Itsasoko ezkutuko lana

Emakumeek itsasoan egindako lanaren balioa aldarrikatzeko, Labayru fundazioak 'Geu be bagara itsasoa' liburua argitaratu du. Zenbait belaunalditako hogei emakumeren testigantzak bildu dituzte.

4. Lurrean. Lekeitioko saregileak, moila gainean sarea konpontzen. Lanean zeudela, seme-alabak bertan izaten zituzten. NIEVES MENDAZONA.
Amaia Jimenez Larrea.
Derio-Ondarroa
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Gizonezkoen mundua balitz bezala irudikatzen da batzuetan itsasoa: gizonezkoak arrantzara doaz, emakumeak lehorrean zain geratzen diren bitartean. Baina zeinek dio emakumeek ere euren funtzioa izan ez dutenik eta dutenik? Emakumeek egin duten eta egiten duten lana aitortzeko asmoz, Labayru fundazioak Geu be bagara itsasoa liburua argitaratu berri du.

Akaitze Kamiruaga izan da liburuaren egilea, eta, haren hitzetan, «aurkikuntza» bat izan da gai hori jorratzea. Labayru fundazioak, batez ere, Bizkaiko ondarea berreskuratzeko egiten du lan. Duela pare bat urte, baserrietatik Bilboko Erriberako merkatura euren produktuak saltzera eramaten zituzten emakumeen inguruko lan bat egin zuten. Bendejerak deitzen zitzaien emakume haiei. «Emakume baserritarren inguruko lan bat egin dugu; zergatik ez dugu beste proiektu bat egiten itsasoan lan egiten duten emakumeen inguruan?», hori pentsatu zuten Kamiruagak eta haren taldeak, eta proiektu honi ekin zioten.

Urtebeteko lanaren emaitza izan dira proiektua azaltzen duen liburua eta Labayruren Youtubeko kanalean dauden hamabi bideo osagarriak. Lan oso polita izan dela aipatu du egileak, eta grabaketekin disfrutatu zuela gehien: «Askotan, ez zegoen galderarik egin beharrik ere; azkenean, berbak berba dakar, eta ordubete segituan igarotzen zen», kontatu du.

Hiru belaunaldiren testigantzak bildu dira: erretiroa hartutako emakumeak, oraindik lanean ari direnak, eta sektorean lanean hasi berri direnak. Kamiruagak ezaugarri komun bat ikusi zuen elkarrizketatuengan: «Denek maite dute euren lana. Lan gogorra den arren, eta batzuek erretiroa hartu duten arren, izugarrizko harrotasunez hitz egiten dute».

Distira begietan

Guruzne Badiolak eta Isaura Piñeirok hainbat urtez egin dute lan itsasoaren munduan: saregilea izan da lehena, eta paketatzailea bigarrena, Ondarroan biak. Euren lana maite dutela nabari zaie, urte hauetan guztietan izan dituzten anekdotak kontatzean begietan distira pizten baitzaie. «Nahiz eta erretiroa hartuta egon, saregilea izango naiz bizitza guztian», esan du Badiolak.

Bere familia guztia itsasoari lotuta bizi zen, aitak itsasontzia baitzuen. Anaia itsasora joan zen aitarekin lanera, eta Badiola saregile lanetan hasi zen amarekin. Aitak erretiroa hartzean, anaiak itsasoa utzi zuen, eta Badiolak saregile jarraitu zuen, mundu hori gustuko baitzuen. 51urte egin zituen saregile, duela hiru urte erretiroa hartu zuen arte.

Piñeirori ez zitzaion ikastea gustatzen, eta segituan jarri zuen amak lanean, 14 urte zituela. Paketatzaile gisa hasi zen, hau da, itsasontziak iristean arraina deskargatzen eta sailkatzen, saltzeko prest egon zitezen. «Zenbat negar egin nuen lehen deskargaren ondoren! Bederatzi ordu egon nintzen lanean, eta amari esan nion ez nintzela berriro joango. Eta begira!», oroitu du.

Eurak lanean hasi zirenean herriaren %90 itsasotik bizi zela kontatu dute ondarroarrek. «Eguneko hogeita lau orduetan, herria itsasora begira bizi zen», esan dute. Badiolak baxurako arrantzarako itsasontzien sareak konpontzen egiten zuen lan. Itsasontziak lehorreratu orduko, erlojuari begira egiten zituzten konponketak, itsasontzia berriro ahalik eta azkarren atera zedin. «Itsasontzia joaten ikusten genuenean, hurrengo egunerako lanerako arropak prest izaten genituen, bagenekielako turruna [sirena hotsa] entzungo genuela», esan du saregileak.

