Nola min egin Gernikari

Herenegun, Cukurovak era guztietako trikimailuak erabili zituen Lointek Gernika Eurokopatik botatzeko. Bizkaitarrek asmoa dute gertaerei buruzko txosten bat osatzeko, baina esperantza handirik gabe. Azken taldekideak gaur dira etxera iristekoak.

Gernikakoak erasoan eta Cukurovakoak defentsan, herenegun. BERRIA.
Paulo Ostolaza - Mikel P. Ansa
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak bonbardatu egin zituzten herenegun Turkian, Cukurovaren aurkako partidan. Bizkaitarrei nola min eman aztarrika ibili ziren turkiarrak, bai eta lortu ere: baloiarekin jokatzen hasten ziren orduko jartzen zizkieten sirena hotsak estadioan, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketetan bezala, bai eta Turkiako ereserkia ere, ozen asko. Jokatzen hasi aurretik, Turkiako taldeak kantxa aldatu zuen, eta Lointek Gernikako jokalari bat kanpoan utzi zuten, turkiarrek eurek COVID-19a atzemateko testa eginda —negatibo eman du jokalari horrek beste test guztietan—. Paula Ginzo jokalariak honela laburtu du Turkian zer gertatu zaien, sare sozialetan idatzitako mezu batean: «Sekula ez dut bizi izan halako partidarik. A zer amorrua. Esateko moduko gauza txar asko bururatzen zaizkit, baina esperientzia bat gehiago da, eta horrekin geratuko naiz...».

Lointek Gernikako taldekide gehienak bart iritsi ziren Loiuko aireportura, eta Belen Arrojo jokalaria eta Mario Lopez entrenatzailea gaur dira iristekoak. «Oraingoz, gura duguna da etxera bueltatzea, eta denak ongi iristea», azaldu du Mikel Reina taldeko komunikazio arduradunak. Animoz «arraro» dago taldea; partida galdu zutelako, bai, baina baita partidaren inguruko guztiarengatik ere. Informazioa biltzen ari dira, eta txosten bat egiteko asmoa dute, baina «esperantza gutxigaz». Cukurova talde indartsu eta diruduna da, eta ez da seinale ona Eurokopak halako gauzak gerta daitezen uztea bera ere.

Eta Cukurovakoek ez dute agertu euren jokabideagatik lotsarik edo damurik batere. Herenegun gauean, partida bukatuta, Twitter sare sozialean mezu bat idatzi zuten, euskal jokalariei errespetu askorik gabe agur esateko: «Amets gozoa izan da, baina laburra». Mezuari bideo bat atxiki zioten: Gernikako jokalariak etxean lortutako garaipena ospatzen agertzen ziren hasieran, eta, segidan, iratzargailu batek jo ostean, Cukurovakoak azaltzen ziren, garaipena ospatzen. Jasotako tratuarekin jo eta harrituta, Lointek Gernika Bizkaikoek hitzik gabeko mezu batekin erantzun zieten: «...». Geroago idatzi zuten: «Klasea eta errespetua badituzu edo ez dituzu. Gabon».

Eurokopako final hamaseirenetako kanporaketa ondo bideratua zuten bizkaitarrek, etxean 24 punturen aldea lortuta. Turkiarrek Europako lehiatik kanpo gelditzeko arriskuan ikusten zuten euren burua, eta eskura zituzten tresna guztiak baliatu zituzten, baita kantxatik kanpokoak ere. Azkenean, 69 eta 40 irabazi zuen Cukurovak, eta Eurokopatik bota zuen Lointek Gernika. Eta jokalariek ez dute horri buruz gerrarik sortu nahi izan, baina testuinguruak erabat baldintzatu zuen azken emaitza.

Positibo bat, hiru negatibo

Partida hasi aurretik suma zitekeen zer gertatuko zen. Gernikak 15:30 aldera jakinarazi zuen Belen Arrojo jokalariak ez zuela neurketa jokatuko, Cukurovako arduradunek egindako test batean positibo eman zuelako COVID-19an. Baina egindako beste test guztietan negatibo eman zuen Gernikakoak.

