Arrauna. KAE 1 liga

'Esperantza'-n itxaropena

Izaro Lestayo patroiak Getariako trainerua gobernatu zuen aurreko larunbatean Baionan. Uste du akuilu izan daitekeela. «Orain, agian, beste taldeetan ere ikusiko ditugu emakumezkoak patroi lanetan».
Izaro Lestayo, Getariako trainerua eramaten, larunbatean, Baionan.
Izaro Lestayo, Getariako trainerua eramaten, larunbatean, Baionan. LUIS AZPEITIA

Aitor Manterola -

2019ko uztailak 4
Azkar zabaldu zuen albistea Getariako Arraun Elkarteak aurreko larunbatean, sare sozialetan: «Gaur, lehenengo aldiz KAE1 ligan, emakume bat uretaratu da traineru bateko patroi postuan: Izaro Lestayo izan da, Esperantza-ko patroia. Harro gaude urrats handi hau egiten lehenak izan garelako, eta harro gaude Izarok egin duen estropada egin duelako». Hedatu ere ziztuan hedatu zen albistea, eta Espainiako telebista kate bat atzo Getariara (Gipuzkoa) azaltzekoa zen, taldearen entrenamenduaz baliatuz, patroiarekin egon eta albisteari are eta zabalkunde handiagoa emateko.

Lestayo (Getaria, Gipuzkoa, 1997) Baionan Esperantza-ko txopan ikusi zutenek harridura azaldu zuten, eta estropadari begira ari zen batek honela oihukatu zuen: «Neska bat, neska bat patroi!». Ez da ohikoa traineruetan horrelakoak ikustea, eta bakanetako bat, edo bakana aurreko larunbatera arte, Iratxe Ortiz de Pinedoren kasua izan zen, Lutxanan, KAE 2 ligan. Ontzi txikietan, berriz, ibiltzen dira emakumezkoak gizonezkoen taldeetan.

«Sekulakoa sortu dugula uste dut, eta entrenatzaileak ere [Jon Larrañaga] antzera hitz egin dit», dio Lestayok. Getariarrek, baina, ez zuten kirol ikuspegitik harantz begiratu larunbatekoa egin zutenean. Hala onartu du patroiak: «Berdintasunerako urrats bat izan zitekeela eta antzekoak ez genituen buruan izan». Horrek ez du esan nahi, ordea, urrats gehiago ez dituenik sortuko beste talde batzuetan. «Gerta liteke orain beste talde batzuk ere animatzea eta emakumezkoak patroi lanetan jartzea. Baina hori denborak esango du».

Lestayok gozatu egin zuen Errobi ibaian gora eta behera, eta denboraldiko estropadarik onena egin zuten getariarrek: bosgarren. Taldekideen babesa nabarmendu du patroiak: «Asko lagundu zidaten, baina tamainan, haiek ere gauza normaltzat hartu zutelako. Emakumea izateagatik ez zidaten animo gehiago eman. Esango nuke berdin zaiela hauei patroi lanetan gizonezkoa edo emakumezkoa joan, ez diote aparteko garrantzirik ematen».

Ohitzeko astia izan dute prestaketa garaian, halakorik behar bazuten behintzat, aspalditik ari baita Lestayo taldean: «Entrenatzaileak deitu zidan, bigarren patroi bat behar zuela esanez. Ez zirela kanpoan bila hasiko etxean bat edukita, eta animatzeko eskatu zidan. Garbi esan zidan egoera hau normaltasunez eramango genuela, emakumezkoa izateak izan zezakeen eraginagatik». Hasieran, entrenamenduetan laguntzeko zen eskaintza: «Hala esan zidan entrenatzaileak, eta ni pozik. Azkenean, nire herriko taldea da Getaria, arraunlari batzuk kuadrillakoak ditut, gure entrenatzaile izandakoa ere bada, eta nola esan, bada, ezetz».

Entrenatzen hasi, elkar ondo hartu taldekideak, entrenatzaileak eta Lestayok, eta hara non, entrenatzaileak patroiari egun batean: «Estropadaren bat ere egin beharko duzu, ezta?». Bai azkar egin ere, laugarren jardunaldian: «Esan zidanean Baionan ni jarriko ninduela, baiezkoa eman nion segituan, baina etxera joan nintzenean, pentsatzen hasi, eta kezka sortzen hasi zitzaidan». Jokatu zuen estropada hori, eta ez omen da azkena izango: «Itsasoan ere atera beharko dudala esan dit Jonek [entrenatzaileak], eta, hemendik aste eta erdira Donostian ariko garenez, bota dit enbidoa: 'Zergatik ez Donostian?'». Baionakoarekin baino zalantza gutxiago egingo du, ziurrenik.

Eskarmentua dauka

Getariak bi patroi dauzka, entrenatzen laguntzera zihoanak debuta egin eta gero. Lehia sortuko zen, agian, Lestayo eta Unax Eizagirre gaztearen artean, baina ezezkoan da emakumezkoa: «Lehiarik batere ez. Oso ondo iruditu zaio Unaxi nik larunbatean jokatu izana, eta sekulako animo pila eman zidan. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Oso harreman ona daukagu, eta elkarri asko laguntzen ari gara».

Lestayok badaki zer den patroi lanak banatzea, ez baita heldu berria. KAE 1 ligako zerrenda begiratu, haren ibilbidean begia jarri, eta 2012koa du aurreneko fitxa, 15 urte zituenekoa. «Herriko traineruan ibili nintzen, eta desegin zenean, gero San Juan aldera jo nuen. Bi urte egin ditut han, azken biak». Irabazi beharreko dena irabazi ondoren, bi urtean estropada askotan lehorrean geratu arren, herrira itzuli da, eta, asko uste ez zuenean, begi asko begira jarri zaizkio. Ez arraun mundukoak eta lehiarekin lotura izateagatik bakarrik: gizarte mailakoak ere bai. Emakumezkoa gizonezkoen patroi. Arrauna oso kirol tradiziozalea izanik, pentsaezina zen hau duela urte gutxi, baina heldu da hau ere, eta beste urrats bat da. Baliteke eguneroko zerbait bihurtzea, eta, hala balitz, gustura legoke Lestayo: «Guk klubean berezko zerbait bezala hartu dugu, pisu eta esanahi berezia baduen arren. Espero dut laster nirea bezalako kasuak erabat normalak izatea».