Albistea entzun

Derrigorrezkoa ez bada ere, kendu ezinda

Askok ospatu egin dute maskara kendu ahal izatea, baina batzuek arazoak dituzte aurpegia estali gabe ibiltzeko. 'Aurpegi hutsaren sindromea' deitu diote horri, eta antsietate handiko edozein prozesuren sintomak dakartza. Beldurra eta lotsa dira maskara ez kentzeko arrazoiak.

<b>Maskara jantzita. </b>Lagun talde bat, Donostian, iazko maiatzean.
Maskara jantzita. Lagun talde bat, Donostian, iazko maiatzean. GORKA RUBIO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko apirilak 7

Halabeharrez jantzi behar izan ziren maskarak, eta ez zen kexarik falta izan: jendea azkar gogaitu zen aurpegia estalita eraman beharraz, arnasa hartzeko zailtasunez eta, are, betaurreko lurrunduez. Aurpegia biluzten hasteko une honetan, askok pozarren hartu dute maskara nahitaez eraman beharrik ez izatea zenbait egoeratan, baina beste batzuei gehiago kostatzen ari zaie: izan beldurragatik, izan lotsagatik, nahiago dute oraindik maskara jantzita eraman. Egoerak izena du jada: aurpegi hutsaren sindromea.

«Erabat normala da maskara kentzeari beldurra izatea», Iratxe Martinez psikologoaren arabera. «Jatorrian arrazoi justifikatu bat dago: kutsatzeko beldurra». Pandemiaren bi urteetan zer gertatu den gogorarazi du adituak, hildakoen jarioa, neurri murriztaileak... Eta horren aurrean, baliabide bat: maskara. «Kontuan izan behar da egoera erabat ezezaguna eta izugarria zela guretzat hasieran. Adituek esan ziguten maskara erabiltzeak bizitzak salbatzen zituela, eta gure burmuinak, zeina bizirauteko programatuta baitago, azkar batean lotu zuen maskara biziraupenarekin».

Ikusi gehiago: Atzerako kontaketa maskarak eranzteko

Maskararen erabilera ezarri zutenean, egokitzapen prozesu bat egin beharra egon zen, Martinezek gogoratu duenez. «Hasieran, ikasi behar izan genuen maskararekin arnasa hartzen, hitz egiten, eremu askotan. Areago, batzuek diote gorrago daudela, aurpegiko eta ahoko keinu batzuk ikusi ez eta ematen zuelako mezuaren zati bat galtzen genuela». Orduko hartan gertatu bezala, kontrako bidean egin behar da egokitzapena orain, «erabilerara ohitzeari utzi», hain justu. «Burmuinari ulertarazi behar diogu maskararik gabe ere seguru egongo garela, eta horrek denbora behar du».

Alabaina, batzuek denbora gehiago behar dute. Izan ere, muturreko kasuetan, aurpegi hutsaren sindromeak antsietatearen sintomak eragin ditzake. «Antsietate handiko beste egoera batean agertzen direnak: itotzeko sentsazioa, bularreko presioa, arnasa hartzeko zailtasunak, takikardia, izerdia edota dardara». Arriskuaren gehiegizko pertzepzioak eragiten du? Martinezek baietz uste du, «oraingo egoera zein den ikusita».

Nabarmendu duenez, antzeko gauza bat gertatu zen itxialdia bukatu zenean, eta egoera hari ere izena jarri zioten: etxolaren sindromea. «Dena den, guzti-guztia patologizatzeko joera sendoa dugu; ez gara kapaz eguneroko ezinegona toleratzeko, eta berehala nahi dugu konpentsatu, aldatu zerbait atseginagoarekin. Baina, hain zuzen, ezinegon hori toleratzen dugunean egiten dugu aurrera».

