Jon Ander Albisu. Baikoko pilotaria

«Gozatzeko eta gozarazteko garaia da uda, eta are gehiago aurten»

Azken biak ez bezala, betea dator aurtengo uda. Albisu gogoz dago hari ekiteko: «Ea asko eta ondo jokatzen dugun». Pilotarien Elkarteko ordezkarietako bat da. Haren ustez, «mesede» egin die elkartea sortzeak: «Gehixeago baloratzen gaituzte orain».

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
Tolosa
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan entrenamendua hasteko prestatzen ari da Jon Ander Albisu (Ataun, Gipuzkoa, 1990). Harmailan eserita dago takoak jartzen. Arretaz ari da. «Uda bete-betea dator. Ea ondo eusten diogun», aitortu du. Hala ere, ilusioak eta gogoak gain hartzen diote egin beharreko ahaleginari.

Iritsi da uda. Zer moduz zaude?

Gogotsu nago. Bi urte oso arraro izan dira. Enpresek zailtasun handiak izan dituzte, eta, zenbait gauza lortu dituzten arren, azkeneko bi udak oso arraroak izan dira. Zorionez, ematen du aurten uda normalxeagoa izango dela; festak egingo dira herrietan. Enpresek ere esan digute ohiko torneoez eta Mastersaz gain partida dezente jokatuko ditugula, herrietatik deika ari baitira. Ea hala den, eta maila polita ematen dugun.

Gustuko duzu udako sasoia?

Bai, oso polita da. Guk txapelketak jokatu nahi ditugu; horiek eragiten duten tentsioak erakartzen gaitu. Baina udan partida asko jokatu ohi ditugu: festetakoak, lagunartekoak... Giro polita egoten da, eta beste modu batera jokatzen dugu. Irabazteko nahiari eusten diogu, baina alaiago jokatzen dugu, galtzeko beldur txikiagoarekin. Hala, txapelketan egiten ez ditugun gauzak egiten ditugu; lehia politak izaten dira. Gainera, egun batean bikotekide batekin jokatzen dugu, eta, hurrengo egunean, beste batekin. Gozatzeko eta gozarazteko garaia da, eta are gehiago aurten.

Zuk esan duzu: «Are gehiago aurten». Azken bi urte zail horien ondoren, gogotsuago zaudete?

Bai. Denok sumatu dugu festa giroan jokatzearen falta, pilotariok eta pilotazaleek. Azkeneko buruz burukoan, agerian geratu da jendea oso gogotsu dagoela. Garai oso zaila izan da denontzat. Guretzat, ikuslerik gabe jokatu behar izatea izan da okerrena. Garai batean bakarrik joan behar genuen frontoira, eta, hara iritsi, eta hutsik zegoen dena; lankide, teknikari eta esatari apur batzuk, eta kito; ez zegoen beste inor. Oso tristea zen isiltasunean jokatzea. Pilotariok ikusleen falta sumatu dugu bereziki.

Baduzu udan gustuko torneorik edo egunik?

Batetik, torneoak daude. Txapel bat dago jokoan horietan, eta hori pizgarri polita da. Sanferminetakoa da aurreneko torneo garrantzitsua. Niretzat, politena da. Sekulako giroa egon ohi da. Gozatu egiten dugu, nahiz eta sekulako beroa egiten duen Labriten. Bestetik, urtero zenbait tokitan jokatzen dut: Irunen, Ordizian... Oso gustura aritzen naiz.

Erik Jaka izango duzu bikotekide sanferminetan. Pozik?

Bai. Duela bi urte, elkarrekin jokatu genuen Mastersa. Piloteoan nagusitzen bagara, Erikek min handia egin dezake, artista baita tantoa bukatzen. Bikote indartsuak daude, baina, gure lana ondo egiten badugu, aukera izango dugu.

Garai polita da uda, baina gogorra ere bai?

Bizi-bizia da. Hiru hilabete dira, eta partida dezente jokatzen ditugu: normala da gorabeherak izatea. Eskuek sufritzen dute gehien.

Kontuan hartuta atzelariek asko sufritzen duzuela eskuetatik, zortekoa zara zu. Binakakoan, 180 partida jokatu dituzu, eta bi baino ez dituzu utzi jokatu gabe.

Zortekoa naiz: profesionaletan daramatzadan 11 urteetan, ez dut lesio larririk izan. Eskuak ere asko zaintzen ditut: egunero ematen diet masajea, eta, mina dudanean, fisioterapeutarengana joaten naiz. Gure lanabesa dira eskuak, eta ondo zaindu behar dira.

Kilometro asko egiten dituzue udan?

