ADINEAN GORA, LANAK BEHERA

Krisiarekin batera langabeziak goia jo bazuen ere, lan merkatua suspertzen ari da pixkanaka. Hala ere, 45 urte baino gehiago dituzten langabeek gero eta pisu handiagoa dute langabe guztien artean. Hau da, lana topatzea gehiago kostatzen ari zaie. Adituek adinagatiko diskriminazioari buruz hitz egin dute.

ADINEAN GORA, LANAK BEHERA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hiru hilabetean behin jakin ohi dira aurreko hiru hilabeteetako langabezia datuak, biztanleria aktiboaren inkestari dagozkionak. Albistegi gehienetan zenbaki osoak nabarmentzen dituzte, eta osteko analisietan lan merkatuko gorabeherak aztertzen dituzte adituek. Sindikatuen balorazioetan prekaritatearen bilakaera kritikatu ohi da, eta arduradun publikoek, berriz, langabeziaren gorakadaren ala beherakadaren araberako aldartea erakutsi ohi dute. Hau da, egun horretan INE Espainiako estatistika erakundeak argitaratzen dituen zenbakiek agenda informatiboa markatzen dute. Baina bada gutxitan hedabideetan agertzen den aipamen bat: langabeen artean gero eta gehiagok dituzte 45 urte baino gehiago.

Zenbakiek errealitate hori erakusten dute. INEren arabera, bigarren seihilekoan %37,9 ziren adin hori baino zaharragoak zirenak Hego Euskal Herrian; 2009an, berriz, %22,7 ziren. Hau da, hamarkada batean langabe helduen kopurua hamabost puntu handitu da.

Hein berean egin dute behera 16-24 urteko gazteen eta 25-44 artekoen pisuak langabe guztien artean. %20,9tik %15,3ra gazteenen kasuan, eta %56,3tik %46,8ra hurrengo adin tartean. 45 urte baino gehiago dituzten langabeak ez dira gehiengo, baina goranzko bilakaera argia da. Joera hori are nabarmenagoa da Eustaten eta Nafarroako Estatistika Institutuaren zenbakiak kontuan hartzen badira: 45 urtetik gorako langabeak %25,6 ziren 2009an, eta %45,9 iaz.

Beste hitz batzuetan esanda, zenbaki guztiek diote Hego Euskal Herriko langabeak gero eta zaharragoak direla. «Langabeziak behera egin du kolektibo guztietan, baina 45 urte baino gehiago dituztenak ez dira izaten ari jarduera ekonomikoaren suspertzearen onuradunak». Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedradunaren arabera, kolektibo horrek ez du lortu krisian galdutako lana berreskuratzea. Eta hori horrela izan baldin bada, bi zailtasun zerrendatu ditu. Batetik, batez besteko hezkuntza maila txikia dago, langabe horiek «askotan ez baitira gaitasun berrietara egokitu». Bestetik, beharginak kontratatzerakoan dagoen adin diskriminazioa.

«Adinaren bereizkeriaren inguruan isiltasun arraro bat dago; gero eta gehiago gara lanik gabe gauden helduak, eta giza baliabideetako enpresa handietan ez dute 45 urtetik gorako inor kontratatzen». Langabezian geratu den kolektibo horren ahotsa biltzea asmo duen +45 Activos elkartea sortzeko lanetan dabil Antonio de la Calle. Langabezian dago, eta gaur-gaurkoz, lana bilatzeko LinkedIn sare sozialean daukate taldea. Hala ere, hortik salto egin eta Hego Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako langabe helduen errealitate hori azaleratzeko lan egiteko asmoa daukate. «Gure lehen lana hori izango da: bizi dugun egoeraren berri ematea lau haizeetara».