Faltagatik gehien kaltetuak

Denek ez dute harreman bera eduki maskararekin, eta horrek ere baldintzatu ditzake hura kentzeko erreparoak. Haurren kasua azaldu du Nahia Idoiaga EHUko ikerlariak. «Haurren arriskuaren pertzepzioaz hitz egitean, kontuan izan behar dugu datu objektibo bat: oso barneratuta daukate maskararen erabilera. Bereziki iazko kurtsoaren hasieratik erabili behar izan dutenek, 7 urtetik gorakoek». Azpimarratu du «oso ohikoa» dela umeak maskara jantzita ikustea nahiz eta kasu batzuetan harekin doazen helduek ez eraman. Kexu da ez zitzaiela azaldu zergatik estali behar zuten aurpegia, eta orain ere beste horrenbeste gertatzen ari dela. «Orain ipini, orain kendu... Zoratu egin ditugu».

Ikuspegi «helduzentrista» da jarrera horren arrazoia, ikerlariaren ustez. Konturatzen ez zirelako ustean, maskararen erabilera «inposatu» zaie, ikerlariaren iritziz, eta ez zaio gaiari «moraltasunez» heldu: hau da, ez zaie esplikatu zer den egokia eta zer ez, ez zaie «autonomiarik» eman. Horrenbestez, «normala» iruditzen zaio haiek ez ulertzea. «Umeak beldurraren bidez hezi ditugu. Krisi honen guztiaren lanketa emozionala ez dugunez egin, ume asko beldurtuta daude». Orain, haiek «berriro hezi» behar direla nabarmendu du Idoiagak.

Edonola ere, beldurra ez da maskara kentzeko erreparoan eragin duen faktore bakarra. Beste bat aipatu du Martinezek: lotsa. «Kontsultan, nik nerabeengan ikusten dut, batez ere. Nerabearentzat, bere berdinen taldearen parte izatea eta haien aitortza jasotzea oinarrizko beharra da, biologikoa. Biziraupen kontua ere bada». Aldaketa garai bat da nerabezaroa, azpimarratu duenez, baita gorputzari dagokionez ere. Horiek horrela, «erraza da segurtasun falta eta autoestimu apala agertzea». Maskarak ezkutatu egin ditu aldaketa horietako asko: bizar agertu berria, aknea, hortzetako aparatua... Baita maskarak berak eragindakoak ere, hala nola azaleko orbanak, legenak, azkura... Maskara aurpegia «estaltzeko» tresna bat ere izan da; hortaz, hura falta denean, «epaitua izateko eta aitortua ez izateko beldurra agertzen da nerabearengan».

Antzeko egoera pairatu dezakete aldez aurretik antsietatearekin lotutako patologiaren bat zuten horiek. Izan ere, gazteentzat ez ezik, helduentzat ere konplexuak ezkutatzeko baliabide bat izan da. «Eragin diezaieke euren ustezko akatsak antzeman eta horiek estaltzeko moduekin obsesionatuta daudenei». Eta maskara kentzeko beldurra are handiagoa izan daiteke lehendik hipokondria zuten pertsonengan. «Oso arduratuta daude euren osasunarekin; edozein aldaketa dramatikotzat jotzen dute, eta izutu egiten dira edozein gaixotasun harrapatzeko ideiarekin». Adituaren esanetan, hipokondriakoek «erritualak eta protokoloak» garatuak dituzte eguneroko jarduerak bete ahal izateko, baina pandemiarekin ezarpenok «eztanda» egin dute. Maskara kentzeko izua haustura horren ondorioetako bat da, Martinezek dioenez.

Berrezarri beharra

Aurpegia ezkutuan izateak lagundu egin die batzuei, baina kalte egin die, oro har, harreman sozialei. Hitz egiterakoan, aurpegi osoko keinuei erreparatzen zaie, eta, horietako batzuk ikusi ezean, mezua herren geratzen delako sentsazioa egon liteke. «Adierazkortasuna galtzen da. Begiek adierazkortasun handia dute, baina ez da aski; adierazkortasuna mugatu egin da». Txuri Ollo antropologo eta Arakadia elkarteko kidearena da azalpena.