Bai. Egun batean Euskal Herriko punta batean jokatzen dugu, eta, hurrengoan, bestean. Baina ez dugu kexarik. Ahalik eta gehien jokatu nahi dugu, eta, horretarako, batetik bestera ibili beharra dugu.

Etxetik kanpo gehien zaudeten garaia ere bada.

Batek bestea kentzen du: asko jokatzeko, etxetik kanpo ibili behar dugu. Neguan, eguneroko nahiko finkoa dugu: goizean entrenatu egiten gara, eta asteburuan jokatu egiten dugu. Udan, ordea, aldatu egiten da, eta etxekoekin egoteko denbora gutxixeago dugu. Baina saiatzen naiz aukera dudanean etxekoekin gozatzen.

Pandemian eta enpresako lan gatazkaren erdian sortu zenuten Pilotarien Elkartea. Haren ordezkaria zara. Zertan zabiltzate?

Enpresa bakoitzetik hiruzpalau lagun gaude, eta hiruzpalau hilabetean behin biltzen gara enpresekin. Haiek euren asmoak azaltzen dizkigute, eta guk gure iritzia ematen diegu; hobetu beharrekoak ere aipatzen dizkiegu. Bestelakoa da harremana orain; gehixeago baloratzen gaituzte. Oraingoz, mesede egin digu elkartea izateak.

Zeintzuk izan dira jorratu dituzuen azken gaiak?

Buruz burukoa amaitu zenean bildu ginen azkenekoz, eta haren lehiaketa sistemaz jardun ginen batez ere [ligaxka jokatu zuten final-laurdenetan, eta ez zen atsedenik egon finalerdietara arte]. Guk azaldu genien aldaketak gauza onak zituela, baina baita txarrak ere, eta horiek findu eta hobetu behar zirela beste baterako.

Aintzat hartzen zaituztete?

Bai, baina batzuetan kasu egiten digute, eta beste batzuetan ez. Haiek euren proposamenak egiten dituzte, eta guk gureak. Biak mahai gainean jarrita hitz egiten dugu. Batzuetan, ados gaude, eta beste batzuetan, ez. Baina, behintzat, eztabaidatu egiten dugu. Aurrerapausoa da hori.

Elkartearen lehen helburua izan zen Baikotik kanpo geratu ziren lau pilotariak profesionaletara itzultzea: Unai Laso, Jon Mariezkurrena, Victor Esteban eta Iosu Eskiroz. Zer pentsatzen duzue haiek jokatzen ikusita?

Egin beharrekoa egin genuela. Bi hilabete oso gogor izan ziren; oso gaizki pasatu genuen. Baina pilotari horiek jokatzen ikustean burura etortzen zaigun lehen gauza da egin beharrekoa egin genuela, eta merezi izan zuela.

Zer pentsatu zenuen Laso buruz buruko txapelarekin ikustean?

Izugarri poztu nintzen Unairengatik, eta sentitu nuen txapelaren zati txiki bat gurea ere badela. Lan gogorra egin genuen Unai eta beste hirurak itzul zitezen.

Ezustean hartu zaitu egiten ari denak?

Indarberrituta itzuli da. Lehen ere indartsua zen, baina sekulako jauzia egin du buruz: askoz hobeto jokatzen ditu partidak, eta erabaki hobeak hartzen ditu. Aurrerapausoa eman du.

Haren itzulerak mesede egin dio pilotari?

Bai. Oso irekia da Unai, oso gertukoa, eta kantxan oso ondo islatzen du hori. Jendea erakartzeko gaitasun handia du, eta horren erakusgarri da pilotatik pixka bat aldendu zen jendea itzularazi izana.

Mesede galanta egin dio Baikori.

Bai. Baikok behar zuen hura bezalako pilotari bat, are gehiago Aimar [Olaizola] eta Oinatz [Bengoetxea] joan eta gero. Jaka, Urruti... maila handiko pilotariak daude enpresan, baina goi-goian egon zitekeen norbait falta zen. Oraingoz, hor dago Unai. Ea lesioekin zortea duen, eta eusten dion.

Baikotik kanpo geratu zenean, zurekin jokatzen ari zen binakakoa. Finalerdietan ari zineten. Ordukoa etortzen zaizu burura?

Bai, noski, baina garrantzitsuena da garai horretan enpresatik kanpo geratu ziren lau pilotariak jokatzen ari direla, eta maila ona ematen ari direla, Unai batez ere.

Enpresari esan diezaiokezu erdizka geratu zitzaizuen hura bukatu nahi duzuela.

Ilusio handia piztuko lidake Unairekin jokatzeak, baina zail samarra dela uste dut. Ea udan elkarrekin jokatu dezakegun. Elkarren aurka bada ere, gustura jokatuko dut [hala ariko dira bihar gauean, Zaldibarren (Bizkaia)].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.