Golak eta sosegua

Kiana Palacios Mexikoko aurrelariak lehen sasoia du Realean. Pixkanaka, Gonzalo Arkonadaren konfiantza lortu du, eta une honetan gozatzen ari da, bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere.

ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Lau urte zituela, argi esan zien gurasoeiKiana Palacios Realeko jokalariak (Orange, AEB, 1996): «Nik futbolari izan nahi dut». Handik gutxira, aitonak bota batzuk eta baloi bat oparitu zizkion. Izaera saiatua eta lasaia lagun, goi mailara iritsi zen, eta jokalari «osoagoa» izateko asmoz etorri zen Realera, aurreko sasoian. «Oso gustura eta eroso» dago bai taldean, baita Donostian ere. Horren seinale, beste urtebeterako luzatu du kontratua talde txuri-urdinarekin. «Ikasten jarraitu nahi dut, hemendik denboraldi batzuetara AEBetako lehen mailan jokatzeko. Amets hori dut».

Profesional izateko lehen urratsa Kaliforniako Unibertsitateko Irvine taldean egin zuen.«Erronka handia zen, ikasketetan emaitza onak lortu behar zenituelako, eta zelaian ere maila ona eman behar zenuelako». Baina onartu du ikasketak eta futbola uztartzea errazagoa zela hemen baino. «Zelaia unibertsitate alboan zegoen, adibidez, eta hori laguntza handia zen. Gainera, ikasketa plana egokitzen ziguten futbolarekin uztartzeko».

Unibertsitatean zuen entrenatzailea Los Angeles Galaxyren emakumeen taldera joan zen, eta Palacios fitxatu zuen. «Oso ederra izan zen han jokatzea». Aurreko sasoian, AEBetako Lehen Mailako Sky Blue taldea bera fitxatzear egon zen, baina Realaren eskaintza jaso zuenean ez zuen bitan pentsatu: «Nire jokoa hobetzeko aukera paregabe baten gisan ikusi nuen hona etortzea». Izan ere, nabarmendu du hango eta hemengo jokoa «oso desberdina» dela. «Hangoa zuzenagoa eta bizkorragoa da. Hemen, jokaldiak gehiago lantzen dira. Teknika indarra baino garrantzitsuagoa da, eta oso gustuko dut». Etorri zenean baino «jokalari hobea» dela uste du. «Hobeto mugitzen ikasi dut. Horretan asko lagundu dit Nahikariren moduko jokalari baten alboan jokatzeak. Izugarria da zein abila den aurkariaren defentsan zuloak topatzen. Ondo moldatzen gara elkarrekin jokatzen, nik gehiago ditudalako indarra eta patxada».

Hasiera, dena den, ez zen erraza izan. Talde eta hiri berri batera egokitu behar izateaz gain, sasoi-aurrea hasi baino egun batzuk lehenago eskumuturra apurtu zuen, eta, hori dela eta, ezin izan zuen taldekideen erritmoan egin prestakuntza. Ondoren, gainera, Ligako lehen etenean Mexikoko selekzioarekin joan zen. «Taldean sartzea eta lehen gola sartzea kostatu egin zitzaidan. Aurrelari batentzat, zama da hori».

Baina, zelaian erakutsi ohi duenpazientziari eta patxadari eutsi, eta Gonzalo Arkonada entrenatzailearen konfiantza lortuzjoan zen. Bigarren jardunaldian egin zuen debuta, Malagaren aurkako partidan. Ordutik hamabost partidatan irten da hasierako hamaikakoan, eta zazpi gol sartu ditu: lau Ligan, eta hiru Espainiako Kopan. «Denboraldi polita egiten ari naiz, baina gehiago lagundu nahiko nioke taldeari azken txanpa honetan». Ez dio beldurrik bere buruari erronkak jartzeari: «Beste lauzpabost gol sartu nahiko nituzke sasoia amaitu aurretik. Lehen denboraldian 11-12 gol sartzea marka polita da».

Taldearen denboraldiari dagokionez, «oso ona» izaten ari dela uste du. «Taldeko jokoan dago gure indarra. Denboraldia aurrera joan ahala, konfiantza hartuz joan gara, eta gero eta hobeto lehiatu gara». Liga amaitu bitarte konfiantza eta izaera lehiakor horri eustea dute erronka. «Partida hauetan ondo jokatu nahi dugu, Kopako finalerako sasoi betean iristeko». Argi du zer duten hobetzeko. «Maldan gora jarri zaizkigun hainbat partidatan minutu batzuetan arreta galdu dugu. Hori ezin zaigu gertatu».

Mexiko, «familiarengatik»

Igandean dute hori erakusteko beste aukera bat, Espanyolen aurkako ligako partidan. «Bolada onean gaude, baina Espanyol talde deserosoa da; atzean oso ondo ixten da. Haiek, gainera, sentipen onekin egongo dira, igandean Athleticen zelaian irabazi ostean».

Oraindik ligako bost partida falta zaizkien arren, saihetsezina da maiatzaren 11n pentsatzea, egun horretan bere lehen Espainiako Kopako finala jokatuko baitu talde txuri-urdinak. Finalari «ilusioz» begiratzen dio Palaciosek, eta irribarre txikia irteten zaio hura aipatzean. Berehala aztertu du lehia: «Atletico Madrilek maila handiko jokalariak ditu, eta oso talde indartsua da. Bainaguk gure estiloari eutsi behar diogu. Hala egitea lortzen badugu, gure aukerak izango ditugu, eta, galdu edo irabazi, harro amaituko dugu».Finala izateagatik ez ezik, beste arrazoi batengatikere izango da berezia partida Palaciosentzat. «Familia etorriko da Mexikotik eta AEBetatik partida ikustera».

Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetan jaio arren, haren gurasoen familia guztia Mexikon dago. «Nahi baino gutxiago izan arren, ahal dudan guztietan joaten naiz bisitan». Gainera, Mexikoko selekzioarekin jokatzen du. «Gurasoen eta aitona-amonen omenez egiten dut». Penatuta dago Mexiko selekzioa ez delako sailkatu datorren udako Munduko Koparako: «Telebistaz ikustearekin konformatu beharko dugu».

Hortik harago, zelaitik kanpo ere gustura dago Palacios: «Sarak [Olaizola] batez ere asko lagundu zidan egokitzen. Bera da ingelesez hoberen moldatzen dena taldean. Gurasoak Mexikon jaio arren, nik bizi osoa AEBetan egin nuen, eta ez dakit gazteleraz. Taldekide askok ingelesez egiten didate, praktikatzeko».

Donostian bizitzera erraz moldatu da.«Izugarri gustatzen zait. Oso hondartza eta itsaso zalea naiz, eta, goizetan, gimnasiora joan aurretik, hara joatean naiz, ibilaldi txiki bat egitera. Indarra ematen dit. Pena Kalifornian baino euri gehiago egiten duela. Bestela, leku lasaiak ditut gustuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.