BI TARTE

Parkea zeharkatzea

Nerea Ibarzabal Salegi, Malen Amenabar Larrañaga
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Zerk bilakatu zintuen zu nagusi? Nagusi, heldu, ez-ume, edo gaur zaren hau, pentsatzen baitut etengabe aldatzen ariko zarela oraindik. Mugarriak multzoka irits daitezke: filosofiako klase argigarri bat, gurasoen dibortzioa, lehenengo sexu-harremanak. Matematikako logaritmoak menperatzea, gertuko baten heriotza, bizilekuz aldatzea. Lagun minarekin izandako eztabaida hura, hautsak harrotu zizkizun liburua, militantzia; edo gauza gordinagoak, apurka baina etenik barik zure haurtzaroa kolorez aldatu zuten egunen sail gorabeheratsu bat. Ez zen erraza izango honaino iristea.

Goizero eta eguerdiro entzuten ditut nerabeak eskolara bidean eta handik bueltan, etxe ondoko parkean zehar, sukalderaino sartzen baitzaizkit haien oihuak eta barreak, ahots aldakorrez osatutako zurrumurru ibiltari bat, badoana.

Ahots ozenak eta algara deigarriak, ahots finagoak, burlariak, kantariak... eta isilik dirautenak, minen bati eusten. Azken hauek ez dira entzuten sukaldetik, baina hor daude, osotasunaren bosten bat izaten; EAEn, bost ikasletik batek esan duelako tratu txarrak jasaten dituela eskolan. Eusko Jaurlaritzak 100 eskola jazarpen kasu atzeman ditu, gehienak DBHn. Ahozko tratu txarrak omen dira ohikoenak: iraintzea, izengoitiak jartzea edo biktimaz txarto esaka aritzea, besteak beste. Badira jazarpen bortitzagoak ere: bazterketak, erasoak (fisikoak zein materialak), ziberjazarpena edo sexu jazarpena.

Duela gutxira arte Haur Hezkuntzako ume guri eta samurrak izandakoak elkar epaitzen hasten dira ikasgelan, elkar zigortzen jolastokian eta elkar baztertzen kalean. Lehenengo inbutu soziala da eskola, lehenengo abisua bizitzarako: «Zure ezaugarri hau ikusi dugu eta ez zaigu gustatzen». Eta hain da begi-zorrotza ikaskideena, norberak identifikatu gabe dituen ezaugarriak ere seinalatzen dituztela: loditasuna, luma, azala, bibotea, ahotsa, arropak, usaina, herrena, maitemina. Jazarriari ematen zaion tratuak zigor eredugarri gisa balio du gainerako guztientzat ere.

Leihora atera naiz nerabe ilara horri begiekin jarraitzera. Hor doaz, parkeko platanondoen artetik, generoka bereizita, janzkera eta orrazkera klonatuekin, launaka, binaka, banaka, desberdina izan baino nahiago hil. Badute platanondoen antza horretan: duela bi hilabete kimatu zizkieten adarrak, denei berdin-berdin, eta, noski, berdin-berdin ari zaizkie hazten hostoak orain, Gabonetan adarrak elkarlotu eta argizko teilatuak osatzeko prest. Kimatu eta berdindu egiten dugu elkar ume-umetatik. “Zelako zaila den adin horretan existitzea”, pentsatu dut, amapontekotza kutsuz. Zein etxetara ote doaz orain, zeri buruz egiten ote da berba haien mahai-bueltan, zer jango ote dute eta jaten ez badute zergatik ez dute jaten, zeren beldur dira, zer agertzen ote zaie mugikorren pantailetan, zerengan edo norengan babesten ote dira barruko min geroz eta korapilatuagoen aurrean, zerk eragindakoa da sorbaldak makurtzeko modu hori. Gustura galdetuko nieke “zerk bilakatuko zaitu zu nagusi?”, haien erantzunak entzuteko. Baina kontua ez da soilik zein sufrimenduk emango dien euren izaerari itzal goiztiar bat edo arrasto bat etorkizuneko harremanak baldintzatuko dituena, baizik eta zein tresna izango dituzten euren baitan eta inguruan horri aurre egiteko. Eta ez naiz soilik jazarriengan pentsatzen ari.

Basatia da nerabezaroa. Bizirik ozta-ozta atera nintzen sastrakadi bat bezala ikusten dut orain, eta datu horiek entzunda, jakin nahi nuke zenbati zaildu ote nien neuk ere biziraupena, jakitun edo oharkabean, parke itxurako monolaborantzako baso honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.