Garai baten erretratugilea

Jose Ortiz Echagueren 25 argazki daude ikusgai Nafarroako Unibertsitateko Museoan; hamazazpi, aurretik erakutsi gabekoak. Antzinako bizimodua eta ohiturak fotografiatu zituen, eta haren lanak mundu osoan izan zuen oihartzuna

Euskal arraunlaria da ikus daitezkeen argazkietako bat. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Jose Ortiz Echague (Guadalajara, Espainia, 1886 - Madril, 1980) funtsezko pertsona bat da Espainiako argazkilaritzaren historian. Herrialdearen kulturaren dokumentazio lan sakona egin zuen, jantzi herrikoiei, gai erlijiosoei, paisaiei eta arkitekturari eskainitako hainbat serietan. 2017tik, hari eskainitako espazio finko bat dago Nafarroako Unibertsitateko Museoan, eta berriki aurretik erakutsi gabeko beste hamazazpi lan jarri dituzte ikusgai; orotara 25 argazkik osatzen dute erakusketa.

Argazkilaritza zaletasun bat izan zen beti Ortiz Echaguerentzat. Ibilbide profesionala ingeniari gisa garatu zuen, baina oso gaztetatik erakarri zuen argazkilaritzak. 1898an, hamabi urte besterik ez zituela, kamera bat eskuratu zuen, eta, ordutik, haren zaletasunik handiena haurtzaroko hiria —Logroño (Espainia)— fotografiatzea izan zen: biztanleak, ohiturak, paisaiak...

Laster hasi zen gerora txalotuak izango ziren irudiak egiten: esaterako, 17 urterekin egin zuen erakusketan ikus daitekeen Sermoia herrixkan (1903) entzutetsua. Irudian, gizon-emakume talde bat ageri da eliza batean otoitz egiten. Halako lanei esker, gaztetatik mundu osoko erakustaretoetan egon zen.

Lehen argazki sorta garrantzitsua sorterritik kanpo egin zuen: Afrika iparraldean. Hainbat egonaldi egin zituen han militar gisa 1909 eta 1915 artean, eta atsedenaldietan Rifko (Maroko) biztanleen bizimodua erretratatzen zuen. Paisaiak ere fotografiatzen zituen, baina hango jendeak pizten zion interesik handiena. Ordukoak dira erakusketan ikusgai dauden Riftarra (1909), Rifko mairua (1909) eta Babutxa saltzailea (1911); guztietan giza irudia da arretagune nagusia.

Afrikako lehen lan horretan dagoeneko Ortiz Echagueren lanaren ezaugarri zenbait ikus daitezke, bereziki tokian tokiko errealitatearen interesa. Garrantzitsua iruditzen zitzaion argazkiak egitean pertsonei eta haien bizimoduei erreparatzea. «Irmoki uste dut argazkilariaren arrakastarako ezinbestekoa dela pertsonaiekin kontaktuan jartzea euren berezko tokietan, eta haien ohiturei jarraitzea, behatzea...», idatzi zuen argazkilariak berak. Haren ustez, argazkilaritzak behaketa lan sakona eskatzen zuen; kontrakoa «porrot segurua» zen.Haren lana argazkilaritza dokumentalean sailkatzen bazuen ere, Ortiz Echagueren ustez, erretratugilearen elementurik garrantzitsuenak ziren gaiaren interesa, konposizioaren edertasuna, argien harmonia eta eszenaren mugimendua. Hortaz, benetako pertsonekin lan egiten zuen arren, eszenak prestatu ohi zituen.

Teknika neketsua

Ortiz Echagueren lana ezaugarritzen duen beste faktore bat teknika da. Berak errebelatzen zituen negatiboak, prozedura berezi batekin: ikatz inprimaketa Fresson paperean. Teknika horrek lan handia eskatzen zuen, eta bidean irudiaren informazio asko galtzen zen, baina argazkiaren amaierako itxura lantzeko aukera ematen zuen, bai eta tonalitate aberastasun handia ere. Emaitzan, irudiek testura berezia hartzen zuten, eta kopia bakoitza aurrekoaren ezberdina zen.

1915ean, Espainiara itzuli zen, eta modernitatearen eraginez desagertzear zen bizimodua jasotzeari ekin zion. Antzinako ohiturei eusten zieten herrietako jendea erretratatu zuen, tokian tokiko jantziekin. Euskal Herriko irudiak ere jaso zituen; erakusketan ikus daitezke Euskal arraunlaria (1931), Orioko taberna (1932) eta Arrain saltzaileak Orion (1932) lanak. Gai horretan oinarritu zuen bere lehen liburua, lehenik Alemanian eta ondoren Espainian argitaratu zutena.

Ondoren, giza irudietatik pixka bat aldendu eta herri eta paisaietara zuzendu zuen arreta. Ordukoak dira museoan jarri dituzten Iruelako gaztelua (1954) eta Toledo (datarik gabe), besteak beste. Modernizazioan, baina, landa eremuko bizimodua aldatuz joan zen, eta, hori dela eta, Ortiz Echaguek beste proiektu batzuei ekin zien. Erlijioa izan zen denbora luzez haren gairik kuttunena. Prozesioak, erromesaldiak, katedralak, herrietako elizak, ermitak eta halakoak fotografiatu zituen, eta monasterioetako bizitzarekin tematuta egon zen, zaila baitzitzaion horietara sartzea; azkenean, lortu zuen hori ere.

1960ko hamarkadan Marokora itzuli zen, eta bidaia horretan paisaietan eta arkitekturan jarri zuen arreta, garai hartako estiloarekin jarraituz. Ez zuen amaitu bere azken liburua, baina haren lan ezagunenetako batzuk egin zituen, hala nola erakusketan dagoen Sirokoa Saharan (1965), zenbait giza irudi erakusten dituena harea-ekaitz baten erdian oinez. Ordurako, Ortiz Echagueren lanek zabalpen eta aitorpen handia zuten, eta mundu osoko aretoetan ikus zitezkeen haren obrak. Azkenik, 1980an hil zen. Erakusketan ikus daitezkeen lanez gain, mila argazkiz osatutako haren ondarea osorik dago Nafarroako Unibertsitateko Museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.