Erakutsi baino, nahiago gorde

Gazte apal bat enperadore bihurtu zen atzo Campo Imperatoreko helmugan: Davide Bais (Eolo-Kometa). Ihesean egin zen handi, bere ibilbideko lehen garaipena lortuta; non, eta aurtengo Giroko mendiko lehen etapa garrantzitsuan. Xumean ameslari, ia ezinezkoa izan arren, borrokalari aritu zen Bais, Simone Petilli (Intermarche) eta Karel Vacek (Corratec) lagun izanik. Errealitate bihurtu zuten etapa hasieran ameskeria hutsa zirudiena, ihesaldia helmugaraino eramanda. Indarrez hustuta iritsi ziren Gran Sassoko azken maldetara, eta oinazean gozamena aurkitu zuen Baisek.
Behatza gorantz ipini zuten tropeleko nagusiek. Onespen osoa eman zieten iheslariei. Harrigarria izan zen hautagaien epelkeria. Mendietako lehen azterketa zuten atzo, eta ez ziren aurkeztu ere egin. Piper egin zuten, zuzenean. Bukaeran bi mendate zeuden elkarren segidan, Calascio (13,5 kilometro eta %6ko pendiza) eta Gran Sasso (26,4 kilometro eta %3,4). Hala, azken 45 kilometroak maldan gora egin behar zituzten. Alferrik izan zen, ordea. Ia eskutik helduta iritsi ziren izen handi guztiak, eta maglia arrosari arazorik gabe eutsi zion Andreas Leknessundek (DSM).
Egun aproposa zen maila oneko ihesaldi jendetsua osatu zedin. Ordea, lau ziklista ausartu ziren bakarrik tropelaren gerizpetik ateratzen: Bais, Petilli, Vacek eta Henok Mulubrhan (Bardiani). Goian behean ari zuen euria, eta saldoan jarraitzea hobetsi zuten ziklista gehienek. Eguraldiak atertzera egin zuen, eta, aldi berean, handituz joan zen iheslarien errenta. Roccaraso zen eguneko lehendabiziko mendatea, eta gailurrera 11 minututik gorako abantailarekin iritsi ziren Petilli, Bais eta Vacek. 100 kilometro inguru gelditzen ziren helmugarako, eta behin-behineko liderra zen Petilli. Mulubrhan, berriz, bidean gelditu zen.
Atzean, DSM taldea ari zen gurditik tira egiten. Banako ilaran jarrita, jo handirik gabe gidatu zuten Leknessunden taldekideek multzo nagusia. Apur bat hurbildu zitzaizkien hiru iheslariei, ia inertzia hutsez bada ere. Amaierako igoera ia amaiezina gelditzen zitzaien. Edozer gauza gerta zitekeen. Haatik, aldea hamar minuturen jirakoa zen. Egoerari bira eman behar zioten tropelean, baldin eta etapa lehiatu nahi bazuten.
Indartsu eta argi
Lehia pizteko imintziorik txikiena ere ez zen izan onenen artean. Erritmo gogaikarria jarri zuten, ziklista astun askok jarraitzeko modukoa. Zabal-zabal eginda igo zituzten aldapak. Oso ikuskizun apala izan zen parajeen edertasunaren aldean. Hori horrela, geroz eta garbiago zegoen garaipena aurreko hiruen kontua zela.
Petillik bi ahalegin egin zituen helmugarantz bakarrik abiatzeko, bata sei kilometro falta zirela, eta bestea 3,5 kilometro falta zirela. Vacek estu eta larri ibili zen, baina eutsi zion, eta eraso egiten ere ausartu zen. Gordean zegoen Bais. Argi jokatu zuen, eta esprintean indartsuena zela erakutsi. Hiru minutura heldu ziren faboritoak, denak elkarrekin, eta Remco Evenepoel (Soudal) buru.
Zortzigarren etapa jokatuko da gaur, Terni eta Frossombrone artean. 207 kilometro ditu, eta bukaera hautsia du, hainbat mendate eta muinorekin.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.