BI TARTE

Ondoeza

Amaia Iturriotz Etxaniz, Malen Amenabar
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Apaizak falta zaizkigu, entzun nion behin ateo bati. Apaizak? Aitorlekuak zeuzkan hark buruan. Zulotxodun leihatilak zeuzkaten egurrezko etxetxoak. Elizan sekula sartu ez denak telebistako bazkalosteko telesail amaiezinen batean ikusia izango du nolakoak diren. Ilunak. Esertzeko ezerosoak kasurik onenean. Deskuidatu ezkero, belauniko jarri behar. Instagram ez da eroso ez egoteko leku bat, argazkiaren iluna ezkutatzeko balio dute iragazkiek. Instagramen ere ba omen dago apaizik. Gimnasiora joaten dira, gainera.

Aitorlekuetan bekatuak aitortzen zituzten. Lehenaldian aritzea ez da egokiena agian, badakit, baina berdin da. Bekatuak eta, bide batez, kezkak. Beldurrak. Minak. Hau ez da erlijio kristauaren apologia bat. Lizentzia osoa duzue forma aldatzeko aitorlekuari: eman mendiaren itxura, adibidez, edo zeruarena. Naturatik ere oso urrunduta gabiltzala esango duzue batzuek. Bai, egia da, baina ez erabat. Gauza bat da ez jakitea porrua zein urte sasoitakoa den eta bestea oso ezberdina asfaltoaren bila ibiltzea etengabe. Eta ez, hori ez. Aste Santuko oporretan Costa Rican izan ginen. Animalia asko daude han. Eta landareak.

Erraiak alderrai sumatzen ditut aspaldian kalean. Garrasika, zerbaiten edo norbaiten bila. Kiroldegira joaten dira arnasestuka: astelehen eta asteazkenetan ciclo indoor, astearte eta ostegunetan GAP edo egunero crossfit. Ondoko bizikletakoaren izena jakiteko inongo ahaleginik egin gabe, izerdiaren bidez aitortzen dituzte kezkak. Lasaigarria da, lurruntzen dira batzuk noizbehinka. Skyscanner webgunean ere topatu izan dut urdail edo bihotz zatiren bat. Lau egun libre lanean. Pirinioak. Kantabria. Pirinioak berriz. Bordele. Madril. Ia hogei egun uda sasoian. Eskozia. Alpeak. Costa Brava. Mendia ala hondartza. Mendia eta hondartza. Andaluzia. Paisaiaren parte izatera behartuta dauden lekuak, janaria, eguzkia eta jendea. Trumoiz betetako maleta kafesnea lau euro kobratzera datorren zerbitzariaren gainean oihuka hustea lasaigarria izan daiteke, baina tranpa da. Heste lodia, aldiz, ez da urrunegi joan zalea. Ia egunero biltzen da beheko tabernan lagunen batekin kaƱa bat hartzeko. Hirutik gora edaten dituenetan nabari izaten zaio egien nekea gehien. Bekatuak ez ezik, lotsak eta beldurrak ere aitortzen ditu ezaguna bai baina laguna ez den bakarren baten belarrira eta biharamunean lotsatu egiten da ia beti.

Atmosferan nabari dut ondoeza. Noraeza. Mindfulness. Baraualdiak. Erretiroak. Terapia. Antsietatea esan daitekeen hitz bat da orain. Ulertzen duguna. Errai-bistan apaiz sinbolikoen bila gabiltzan garaiotan, justu oraintxe (kasualitatea), mahai gainean omen dago osasun mentalaren gaia. Eta estralurtarrak jarraika dauzkadala esango banizue? Sudurra deformatua dudala esaten didatela ahotsek? Gai naizela mundua aldaketa klimatikotik salbatzeko eta ozonoa babeste aldera aerosolak dauzkaten supermerkatuko desodorante guztiak erosi ditudala, suntsitzeko? Bada, hori.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.