik sekulakoa den bat; baina normalean, ez. Umore horrek ez dauka zerikusirik Zaldi Eroa-ren sotiltasunarekin, Tasioren sormenarekin edo Unai Iturriagaren sakontasunarekin». Irakurketa sakona da Anduagak antzeman duen hutsunea: «Beharbada, oraindik ez gara gai honen gaineko analisi bat egiteko, oraindik shock egoeran gaudelako. Oso deigarria egiten zait ez egotea egoera honen inguruko irakurketa feministarik edo antimilitaristarik...».

Nobedade betikotua

Umore azkar, labur eta arina bukatzear dela uste du Egizabalek. «Orain artean, nobedadea zen, baina dagoeneko egoera errutina bihurtu da, eta zailagoa da errutinatik umorea egitea. Egon da horrelako eztanda bat... eta orain, zer?». Horregatik ere, garrantzitsua da oreka horretan beste emozio batzuei tokia uztea. «Parean joan behar dute pozak eta gainerako emozioek. Umorea dago, baina haserrea dago, tristura dago, eta ezin da hori ahaztu. Denerako denbora dago itxialdian, ez da bat edo beste. Tarteka behar dugu txantxa bat, baina badaude beste gauza asko irakurtzeko eta salatzeko, eta haserrea ere atera beharko da».

Egizabalek eta Fanok, biek dute gutxi-asko umorea ofiziorako lanabes, eta orain artean ez dute koronabirusa ardatz duen sorkaririk egin. Halere, ziur daude etorkizunean euren jardunean ere eragina izango duela. Egizabalek zerrenda batean jasotzen ditu han-hemen erabilgarri eta interesgarri iruditzen zaizkionak. Agian, konfinamenduaren ondoren erabiltzeko. Izan ere, bolo-bolo dabilen umore digitala ez dator bat Egizabalen sortzeko nahiekin.«Nik zuzeneko publikoa behar dut». Fanok, bestalde, garbi du ezinezkoa izango dela pandemiaren islari izkin egitea. «Denok bizi izan dugu mundu mailako krisi hau, eta, zuzenean edo zeharka, edozein sortzaileren hurrengo lanean agertuko da».

Umorista, komikigilea eta soziologoa bat datoz: umorea beharrezkoa da orokorrean, eta are gehiago krisietan. «Umorea ezinbestekoa da putzu ilun batean ez erortzeko; estresari aurre egiteko gorputzak behar duen zerbait da», laburbildu du Egizabalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.