Beste erronka batzuen bila

Jon Iriondo ondarroarrak, etxeko taldea utzi, eta Orion egingo du arraun, B taldea entrenatzearekin batera. Lehen ere ibili zen Orion, Jon Salsamendiren entrenatzaile aroaren hasieran.

Aitor Manterola Garate.
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Arraunlarien sakelakoetan handitu egiten da mugimendua garai honetan, eta batzuek beste talde batzuetako entrenatzaileen edo zuzendaritzako kideen deiak edo mezuak jasotzen dituzte. Jon Iriondoren (Ondarroa, Bizkaia, 1976) kasua horixe da, Jon Salsamendik deitu baitzion duela aste batzuk, Orioko entrenatzaileak, proposamen jakin bat egiteko: datorren denboraldian Orioko bigarren taldean Anjel Larrañagari entrenatzaile lanetan laguntzea —KAE 1era igo da aurten harrobiko taldea—, eta, aldi berean, lehen traineruan sartzeko aukeraren bila lehiatzea. «Buruari buelta batzuk eman eta gero, onartu egin dut», esan du ondarroarrak.

Etxeko taldean egin du denboraldi hau, eta iazko atsedenaren aurreko beste hiru sasoiak ere bertan osatu zituen. Iriondo entrenatzaile eta arraunlari zela igo zen Ondarroa Eusko Label ligara, 2016ko irailean —KAE 1 liga ere irabazi zuen—. Aurretik, ibilbidean ageri zaizkio Ondarroa bera, Orio, Castro, Urdaibai eta Portugalete. Itzuli egingo da, horrenbestez, Oriora, eta erabakiaren atzean zer dagoen azaldu du: «Ondarroan, aurtengo udan, helburu bat genuen, Kontxako Bandera jokatzeko sailkatzea, eta, hori bete eta gero, beste erronka batzuen bila joan nahi izan dut; Oriok eman dit aukera hori».

Beste hainbat aldagai ere izan ditu kontuan: «Orion bizi naiz, familia hemen daukat, eta lan ere hemen inguruan egiten dut. Praktikotasunari ere begiratu diot». Eta, nola ez, punta-puntako traineru batean ibiltzeko aukerari, irabazteko lehian jarduteko nahiari: «Jakina hori ere garrantzitsua izan dela. Badakit Orio goian ibiltzeko taldea dela, eta nire burua gai ikusten dut lehen taldean sartu eta beste talde indartsuekin borrokan ibiltzeko». Iriondo ez baita oso irabazlea izan tarte luze batean, 1996an arraunean murgildu zenetik, nahiz eta badituen hiru Kontxako Bandera irabazita: 1998an eta 2000n Oriorekin, eta 2008an Castrorekin. «Castrokoaren ondoren, Ondarroarekin 2016an lortu nuen banderen lehian ibiltzea eta baita irabaztea ere. Tarte horretan, ordea, ez nuen ezer irabazi».

Orion bat egingo du berriz ere Salsamendirekin: «Entrenatzaile laguntzaile 2004an hasi zen, Jokin Amilibiaren alboan, eta hurrengo urtean berak hartu zuen traineruaren ardura. Bi urte horietan aritu ginen batera». 2005ekoa egin eta gero, Salsamendi beste leku batzuetan ibili zen, Astilleron eta Urdaibain, eta Iriondok azaldu du «orain punta-puntako entrenatzailea dela. Badut gogoa harekin ikasten segitzeko».

Salsamendik garbi azaldu dizkio zein izango dituen lanak, eta bigarren ontziaren ardura hartzeak aparteko gogoa eman diola azaldu du: «Entrenatzaile lanetan badut eskarmentua, eta Ondarroan ere gazteekin aritu nintzen traineruan. Orion ere antzeko lana izango dut, baina bada ezberdintasunik: arraunlariak hezi eta hazi egin behar ditugu goiko talderako, formazio eta harrobiko lana da gurea, eta erronka ederra iruditzen zait».

Gazteen jardunaren inguruan, onartu du garaiak aldatu egin direla gizartea aldatzearekin batera: «Lehengo aldean, askoz kirol aukera handiagoa eta zabalagoa daukate gazteek, eta ez da erraza arraunean hasi eta bertan bukatzea, hainbeste urtean segidan jardun eta gero. Hori gutxi ez, eta orain, 17-18 urte betetzean, gazte mailatik seniorretara jauzia eman behar dutenean, askok, edo batzuek bai behintzat, utzi egiten dute».

Bukatu dira, hortaz, lehengo pentsamoldeak: «Gure garaian esaten zen gazteek beteranoak bota egin behar genituela trainerutik, baina, orain, ez gaituzte botatzen. Beteranoak indartsu gaudelako ere bada, eta hemen jarraitzen dugu oraindik». Uste du ona dela taldeetan beterano eta gazteen uztartze hori: «Niretzat nahasketarik egokiena da. Gazteek behar dituzte beteranoen aholkuak traineru barruan, estropadan zehar bizitzen eta aldatzen diren momentuak ikasteko».

Ondarroa, «esku onetan»

Helburu eta erronka berrien bila joateak ezinbestean dauka alboan aurreko lekua utzi beharra, eguneroko giroa, taldekideak, entrenatzailea, zuzendaritzako kideak, zaleak eta abar. Iriondoren kasuan, gainera, herriko, etxeko taldea du Ondarroa, eta aitortu du buelta asko eman dizkiola buruari.

Hartu du erabakia, baina, eta, behin hartuta, nahigabe ere atzera eta herrira begiratzen du, iragan hurbilera. Ondarroak udan denboraldi ona egin duenez, goia joz Kontxako sailkatze estropada irabazi zuenean, azkar azaldu zaizkio inguruan beste klubak, arraunlariak eraman nahian, Iriondoren beraren kasuan bezala, eta joan direnek zulo handiak utzi dituzte taldean. Hala ere, Iriondo lasai dago Ondarroak osa dezakeen taldea ikusita: «Oso ondo ari da lanean Iñaki [Errasti, arraunlari eta entrenatzailea], eta badakit guk utzitako zuloak betetzen ari dela».

Urrunago ere joan da geroko azterketa edo begirada horretan, eta garbi esan du herriko taldearen maila zein izango den 2020ko udan: «Badakit datorren udan ere Ondarroa ondo ibiliko dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.