Pistarik ez, izen berria bai

Reale Arena izango da aurrerantzean Anoetaren izena. Bihar zabalduko ditu ateak estadio eraberrituak, Realak Atletico Madrilen aurka jokatuko duten partidarekin. Argazki bilduma albistearen amaieran.

Ongietorrirako prest. Ia dena dago prest estreinurako. Argazkian, markagailua. JON URBE / @FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Atletismo pistarik gabekoa, eta Realarena. Duela ez asko pentsaezina zirudiena egia bilakatu da, eta Donostiako taldeak zaleen babesa inoiz baino gertuago izango du aurten. Realak Atotxa zaharra utzi zuenetik inoizko gertuen egon ziren iragan sasoian ere, baina eraberritze lanak amaitu gabe zeuden orduan; ez zen gauza bera. Lau harmailak eraikita, amaitu dira barrualdeko lanak, eta dotore geratu da estadioa. Izena ere aldatu diote orain artean Anoeta zenari; Reale Arena izango da aurrerantzean, Reale aseguru etxeak erosi baititu izen eskubideak. Reale Arena, horrelako zelai bat Realarena sekula izango ez zela sinetsi ezinik zebiltzanak konbentzitu nahiko balitu bezala.

Izen aldaketaren akordioa azaltzeko ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean palko nagusian. Realeko presidente Jokin Aperribaik eta Reale aseguru etxeko ordezkari Ignacio Mariscalek hartu zuten hitza. Biek adierazi zuten bi aldeentzat «onuragarria» dela egindako akordioa. Aperribairen esanetan, «estadioaren izen eskubideak saltzea diru iturri berri bat da, inguru geroz eta lehiakorrago eta globalago batean kluba indartzen jarraitu ahal izateko». Debako mandatariak gaineratu zuen taldeak testuinguru horretan hazten jarraitzea nahi dutela, «gure nortasunarekiko zintzo» jarraituz.

Bere aldetik, Mariscalek adierazi zuen «harro» daudela akordio hau sinatu izanaz: «Reala bezalako klub historiko baten historiaren parte izateagatik gustura gaude, iragan loriatsua duelako, baina batez ere etorkizun handia duen proiektu bati gure aletxoa jarri diogulako».

Bi erakundeek 2012. urtetik dute indarrean babesletza akordio bat, baina, urrats berri honekin, Reale izango da Espainiako ligako estadio baten izen eskubideak eskuratzen dituen lehen aseguru etxea: «Eskerrak eman nahi dizkiet Realaren alde egin duten apustu irmoarengatik», esan zuen Aperribaik. Haren esanetan, «bidaide ezin hobea» da etapa berria urratzeko: «Zazpi urteotan harreman sendoa egin dugu, zintzoa, babesletza akordiotik harago doana. Elkar ezagutzan eta konfiantzan oinarrituta, balio beren jiran ari gara».

Lehengoak eta oraingoak

Laburra izan zen izen aldaketaren aurkezpen ekitaldia: hamar minutu ingurukoa. Estadioak berak piztu zuen ikusminik handien. Ez alferrik Realaren lehengo eta oraingo kideak bildu baitziren Donostiara. Gizonezkoen eta emakumezkoen talde nagusietako jokalariak eta prestatzaileak, zuzendaritza batzordeko kideak, bai eta Atotxan nahiz eraberritu aurreko Anoetan aritutako futbolari ohiak ere. Juanan Larrañagak, Santi Idigorasek, Salva Iriartek, Gorriz Bixio-k , Imanol Agirretxek edota Xabi Alonsok ez zioten begirik kendu zelai eraberrituari.

Ezta Imanol Alguacilek eta Mikel Labakak ere. Gizonezkoen taldeko bi prestatzaileek palko pribatu baterako bidea hartu zuten ekitaldia amaitzean. Han aritu ziren biak ikusmira berriez gozatzen. «Ederra da», esan zion oriotarrak BERRIAri etxerako bidea hartu aurretik. «Oso polita», gaineratu zuen azpeitiarrak. Ez dute asko itxaron beharko bertan aritzeko. Bihar dute estreinakoa, Atletico Madrilen auerka.

Argazki bilduma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.