Aulkiak ere badu distira

Realak puntuak batzen segitu nahi du gaur Anoetan Levanteri irabazita. Hasieratik ari direnen eta aulkitik irtendakoen arteko lotura baliatu dute txuri-urdinek goiko postuen peskizan aritzeko.

Jon Ander De la Hoz.
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Giro da Donostian. Realak bikain hasi du liga, eta, hamar jardunaldi jokatuta, sailkapeneko goiko postuetan da, hemeretzi punturekin. Txuri-urdinek, orain artean, sei partida irabazi dituzte, bakarra berdindu, eta hiru galdu. 2002-03ko sasoi arrakastatsuan, partida kopuru bera jokatu ostean, hiru puntu gehiago zituzten, eta, ordukoa helduleku hartuta, ilusioa agerikoa da Realaren jiran.

Aldarte on horri segida eman nahi dio gaur Imanol Alguacilen taldeak, Levanteri Anoetan irabazita. Orioko prestatzaileak asmatu du taldearen kudeaketan, eta irribarre zabal bat marraztea lortu du eskura dituen jokalarien artean. Azken asteetan hamaikakoa finkatua badu ere, donostiarren prestatzaileak talde luzea du bere aginduetara, eta hori baliatzen ari da taldeari freskotasuna emateko eta une garrantzitsuetan aurrerapauso bat emateko.

Jokalari garrantzitsuak bilakatu dira haietako asko, partidari unean-unean neurria hartzeko gai direla erakutsi baitute. Horien artean izen batek sortu du distira gehien: Alexander Isakenak. Aurrelari suediarrak zukua atera die orain artean izan dituen aukerei, eta haren egitekoa ez da oharkabean igaro. Bi gol sartu ditu hamar partidatan, eta bietan aulkitik aterata zulatu zuen aurkariaren atea. Espanyolen zelaian egin zuen lehena (1-3), eta iragan igandean bigarrena, Balaidosen, Celtaren aurka (0-1). Bi partidetan irabazi egin zuen Realak.

Atera begira ez, baina bestelako zereginetan aritzen diren jokalariak kokatu ditu Imanolek bere taldea partidaren hondarrean indartzeko. Zelai erdiko futbolarien kasua da; bereziki, Ander Gebararena eta Luca Sangallirena. Gasteiztarrak estreinako denboraldia du Realaren lehen taldeko jokalari gisa, eta, aurreko sasoian jokatu zuen aldietan egin moduan, partida korapilatuak askatzen lagundu du. Halaber, Imanolek hura kokatu du zelaian titularren bat falta izan zaionean edo haiei atsedena eman nahi izan dienean. Eta Gebarak ez du hutsik egin. Sangallik gutxiago jokatu du, baina, aritu den hiru partidetan, taldeari arnasa eman dio azken minutuetan.

Alex Remirok egoera bereziagoan hasi zuen liga. Atezainak aulkian hasi zuen sasoia, eta bazirudien lanak izango zituela Miguel Angel Moyari aurrea hartu eta atepean kokatzeko. Lehen partidetan Moyak jokatu zuen, baina, halere, Imanolek aldiro-aldiro ohartarazi zuen biekin duela konfiantza eta edozein momentutan egin zezakeela Remiroren aldeko hautua. Esan eta egin; Alavesen aurka egin zuen estreinakoa, eta, hurrengo bi jardunaldietan berriz ere aulkian egon ostean, Betisen aurkakoan itzuli zen zelaira. Hiru partidatan gol bakarra jaso du, eta jokoan zeuden puntu guztiak pilatu ditu Realak.

Ruben Pardo eta Adnan Januzajek irudikatzen dute txanponaren beste aldea. Harrobikoak ez du minuturik jokatu txapelketa hasi zenetik, eta sarri harmailatik ikusi behar izan du partida. Januzajek, berriz, hamaikakoan hasi zuen liga, baina bere parte hartzea urritu egin da azken partidetan, azken hiru neurketetan aukerarik ez izateraino. Hiru jardunaldiko astea izanda, litekeena da Imanolek gaurko neurketarako zenbait aldaketa egitea hamaikakoan, baina ez dirudi Pardo eta Januzaj entrenatzaileak hautatutakoen artean egongo direnik.

Hirunaka zenbatu nahian

Aho zapore onak irautea da Realaren xedea, eta, horretarako, hiru puntuak nahi dituzte txuri-urdinek gaur. Zaleen aurrean jokatu dituen lau partidetatik hiru irabazi egin ditu, eta bide hori urratuz segitu nahi du, sailkapeneko goiko postuei helduta. Levante izango du arerio gaur; Valentziako (Herrialde Katalanak) taldeak alderantzizko norabidea darama etxetik kanpo. Bost aldiz aritu da Orriolsetik urrun, eta behin besterik ez du lortu hiru puntuak eskuratzea. Gainontzeko lau aldietan esku hutsik itzuli da etxera.

Baina Imanolek nahiago du tentuz aritu, atzo partidaren atarikoan adierazi zuenez: «Iruditzen zait Alavesen, Betisen edo Atletico Madrilen aurkakoak baino partida korapilatuagoa izango dela Levanteren aurkakoa». Anoetan jokatutako neurketa haietan irabazi egin zuen Realak; gaurkoan ere gauza bera egin nahi du, talde osoaren bultzada pizgarri hartuta.

REALA-LEVANTE

Reala. Remiro; Zaldua, Elustondo, Llorente, Monreal; Gebara, Merino, Odegaard; Portu, Isak eta Oiartzabal.

Levante. Aitor; Miramon, Vezo, Cabaco, Clerc; Campaña, Radoja, Vukcevic, Morales, Bardhi; eta Mayoral.

Epailea. Melero Lopez.

Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).

Ordua. 19:00etan (Movistar La Liga1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.