Aurpegia estalita eramatea ez da nobedadea, berez. Ollok dioenez, kultura gehienetan erabili izan dira maskarak, edo usu pintatu dituzte aurpegiak, antzeko helburu batzuetarako. Kulturalki, maskarak festa iradokitzen du, eta estu lotuta dago antzerkiarekin. «Nortasuna aldatu nahi denean erabiltzen da». Baina gaur egungo maskarak «beste funtzio bat hartu du», antropologoaren irudiko: kulturalki izan duenaren kontrakoa. Antzerkiko maskara aisialdiarekin lotuta dago, boluntarioa da, eta epe mugatu batean erabiltzen da. «Orain, diziplinarekin lotu da. Adierazten du bakarrik egon beharra, inor ez ukitzea bestea gaixoa edo arrotza delako...».

Olloren ustez, «zerbait apurtu da ohiko maskararekiko». Aurpegia estaltzeak beste esanahi batzuk bereganatu ditu, eta, halaber, aurpegia biluztea ere ez da ohiko gauza bera. «Maskara kentzean sorpresa izaten da, orokorrean positiboa, pertsonaien benetako aurpegia ikustean... Baina orain maskara kentzeko beldurra ikusten dut inguruan».

Esanahiak berrezar daitezke? Egokitzapen kontua da, Martinezek dioenez. «Beste aldaketa bat da, eta nik uste dut kanpoko eskakizunik gabe, norbere burua zigortu gabe, eta etiketarik jarri gabe onartu behar dela». Egoera normalizatzen den heinean sintomak poliki-poliki desagertuko direla dio. «Baina ardura obsesio bilakatzen bada, gure eguneroko jarduna oztopatzen badu eta negatiboki baldintzatzen badu, laguntza eskatu beharko da». Bere kontsultara heltzen diren muturreko kasuetan, lanketa hau egiten du Martinezek.

Lehenik eta behin, erlaxatzeko teknikak erakusten dizkie pazienteei, aurpegia erakustean duten ezinegona baretzen lagunduko dietenak. Halaber, aurpegia gutxika biluzteko prozesua dela adierazten die. «Maskara kentzen hasi behar dugu hain mehatxagarriak ez diren egoeretan, seguru sentitzen garen tokietan: aire zabalean, jende gutxi dagoen eremuetan...». Hasieran, denbora gutxi egin behar da aurpegia estali gabe, eta tarte hori zabaltzen joan behar da. «Horrek konfiantza sortzen du, eta errepikapenekin sendotzen da. Segurtasuna geureganatzen joango gara».

Pentsamenduei ere heldu behar zaie, orobat. «Hausnartu behar da zer pentsamendu motek sortzen dituzten beldur horiek, zer duten egiatik...». Era berean, pentsamendu positiboei erreparatu behar zaie, maskara kentzeak dituen onurak zerrendatu. «Guretzat oso inportantea da sozializazioa, bestea behar dugu geure burua eraiki ahal izateko eta aurrera egin ahal izateko. Eta dudarik gabe, maskara kentzeak harreman sozialak hobetzen ditu, oztopoa ezabatzen duelako».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Eguzki irratia ©Jaoba Manterola / Foku

Eguzki irratiak salatu du lege berriak ez diela lizentziarik bermatzen irrati komunitarioei

Urtzi Urkizu

Hala ere, Iruñeko Eguzki irrati libreak lizentzia eskaera egingo du. Irratiak uste du badaudela nahikoa arrazoi lege berriaz ez fidatzeko.

2020ko deialdian parte hartu zuen Oletzero bat. / ©Andrakatue

«Zarpail edo dotore, gizon edo emakume, sor ditzagun gure Olentzero propioak»

Jon Ordoñez Garmendia

Dantzan.eus atariak dei egin du etxean, eskolan, lantokian edo ikasgelan bakoitzak bere Olentzero egitera.

Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak. ©MATHIEU HARANBURU/ BELARRI

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

Ainize Madariaga

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...