Futbola. Munduko Kopa

Aitzindaria aulkietan

Gizonezkoen talde profesional bat entrenatu duen lehen emakumea da Corinne Diacre, Frantziako hautatzailea. Haren aginduetara, frantziarrek lehen titulua nahi dute. Gaur, beste pauso bat eman nahi dute, AEBak kanporatuta.

Corinne Diacre Frantziako selekzioko hautatzailea, Munduko Kopa honetan eginiko entrenamendu batean. P. POWELL / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ezin da kontatu Frantziako emakumezkoen futbolaren historia Corinne Diacreri (Croix, Frantzia, 1974) erreferentziarik egin gabe. Gutxik dute haren ospea herrialde horretan. Ikurra da. Ikur, 18 urterekin jada estreinakoa egin baitzuen Frantziako selekzio nagusiarekin. Ikur, 20 urterekin jada kapitainaren besokoa baitzeraman. Eta ikur, 2003an berak Ingalaterrari sartutako gol batek lehen aldiz sailkatu baitzuen Frantzia Munduko Kopa baterako. 32 urterekin hartu zuen erretiroa. Hemeretzi urtez, Soyaux taldeko defentsaren nagusia izan zen, eta hamahiru urtez, selekzioarena. 121 partida jokatu zituen guztira Frantziarekin, eta hamalau gol sartu. Ez zuen titulurik irabazi, baina bai errespetu handia.

Erdiko atzelari izanda, zelaiaren ikusmira bikaina zuen. Entrenatzailea zen zelaian. Hala, erretiroa hartu eta jarraian hasi zen teknikari lanetan. Soyauxen tokia egin zioten klubaren historiako jokalari onenari. Sei urte egin zituen Frantziako Lehen Mailako talde apalean, 2007tik 2013ra. Gorabehera handiko sasoiak izan ziren, taldea bitan jaitsi baitzen mailaz. Hori bai, bietan igo zen jaitsi ondorengo denboraldian. Taldea maila nagusian lagata utzi zuen kluba Diacrek. Artean, Frantziako selekzioan ere aritu zen, Bruno Bini hautatzailearen laguntzaile moduan.

Ez zuen entrenatu 2013-14ko sasoian. Frantziako gizonezkoen Lehen eta Bigarren Mailan entrenatzeko titulua ateratzeko ikasten eman zuen denboraldi hura. Nahi, eta lortu, 2014ko maiatzean. Aitzindari izan zen, ordura arte emakumezko batek ere ez baitzuen lortu halakorik. Handik bi hilabetera, lana topatu zuen. Claude Michy Clermont Foot 63 klubeko presidenteak Bigarren Mailan ari zen talde hori zuzentzea eskaini zion. Michyk eskaintza bera egin zion Helena Costa entrenatzaile portugaldarrari, bi hilabete eskas lehenago. Costak baiezkoa eman zuen hasieran, baina atzera egin zuen gero, arrazoi pertsonalak argudiatuta. Inoiz ez zuen emakumezko batek gizonezkoen talde profesional bat entrenatu, eta haren inguruan sortutako ikusminak irentsi egin zuen Costa. Diacre, ordea, ez zen kikildu. Aginte makila hartu zuen Clermonten, eta, hori eginez, aitzindari bilakatu zen berriro. Berak, hala ere, ez zion garrantzi handirik eman nahi izan. «Ez da harro egoteko zerbait. Nik ez dut hala ikusten. Beste entrenatzaile bat gehiago naiz, besterik ez. Ez dago alderik gizonezko eta emakumezko teknikari baten artean. Lana bera da. Kontrakoa dioenak ez daki piperrik futbolaz», esan zuen kargua hartu berritan.

Ordu arte taldeak egindakoa hobetzea eskatu zion presidenteak Diacreri. Esan eta egin. Lehen sasoian, hamabigarren geratu zen, aurreko sasoian baino bi postu gorago. Denboraldi amaieran, klubak saritu egin zuen lan bikain hori, eta beste bi urterako luzatu zion kontratua. Bikain hasi zuen bigarren sasoia ere, eta urte bukaeran France Football aldizkari entzutetsuak ligako entrenatzailerik onena izendatu zuen. Denboraldi ederra izan zen 2015-16koa, Clermont zazpigarren sailkatu baitzen. Hurrengo sasoian, ordea, apur bat behera egin zuen taldeak, eta hamabigarren izan zen. Hala ere, pozik ziren Clermonten Diacreren lanarekin, eta entrenatzailea ere pozik zen lanean. Hala, kontratua berritu zuten.

Emaitza onak

Baina, 2017-18ko sasoia hasia zela, eskaintza handi bat jaso zuen Diacrek: Frantziako emakumezkoen selekzioko hautatzaile izatea. Frantziak lan eskasa egin berri zuen Herbehereetan jokatutako Eurokopan —final-laurdenetan kaleratu zuten—, eta hango Federazioak haize freskoa nahi zuen. Diacrek ametsa zuen selekzioa entrenatzea, eta aske uzteko eskatu zion Clermonteko buruari. Michyk baiezkoa eman zion. Hala, Diacrek lau urterako kontratua sinatu zuen. Lasai ahalko zuen lan egin, antolatzailea izanik ziurtatuta baitzuen 2019ko Munduko Kopa jokatzea.

Ia bi urte joan dira ordutik, eta Frantziak oso emaitza onak lortu ditu Diacreren aginduetara. 27 partida jokatu ditu, eta 21 irabazi ditu, hiru berdindu, eta beste hiru galdu —bitan Alemaniaren aurka, eta beste behin Ingalaterraren aurka—. Gol falta izan da frantziarren galbide txapelketa garrantzitsuenetan, baina badirudi arazo horri ere irtenbidea eman diotela. Hala, frantziarrek ia partida guztietan sartu dute gutxienez gol bat. Munduko Kopa honetan, adibidez, bederatzi egin dituzte lau partidatan, hau da, bi baino gehiago neurketako. Iraultzarik egin gabe lortu du hori guztia Diacrek, aurrekoetan bezala, Olympique Lyoneko jokalariek osatzen baitute selekzioaren bizkarrezurra: Bouhaddik, Mbock Bathyk, Renardek, Majrik, Henryk eta Le Sommerrek. Horrek berme ona izan beharko luke, talde horrek irabazi baititu Txapeldunen Ligako azken lau ekitaldiak.

Gaur, bolada onari segida ematen saiatuko da, baina harritzar bat izango du bidean: AEBetako selekzioa, egungo txapelduna eta faborito nagusia. Bi selekzio horiek hirutan jokatu dute elkarren aurka lehiaketa ofizialetan, eta beti irabazi dute estatubatuarrek. Hala ere, urte hasieran Le Havren jokaturiko lagunartekoan 3-1 gailendu ziren frantziarrak. Frantziak zein AEBek sufritu egin zuten Brasil eta Espainia kanporatzeko —2-1 irabazi zuten—. Beraz, ez dago faborito argirik.

FRANTZIA-AEB

Frantzia. Bouhaddi; Torrent, Mbock Bathy, Renard, Majri; Diani, Henry, Bussaglia, Asseyi; Gauvin eta Le Sommer.

AEB. Naeher; O'Hara, Dahlkemper, Sauerbrunn, Dunn; Lavelle, Ertz, Mewis; Heath, Morgan eta Rapinoe.

Epailea. Katerina Monzul (Ukraina).

Lekua. Parisko Printzeen Parkea (45.600 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Gol eta TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.