Arrauna. Kontxako Bandera. Mikel Orbañanos. Hondarribiako entrenatzailea

«Bi igandeetan gure onena emategatik irabazi dugu»

Mikel Orbañanosek laugarren aldiz irabazi zuen igandean Kontxako Bandera Hondarribiako entrenatzaile gisa, eta, ohi duen moduan, garaipenari ez ezik, beste ertz batzuei ere aparteko garrantzia eman die analisian; besteak beste, irabaztera eraman dituen bideari.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Isila da Mikel Orbañanos (Orio, Gipuzkoa, 1973), ez da elkarrizketak eman zalea, eta, ematen dituenean, ez du esaldi handiak esan zalea. Entrenatzaile ere horrelakoa da, eta, lanari lana kateatuz, egundoko abilezia lortu du traineruari, arraunlariei eta estropadako estrategiari etekina ateratzen. Beste erakustaldi bat eman zuen horretan guztian beretaldeak, Hondarribiak, igandean, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian.

Lasaitasunaren talaiatik begira jarrita, zer analisi egiten duzu igandeko estropadaz?

Zoragarria izan zen. Kontxako Bandera oso ona egin dugu, eta lortu dugu biribiltzea, oso garbi genuelako ez bagenuen lana biribiltzen oso zaila izango zela irabaztea. Azkenean, aurkariak oso indartsuak dira. Gure onena eman dugu bi igandeetan, eta horregatik irabazi dugu.

Kale zozketan aurrenekoa tokatu zitzaizuela jakitean, asko kezkatu zinen?

Astea aurrera zihoan heinean, taldan hitz egin genuen guk geuk menderatzen ez genituen eragileak ezin gintuztela aztora. Kalea zen horietako bat. Ikusita zein tokatu zitzaigun, esan genuen lehen kalea txarrena izanagatik ere txarragoa izan dela askotan igandean baino. Irakurketa egin genuen kalearena, eta asmatu egin genuen, etekina atera geniolako.

Orioren atzetik lau segundora jarri zinetenean, zer pentsatu zenuen?

Arraunlariei ez genien ezer esan, baina konturatu ziren. Nik banekien gure une ona ere iritsiko zela, baina ez nekien Orio zenbaterainoko gai zen. Baina banekien gu balizara heltzen azkarrak izango ginela. Norabide aldetik baliza aldera joaten utzi genion traineruari, eta aukera ona izan zen.

Noiz jabetu zinen bandera zuena zela?

Uhartetik barrura gindoazela, abantaila gurea zelako. Orduan pentsatu nuen lehen igandeko bost segundoren aldean, zaila delako guri halako aldea kentzea igandeko baldintzetan. Itsaso txarragoa egon izan balitz, larrituko nintzatekeen.

Bi igandeetan irabaziz eraman duzue bandera aurten. Iaz, ordea, bi egunetan irabazi gabe nagusitu zineten.

Irabaztea beti da handia, baina aurtengoa zoragarria izan da. Garrantzitsua da bi igandeetan irabaztea, baina garrantzitsuena bandera bera da, eta erregularra izaten jakitea, horrek ematen duelako ziurtasuna. Azkeneko estropadetan ari ginen hori erakusten, eta indarra eta segurtasuna eman digu sinesteko gugan, lan ona eginez oso traineru azkarra garela sinesteko.

Kontxako garaipena udan lorturiko beste bandera garrantzitsu batzuei gehitzea udari ginga jartzea izan da, ala Eusko Label ligan gehiago ez egitearen arantza duzue?

Orio aurkari handia eta oso ona izan da ligan, eta ez da erraza izan hari aurre egitea. Guk lortu dugun garaipen sortarekin oso gustura gaude. Orioko bandera eta Santanderkoa hor dauzkagu, Ondarroakoak ere aparteko poza eragin zidan, Euskadiko Txapelketa etxean irabaztea eta Zarauzkoa ondoren ere bikainak izan ziren. Helburu horiek ondo bideratu genituen, eta azken saria Kontxakoa izan da. Oso pozik gaude.

Begia jarri duen lekuan Hondarribiak bete-betean asmatu du aurten.

Bai, baina ez da erraza. Horrek ez du esan nahi, hala ere, beste helburu batzuk lortzen saiatu ez garenik. Baina estropada berezi hauetan lortu dugu irabaztea.

Liga hasieran, uztailean, irregular samarrak izan zineten. Arraroa da Hondarribia horrela ikustea. Zer analisi egiten duzu?

Hasteko, ez nuke esango irregularrak izan ginenik. Aurkariak hasi ziren sekulako maila ematen, eta ez da erraza horri segida ematea. Hiru hilabete dira udan, eta hiruretan punta-puntan egotea ez da erraza. Iazko taldetik arraunlari garrantzitsu batzuk falta zaizkigu, eta, ligaren hasieran, puzzle berriari forma ematen ibili ginen, eta bagenekien estropada batzuetan gauzak ez zitzaizkigula ondo aterako, baina gauza berriak probatu beharra geneukan. Gero, trainerua bideratzen joan ginen, eta horretan asmatu egin dugu.

Zenbat estropada sakrifikatu behar dira Kontxara ondo heltzeko?

Ligan ondo ibiltzea garaipenetik gertu egotea da, baina Kontxan zure onena eman nahi baduzu, txapelketaren bat edo estropadaren bat pixkat baztertu egin behar dituzu. Nahi ez diren emaitza batzuk izatea ezinbestekoa da.

Azken zazpi urteetan hirutan irabazi duzue Kontxako Bandera. Gaizki ohitzen ez zarete ariko, ezta?

Lan izugarria da halakoak lortzea edozein kiroletan, eta zailagoa taldeko kiroletan. Garaipen asko bata bestearen atzetik ekartzea oso zaila da, bakarka baino zailagoa. Bakarka zure indarrak, zure egoera eta halakoak neurtzen dituzu, baina, taldeka, kirolari guztiak ondo kudeatzea arlo guztietan oso zaila da. Entrenatzailea ez ezik, gure kasuan, klub oso bat ere badago atzean lan horretan, eta baita herria ere. Elkarlaneko giro baten saria da hau dena. Traineruko arraunlari gehienak hondarribiarrak dira, eta herria oso pozik dago horrekin.

Taldea kudeatzeko horretan, buruko lana menderatzen iaztik dabil helduago Hondarribia?

Ikusten genuen 2014an, 2015ean eta beste urte batzuetan bagenuela taldea Kontxan irabazteko, baina ez ginen gai irabazteko, antsietatea ez genuelako ondo kudeatzen. Horregatik, ez genuen beste gauza batzuetan egiten ari ginen lan ona ikusten, eta uste genuen bakarrik garaipenak balio zigula. Ikasi egin dugu hori kudeatzen, eta garaipen hauek lortzen lagundu digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.