Roso Buch Gernikako jokalariak Twitterren azaldu du nola gertatu ziren partidaren aurrekoak. Lehendik ere atzeratu egin zuten neurketa, bizkaitarren artean izandako koronabirus agerraldi batengatik —ia hiru astez jokatu gabe eta taxuz entrenatu gabe aritu ziren herenegungo partidan—. Hori jakinda ere, Cukurova partida ez atzeratzensaiatu zen; azkenean, atzo jokatzea adostu zuten, baina Turkiako taldeak baldintza bat jarri zuen horretarako: «Testak eurek egiten bazizkiguten soilik onartuko zuten atzeratzea». Bidaiaren aurretik Bilbon egindako probetan negatibo eman zuten jokalari guztiek.

Zer gerta zitekeen susmoa hartuta zeudenez, klubak Istanbuleko aireportuan bertan jokalari guztiei PCR testak egin zizkien ostera. Guztiek negatibo eman zuten, berriz ere. Bost ordu geroago egin zizkieten probak Cukurovako arduradunek —zuzendaritzako bi kidek eta erizain batek—, eta bazkalordurako eman zizkieten emaitzak: «Belen Arrojok positibo eman zuela esan ziguten. Sorpresa!», idatzi du Roso Buchek. Azkar erreakzionatu zuten bizkaitarrek, eta berehala eraman zuten Arrojo erietxe batera, beste proba bat egin ziezaioten: eguneko hirugarrena. Negatibo eman zuen, baina beranduegi zen, partida jokatzeko garaiz kanpo baitzeuden ordurako: «Belen kendu digute». Zortzi jokalarirekin aritu ziren bizkaitarrak.

Kevin Huberrek, entrenatzaileetako batek, gogor gaitzetsi du gertatutakoa sare sozialetan: «Ezin da horrela jokatu talde oso baten osasunarekin; injustizia honek sekulako higadura eragin digu. Penagarria da halako aurrekontu puska duen talde batek final hamaseirenak horrela gainditu beharra. Eta hori guztia FIBAren babesarekin». FIBAren Europako presidentea turkiarra da, bestalde: Turgay Demirel.

Huberren arabera, PCRak egiteko probetek aurretik idatzita zituzten jokalarien izenak: «Susmagarria da, ezta? Eta, PCR proba egiten ziguten bitartean, zuzendaritzako kideak maskara jantzi gabe. Ez al zeuden ba ez kutsatzearekin oso kezkatuta?».

Taldeak atzo goizean hasi zuen Euskal Herrirako buelta, baina Arrojo Turkian geratu zen, Mario Lopez entrenatzaileak lagunduta. Herenegun gauean beste PCR proba bat egin baitzioten, eta emaitza jaso arte ezin baitzen itzuli. Azkenean, proba horretan ere negatibo eman zuen, eta Arrojo eta Lopez gaur goizaldean abiatzekoak ziren etxera.

Nekez egiaztatutako da testekin zer gertatu zen, baina Cukurovak eskura zituen baliabide guztiak erabili zituen Lointekeko jokalariak estu hartzeko. Turkiako taldearen ohiko kantxak 7.000 ikusle inguru hartzeko lekua du, baina erabaki zuen beste pabiloi batean jokatzea herenegungo partida, 2.000 ikuslerekin. Areto txikia, eta zaleen presioa jokalarien garondoan. Testen tentsioarekin eta egun osoko bidaia luze baten ondoren hasi ziren jokoan bizkaitarrak, gainera.

Sirenak, ereserkia, irainak

Ondo hasi zen Gernika, hala ere. Baina berehala hasi zitzaion ihes egiten partida. Bosgarren minutuan, 9 eta 6 galtzen ari ziren; hortik aurrera, etxeko taldeak 21 puntu sartu zituen erreskadan, eta ezerezean utzi zuen bisitariek etxetik zekarten errenta: 30-6. Lointek Gernikak joaneko partidan hartutako abantaila horrenbestekoa zen: 24 tanto. Turkiako zaletuek giroa berotu zuten, eta taldeak ere jarri zuen ahal zuen presio guztia: bizkaitarrak erasoan hasten ziren bakoitzean Turkiako ereserkia eta bonbardaketen aurkako sirena hotsak jartzen zizkieten. Gainera, Huberrek salatu zuen etengabe jasan zituztela «errespetu faltak, irainak harmailetatik eta epaile hirukotearen adar jotzea». Horrela sailkatu ziren turkiarrak, bost puntuko aldea aterata azken emaitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.