BI TARTE

Alerta

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Oskola kraskatu berritan itsasorantz abiatzen diren dortoka kumeen antzera, edo egutegi beharrik barik noiz eta norantz migratu badakiten txori bero-zaleak nola, informazio inplizitu mordoa dugu gure baitan emakume gisara jaio eta bizi izanagatik bakarrik, eta ez zentzu biologikoan; bizipenetatik eratorritako jakintza tonak dira, mapak eta instrukzioak eta espezieak eta arriskuak, edozein zapalkuntza egoerak irakasten dituenak, ingurua ulertu eta, ustez, biziraun ahal izateko.

Oraindik elkar harritzen dugu bat-batean gutakoren batek altuan ahoskatzen dituenean. Zuri ere bai? Hau ere bai? Uste nuen bakarra nintzela. Horrelako ausazko iruzkinei esker bistaratu izan dira sarri eremu sozial zabal bat bustitzen duten deserosotasunak, jazarpenak, erasoak, xantaiak. Urteen joanarekin ahaztuta zenituen kontuak ere ateratzen dira mahai gainera, gorputzak esango balizu bezala: «Bai, hemen neukan hau ere. Zuk garrantzia kendu nahi izan zenion arren, hemen neukan». Eta normalena da garrantzia kendu nahi izatea, beti ezin baita alerta bizi, ez duzu merezi sinesterik gerturatzen zaizun gizon bakoitza zu moduren batean erabiltzeko edo zuri kalte egiteko asmotan datorrenik. Horregatik kentzen diozu pisua, baina zure barne mapak hazi egiten dira, basoaren funtzionamendua eta ordu ilunak ikasten dituzu buruz, eta horri esker, urte gutxiren buruan gai zara espezie bakoitza bereizteko (edo gutxienez mesfidati jokatzeko): nor ari den bera baino askoz neska gazteagoei sare sozialetatik kaka ematen, nor den bere bikotekidea suntsitzen ari den misogino arriskutsua, nor izorratzen duen bere arlo profesionalean emakumeekin lan egin beharrak, nork ukitzen dituen bere lagun-taldeko emakumeen gorputzak edanda dagoenean, eta abar.

Gehienak bereizten dituzu (edo hala uste duzu), besterik da zer egiten duzun etengabe zabaltzen ari zaizun jakintza horrekin. Jakintza deituko diogu, indarkeria normalizatua luzeegia delako behin baino gehiagotan esateko. Pasatzen uztea egin izan zaizu errazen, norbera ere lotsatzen baita noizbait halako amaraun eskasetan erori izanagatik, eta nahiago ahaztu. Beti daude gauza larriagoak. «Agian bera ere lotsatuko da», pentsatzen duzu. «Edo besteren bati berdina egiten ibiliko da orain», pentsatzen duzu bestela.

Baina zenbatekoa ote da oraindik gogoz kontra ikasi beharko duzun guztia, eta datozenek ikasi beharko dutena? Oraindik barruak erne ibiltzeko esango dizu batzuetan. Argi gorri bat zeruan. Zuk ez duzu nahiko, berriro ez. Eta berriro baina-k, eta beharbada-k, eta kasualitateak, eta baliteke errua ez izatea beti berea, baina beldurra beti da zurea. Eta hori neketsua eta bidegabea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.