Joxe Manuel Odriozolaren artikuluaren hausnarketa

2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Kaixo, Joxe Manuel. Ekainaren 24ko Giza eskubideak eta nazio eskubideak zure artikulua irakurri dut, eta hausnarketa batzuk helarazi nahi dizkizut, Euskal Herrian hain beharrezko dugun elkarren arteko eztabaidarako, baita zuretzat eta niretzat ere, aberasgarriak izango direlakoan. Funtsean, lau gai bereizi ditut artikuluan, elkarren arteko lotura handia duten arren, eta haietako bakoitzari buruzko nire iritzia emango dizut.

Lehenik eta behin, pertsonak ez ezik, herriak eta nazioak ere hiltzen dituztela. Guztiz bat nator zurekin, oso ondo planteatzen duzu gaia eta puntu honetan ez nuke gauza handirik erantsiko. Bakarrik zehaztasun bat egingo dizut euskalduntasun etnokulturalaren puntuan. Zurekin gai honetaz izandako elkarrizketetan argi ikusi dudanez —oso ondo azaldu didazu gaia eta, ni baikorragoa naizen arren, azken finean arrazoia duzula ikusten dut—, euskalduntasun etnokulturalaren gaiak ez gaitu oso urrun eramango, hegemonia osoa gaztelaniak, Hegoaldean, eta frantsesak, Iparraldean, baitute; hala eta guztiz ere, arnasguneak indartzeko gehiago egin beharko genukeela uste dut, nazio kontzientzia handia duten herri txiki euskaldun horietan batez ere. Bai, badakit askotan ahozko euskara erabiltzera, eta ez da gutxi, mugatzen dela pertsona batzuen euskalduntasuna, baina, hala ere, euskalduntasuna bizitzeko beste era batzuk bultzatu beharko lirateke herri horietan: BERRIA irakurtzeko kanpainak egin gazte eta alfabetatuta daudenen artean, euskal kultura lantzeko ekitaldiak (kantaldiak, hitzaldiak, mahai inguruak... ) antolatzea. Herri horietako euskaldun kontzientziatuek, eta ideologikokiez dira gutxi, eta instituzioek hartu beharko lukete, ahal duten neurrian, lan horien ardura. Horrela, nahiz eta euskara botere politikorik duen hizkuntza hegemonikoa ez izan, arnasgune horiek euskararen eta nazio kontzientziaren aldeko aldarriak izan litezke.

Bigarrenik, euskaldunok ez daukagula autonomia eta gaitasun ideologikorik ETAren iraganaz kontakizun taxuzko bat egiteko diozu, ez daukagula autoritate moral eta politikorik, heteronomiaren mendeko eta mirabe garela. Puntu hori ez dut hain garbi ikusten eta azalduko dizut: bai, egia da, ikaragarria da Espainiatik eta biolentziari buruzko diskurtso hegemonikotik datorkigun presioa, egunero entzuten ditugu diskurtso horren aldeko aldarriak eta, inkontzienteki bada ere, gure burmuinean sartzen zaizkigu; hala ere, oroitu zaitez gauza batez: diktaduraren garaian, frankismoaren aparatu polizial, propagandazko eta errepresibo guztia indarrean genuela, egoera gogor horietan, agian salbuespenezko egoera izan zelako, euskaldunok izan ginen geure errealitatea behar bezala interpretatu eta ulertzeko gai. Egoera zail eta gogor horietan bereizketak eta azpibereizketak egiten jakin genuen euskaldunok, lerroen artean irakurtzen bagenekien eta arazo handirik gabe gertatzen zena interpretatzen genuen. Hitz batean, garai zail haietan gai izan ginela geure kontakizuna geuk egiteko, dena kontra genuenean. Zer gertatzen da orain zailtasun horiek izateko? Bada, gauzak agian ez direla hain errazak eta, lehen esan dizudan legez, estatutik datorkigun diskurtso hegemonikoaren etengabeko bonbardaketa ideologikoak gure gaitasun ideologikoa kentzen digula diozunean, erabateko arrazoia duzun arren, agian beste zailtasun batzuk ere daudelageure historia hurbilaren kontakizuna idazteko orduan: une batetik aurrera, euskaldunok ez genuen berdin interpretatu geure herrian gertatzen ari zena eta bat baino gehiago borroka egiteko era batzuen kontra jarri ginen. Hori, agian, beste zailtasun bat izan daiteke, zalantzak sortzen baitizkigu geure historia nola interpretatu behar dugun hausnartzeko orduan.

Hirugarrenik, bortxa politikoaren gaia planteatzen duzu eta puntu honetan zurekin, oro har, bat natorrela uste dut. Bi bortxa daude, zuk ondo diozunez: barrenak inarrosten dizkigun hori eta estrukturalagoa den beste oinarrizko bortxa. Dena den, eta zeuk ere ondo azaltzen duzunez, batek ez du bestearen laztasun ikaragarria zuritzen eta, horregatik, agian kuestionatu beharko litzateke Euskal Herriko giro iraultzaileetan egon den borroka armatuarekiko mirespen ikaragarri hori, oraindik ezker abertzaleko pertsona askoren artean bizirik jarraitzen duena. Bestela, oso gogor egingo zaigu bakearen aldeko bidean urratsak ematea. Dena den, berriro esaten dizut, bi indarkeriak planteatzen dituzun puntu honetan bat nator zurekin.

Laugarrenik, biktimen gaia. Gai labainkor eta korapilatsua, benetan, eta pentsatzen dudana argi adierazten saiatuko naiz. Biktimen eta sufrimenduaren gai korapilatsu honetan gauzak hain errazak ez direla diozu eta, printzipioz, bat nator zurekin. Hainbat eta hainbat urtetan neuk ere ez nituen gai labainkor hauetan ideiak hain argi izan, eta egoera mingarriak zeuden arren, beste begi batzuekin interpretatu nuenEuskal Herrian gertatzen ari zena. Zer gertatu zitzaidan gero? —eta badakit hemen oso planteamendu pertsonala egiten dudala, gauzak ez baitira, agian, hain errazak—. Bada, une batetik aurrera hainbat eta hainbat errealitate zentzugabekeriak zirela iruditu zitzaidan eta, horregatik, erabateko arbuioa azaldu nuen errealitate horien kontra. Adibide gisa, izen batzuk etortzen zaizkit burura: Yoyes, Miguel Angel Blanco, Joxe Mari Korta, Inazio Uria, Isaias Carrasco...Hilketa horiek ez ziren, niretzat, maila pertsonalean oinazea ekarri zuten ekintza askatzaileak izan, zentzugabeko ekintza odoltsu eta krudelak baizik, borroka askatzaile batean inolako sentidurik ez zutenak. Bai, artikuluaren puntu honetan ondo adierazten duzu zapalduen biolentziak eragindako mila zapaltzaileenak eragindakoa bezain latza eta jasanezina dela,indarkeria mota guztiak jasan dituzten pertsonen sufrimendua errekonozitzen duzu... baina, esan dizudanez, ñabardura bat egingo nizuke: zapalduen aldekoa omen zen azken urteetako indarkerian, ez dut elementu askatzaile hori inon ikusi.

Beno, Joxe Manuel. Hausnarketa gehiegi agian, ez al da horrela? Dena den, zure artikuluek aberasten nautela esan nahi dizut, pentsatzeko eta hausnarketa egiteko aukera ematen didatelako. Gogoeta hauek aberasgarri izango dituzulakoan/ditugulakoan, har ezazu nire agurrik beroena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.