Baskonia 77-85 Real Madril

Baskoniarenak egin du denboraldi honetan

Galdu egin du hirugarren partida ere ACB ligako finalerdietan Real Madrilen aurka, eta sasoi honetako lanak bukatu zaizkio. Jarrera hobetu izana ez zaio aski izan Tavares erraldoiaren taldea geratzeko

Causer, Baskoniako jokalari ohia, Enoch gainditzen, atzo. L. RICO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun

Markagailua. 14-25; 36-41 (atsedenaldia); 53-66; 77-85. Saskiratzaile onenak. Baskoniako Baldwin (26 pt); Real Madrileko Tavares (23).

 

Bukatu zaio denboraldia Bitci Baskoniari, 34na partida irabazita eta galduta —38 dira galdutakoak, Euroligatik kaleratutako Errusiako hiru talderen aurka egindako emaitzekin—. Ez dio bat bera ere irabazi Real Madrili ACB ligako finalerdietako kanporaketan, eta emaitza gogorrarekin joango dira oporretara jokalariak eta entrenatzaileak: 0-3 espainiarren alde.

Ez zen ezusterik izan Buesa Arenan atzo gauean (77-85). Bi partida atzetik ekin zion etxeko taldeak, eta ezinbestean zeukan irabazi beharra. Gauza bat da nahi izatea, eta bestea ahal izatea. Atzo ere ezinean aritu zen Neven Spahijaren taldea, aurreko bi partidetan bezainbestekoa izan ez bazen ere aldarte hori.

Gutxienez, beste bietan baino jarrera hobea edo ezintasun txikiagoa erakutsi zuen taldeak. Zaleen aurrean. Baina Real Madril bezalako talde puska baten aurka gehiago asmatu behar da, akats eta opari gutxiago egin, eta bi alor horietan ez zen fin ibili atzo Baskonia.

Kanpotarrek hasi orduko ekin zioten etxekoen saskia zulatzeari hiruko marraren atzetik. 5-3ko emaitza azkar batean aldatu zuten 10-18ra Hangaren eta Causeurren hiruko zail batzuk tarteko. 14-25 galtzaile Baskonia lehen laurdenean. Bigarrenean ere nagusi Real Madril. Edy Tavares azaltzen hasi zen, hamar puntu sartu baitzituen bigarren hamar minutu horietan. Pibot erraldoia geratu ezinda ibili ziren etxekoen jokalari handienak. Nahi eta ezin. Buruz burukoetan ezin, eta elkarri laguntzak emanda ere, beste horrenbeste. Hala ere, Tavaresen pare jarri zen Baldwin (26 puntu atzo), eta bost puntura ere jarri zen Baskonia (34-39). Gertu zen atsedenaldia, eta azkenean, bostgoitik joan zen aurretik Real Madril (36-41). Nola ez, Tavaresen azkeneko saskiratzeen eta jaurtiketa libreen bitartez.

Ez zen gutxi bizirik irautea partidak etxekoentzat. Erdia geratzen zen. Bazen itxaropena. Hiru puntura ere jarri zen Baskonia azkar batean atsedenalditik bueltan, baina berdintzeko aukera uztaira bota zuen Giedraitisek. Eta partidako beste gakoetako batekin erantzun zuen orduan ere Real Madrilek: partziala alde, eta ospa markagailuan.

Azken saialdia ere alferrik

Bederatzi puntu azpitik ekin zion Baskoniak azkeneko laurdenari (53-66). Hamabira ere igo zion tartea aurkariak, baina ez zegoen amore emateko etxeko taldea. Grangerren ekarpenarekin bost puntura ere gerturatu zen zazpi minutu falta zirenean (64-69), baina batzuen erabaki txarrek eta besteen kalitateak aldea zabaldu zuten berriz. Azkenean, zortziko koska, igo ezinezkoak etxekoentzat (77-85).

Pablo Laso gasteiztarrari emandako babesarekin —bihotzekoa izan eta osatuta, etxean da — hasi zen partida txistu hotsekin bukatu zen, haren taldeak hutsartea eskatu zuelako azkenera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.