Kolektibo horrek zailtasun handiak baititu lana topatzeko, dioenez. Baieztapen hori egiteko, Adecco fundazioak joan den urtean argitaratu zuen txostena aipatu du: 2018an Espainiako giza baliabideetako zuzendarien %70ek ez zuten 55 urtetik gorako inor kontratatzea pentsatu ere egin. «AEBetan badaukate lege bat, zeinak adin bazterkeria hori debekatzen duen, baina hemen ez dago halako ezer; hain da ohikoa diskriminazio hori egitea, ezen lan elkarrizketetan argi eta garbi esaten dizuten zaharregia zarela postu horretarako». Bazterkeria horrek eragiten du, haren esanetan, langabe heldu gehiago egotea.

De la Ricaren arabera, enplegua suntsitu ondoren azaldu da adinaren bazterkeria gehien, eta, haren eraginez, kolektibo horren langabezia kroniko bihurtzen ari da.

Bere esperientzia propioa oinarritzat hartuta hitz egin du De la Callek, baina argi dauka adinaren diskriminazioarena orokortua dagoela. «Enpresari askok daukaten beste uste baten arabera, lan kostu handiagoak eragiten dizkiogu enpresari». Langile beteranoenak kaleratu ostean gazteagoak kontratatzea ohikoa dela dio, eta hori arrazoi ekonomikoen logikatik ulertu behar dela. «Baina egia da ere gure adineko langileek duten esperientziarik ez daukatela gazteagoek; eta hori agerian geratzen da laneko edozein arazori aurre egiteko garaian».

Horregatik uste du ez daukala zentzurik esperientzia duten langileak kaleratzeak. Areago, bide horretatik estigmak sortzen direla salatu du: «Gizartean oso zabaldua dagoen ustea bada, adin jakin batekin langabezian geratuz gero berriz ere lan merkatuan sartzea oso zaila dela». Datuek estigma hori berresten dute. Horregatik, adineko beharginen eta langabeen inguruan dagoen ikuspegia aldatzeko eskatu du. Areago, gogora ekarri du gaur egun 50 urte dituen pertsona bat ez dela duela 30 urteko adin bereko bat bezala, eguneratuagoak daudela.

Duela sei urteko plana

«Adineko pertsonen lanpostuei eusteko lan egin behar da, beharginek sentitu behar dute babestuta daudela; baina horrekin batera, enpresetan ere lan egin behar da, gaur egun daukaten ikuspegi hori aldatu egin behar baita». De la Callek ez du zalantzarik zein ildotik egin beharko litzatekeen lan,orain arte erakunde eta enpresariek pausorik ez baitute eman.

Hala ere, deigarria da 2013an Innobasquek arazo horri aurre egiteko gida bat argitaratu izana. Gotzon Bernaola berrikuntza agentziako eremu sozialean aritzen da lanean, eta Euskadiko erakundeetako adinaren kudeaketa txostenaren arduraduna izan zen. «Momentu horretan ikusi genuen adinaren arazoa enpresetan landu beharreko zerbait izango zela etorkizunean, baina errealitate hori dagoeneko hemen dago». Gidaren aurkezpen soziala egin zen arren, ondoren ez zuen bide luzerik izan.

Errealitate demografikoa aldatzen ari den heinean, gainera, lan eremuan adinagatik bazterkeriarik egotea zentzugabea dela dio Bernaolak. Gizartearen zahartzea arrisku moduan ikusi beharrean, erronka gisa ikusi behar dela nabarmendu du. «Gida egiten hasi ginenean, enpresek euren egitura piramidala zein zen aztertu zezatela nahi genuen». Era horretan, enpresek ikus zezaten diskriminazio hori, zeharka bazen ere, eduki bazutela. «45 urtetik gorako pertsonen inguruan mito eta aurreiritzi asko daude».

Hori dela eta, Innobasqueko kideak azaldu du gida hori oraindik baliagarria dela enpresek adineko pertsonen gaitasunak kudeatu ditzaten. De la Callek gida berreskuratzeko beharra nabarmendu du, eta De la Ricak ere antzera dio: «Iruditzen zait gaur egun kezka badagoela, baina oraindik ez da ezer egin; eta berandu baino lehen neurriak hartu behar dira». Errealitatea ezagutarazten hastea litzateke lehen erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.