STURM GRAZ 0 REALA 1

Berdinketak on egin ditu

Realak irabazi egin du Sturm Grazen aurkako partida: 0-1 gailendu da. Isakek sartu du lehiako gol bakarra, bigarren zatian

Isak gola ospatzen, atzo, Sturm Grazen aurkako neurketan. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Isak (68. min).

Neurketa garrantzitsua zuen atzo Realak Europa ligan. Lehen bi jardunaldietan berdinketa erdietsita, puntuen premia zuen talde txuri-urdinak. Ez zen hil ala biziko neurketa, baina komeni zitzaion hirunaka batzen hastea. Gainera, ustez, multzoko aurkaririk ahulena zuen parean: Sturm Graz Austriako taldea. Bada, ez zuen kale egin. Irabazi egin zuen Imanol Alguacilek zuzendutako taldeak, eta olatua hartu zuen txapelketan aurrera egiteko asmotan. 0-1 gailendu zen, bigarren zatian Isakek sartutako gol bati esker.

Lehen minutuetan estutzen hasi zen Reala. Presio altua eginez, erasokor eta bizi. Isakek izan zuen aurreneko aukera garbia, bederatzigarren minutuan, baina atezainak ondo urrundu zuen. Ez zen kikildu Austriako taldea, eta intentsitate handiz aritu zen. Partida nahasia zihoan, gorabehera askorekin. Irekita zegoen lehia, eta Realak ez zuen jokoaren kontrola hartzen. Teorian faborito ziren txuri-urdinak, baina ez zeuden eroso berdegunean. Imanolen jokalariei kostatzen ari zitzaien zelai erdiaren jabe izatea, eta jokoari abiadura sartzen ari zen Sturm Graz ere. Ausart aritu zen etxeko taldea.

Neurketak erritmo handia zuen. Mikel Merino eta David Silva bezalako jokalarien parte hartze handiagoa behar zuten donostiarrek, arnasa hartzea. Hain zuzen, Silvaren presentzia izan zen ezusteko nagusia hamaikakoan; lesiotik osatuta, hasieratik aritu zen kanariarra.

Sentipenak ez ziren guztiz onak izan aurreneko zatian. Gainera, min hartu zuen Martin Zubimendik, eta halabeharrez aldaketa egin behar izan zuen Imanolek, hogeigarren minutua bete aurretik. Ander Gebara sartu zen haren ordez.

On egin zion atsedenaldiak Realari, eta partidaren gidoia aldatu zen. Ondo zelairatu zen Reala, eta bigarren zatia hasi eta berehala zutoinera bota zuen baloia Merinok. Eman zuen abisua Realak. Jokaldiak lantzeari ekin zion, eta beste arrisku zantzu batekin iristen hasi zen. Gertuago zegoen txuri-urdinen gola, eta Isakek eman zuen kolpea, 68. minutuan. Aurrelariaren jaurtiketa ez zen oso indartsua izan, baina atezainak kale egin zuen, eta hanka tartetik pasatu zitzaion baloia; hiru puntu balio dituen oparia izan zen.

Markagailuari eutsi behar zion Realak, besterik ez. Eta lortu zuen, gehiegi sufritu gabe. Multzoko beste partidan, berriz, 1-2 irabazi zion Monakok PSV Eindhoveni. Hala, bigarren itzulian erabakiko da dena. Punturik gabe segitzen du Sturm Grazek, eta apenas du sailkatzeko aukerarik.

Bestalde, Espainiako Bigarren Mailan, Reala B-k 3-1 galdu zuen atzo Almerian (Espainia), eta sailkapeneko beheko postuetan dago. Eibarrek, berriz, gaur jokatuko du, Ipuruan, Cartagenaren kontra (21:00, Movistar La Liga). Eibartarrak bolada gozoan daude, eta jarraipena eman nahi diote horri: bederatzi jardunaldi daramatzate galdu gabe. Franchu Feulilasier aurrelaria ez da ariko, ezker belauneko atzeko lotailu gurutzatuta hautsi baitu; agur esan dio denboraldiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.