Lanordu luzeak

Paketatzaileen lana gauez hasten da. Itsasontzia iritsi bezain laster, arraina pisuaren arabera sailkatzen aritzen zen Piñeiro. Urteetako praktikari esker, Piñeirok eta haren kideek pieza hartu bezain laster jakiten zuten zenbat pisatzen zuen. «Itsasontzia iritsi, eta denak 05:00ak baino lehen egon behar zuen prest, erosleak etortzen zirenerako», azaldu du.

Lanordu luzeak izaten zituzten, itsasontziak portura iristen zirenetik. Piñeirok aitortu du gaztea zela ez zitzaiola batere axola lanean ordu asko egiteak. Ezkondu eta haurrak izatean, ordea, gauzak apur bat aldatu ziren: «Beheko bizilagunak asko lagundu zidan. Lan egitekodeitzen nindutenean, bera geratzen zen haurrekin, eta goizean eskolara joateko prestatzen zituen».

Badiola lehorreko gizon batekin ezkondu zen, eta hark hasieran ez zuen ulertzen emaztearen ofizioa. «Nik garbi azaldu nion nire lana nire bizitza zela, eta lana eginda biziko nintzela, ez senarraren kontura», azaldu du saregileak. Senarrak ulertu egin zuen erabakia.

Bai Piñeirok eta bai Badiolak, lan desberdinak izan arren, aitortu dute itsasoarekin lotutako lanak benetan gogorrak direla, bai gizonenak, baita emakumeenak ere. Badiolaren kasuan, kanpoan konpontzen zituzten sareak, euria, beroa edo dena delako eguraldia egin. Piñeirok izotz eta hezetasun artean igarotzen zituen lanorduak. «Hala ere, orain ahal banu, lanera jaitsiko nintzateke dudarik gabe», aitortu du paketatzaileak.

Matriarkatua

Sarritan esan izan diete Ondarroako emakumeei euren garaian matriarkatua egon zela: «Matriarkatua egon da guk etxean geratu behar izan dugulako, eta lan egiteaz gain beste ardura batzuk gure gain hartu behar izan ditugulako», aldarrikatu du Piñeirok. Paketatzaileak oroitu du berak gobernatu behar izaten zuela etxeko dirua, beste etxe askotan bezala, gizonezkoek arrantzara joan eta beste ardurarik hartzen ez zutelako. Badiolak zera gehitu du: «Izugarrizko lana egin dugu, bai fisikoa eta baita psikologikoa ere». Biek esan dute beharragatik lortu zutela gaitasuna lanean zirela zituzten ardura guztiak kudeatzeko: ez zutelako beste aukerarik, alegia.

Gaur egun, ordea, erreleborik gabe geratzen ari diren lanak dira itsasoarekin lotutakoak. Ondarroarrek kontatu dute Bizkaian asko galdu direla halako lanak, txalupa askoz gutxiago baitaude azken urteetan. Esan dute Orion eta Getarian (Gipuzkoa) saregile gutxi batzuk geratzen direla. Soldatak ere badu zerikusia, Piñeiroren ustez: «Lan hauek ez dute soldata finkorik, eta normala da jendeak lan hauek egiteko gogorik ez izatea. Azken finean, ez dakizu zure gastuei aurre egiteko gai izango zaren».

«Ohorea» izan da Ondarroako bi emakume hauentzat Labayru fundazioaren proiektuan parte hartzea. Kontatu dute jendea hedabideetatik deika eta deika dabilela orain, eta hori omen da seinalerik onena. «Jendeak ezagutu egin behar du gure lana; askotan, herriko gazteek ere ez dakite-eta zer egiten genuen», esan du Piñeirok.

Hori da orain Labayruren helburua: proiektua ezagutaraztea. Bizkaiko kostako herrietan eman nahi dute ezagutzera, herritarrek euren herrietako historia apur bat gehiago ezagutu dezaten. Bestalde, Kamiruagaren hitzetan, azpidatziak jarriko dituzte Youtubeko bideoetan; bai euskara batuan (bizkaieraz daude orain), eta baita gaztelaniaz ere.

«Ez dugu ahaztu behar gizonezkoak itsasora joan ahal izateko emakumezkoen laguntza beharrezkoa dela eta izan dela; atzeko lan isil hori gabe ezin direla arrantzatzera joan», gehitu du liburuaren egileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.