BI TARTE

Nahi nuke

Nerea Ibarzabal Salegi - Mariñe Arbeo Astigarraga
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun

«Nahi nuke txakur baten txakur izan, berak atera nazan paseora, eros diezadan pentsu garestia, lotsarik gabe, eta eman diezadan ur minerala ontzi batean».

 

Rigoberta Bandini, Perra.

Zure txakurrak uste duen bezain pertsona ona izan beharko zenuke, edo antzerako esaldi bat irakurri nuen nonbaiten. Maite zaituen txakurra zeuri begira bizi baita. Gureak adi-adi jarraitzen ditu etxeko joan-etorriak eta erreakzio urduriak. Ez ditu ulertzen telefonoa eta ordenagailua, baina badaki hor zerbait dagoela gure gustukoa dena. Pantailak usaintzen ditu, badaezpada. Antropodogo bat da. Arropei begiratuta bereizten du noiz noan zakarra ateratzera eta noiz lagunengana, eta bost minutuz edo bost orduz itxaroteko prestatzen da, kiribil bat eginda. Ikusi nau lorik egin ezinik ezkaratzera sartzen goizaldean. Sumatu nau nekatuta, eta eskaini dit bere lepazur iletsua, siesta egin dezadan bere txartasunik bako arnasaren hauspoan.

Nik ere Rigobertaren inbidiaz agurtzen dut bera, batez ere egun gogorren atarian, pertsonok asmatutako kontu konplikaturen bati aurre egin behar diodanean. Beti esaten diot: «Ez zenuke ulertuko gaur zer egin behar dudan, neuk ere ez baitut ulertzen». Noizbehinka eskatu izan diot: «Zoaz zu nire partez». Berak buztana astintzen du, berdin diolako nire etxetik kanpoko bizitzak; goizerdiko lo-kuluxka egingo du segidan, zer dira, ba, gaueko zortzi orduak? Kontzientzian trabarik ez duenak birritan pentsatu barik ixten ditu begiak.

Baina, ustekabean, berari ere iritsi zaio sen aztoratuaren egonezina. Bizilagunaren txakurrak otzal daramatza bizpahiru aste (Sena deitzen da, ibaiagatik, ordea), eta gureak uluka egiten dio negar hormaren beste aldetik. Gauero. Orain ez du pentsu garestirik nahi, ezta ur mineralik ere. Pisua galdu du, larrua nasaitu zaio eta ilea satorrari beste lakartu. Pasilloan dabil alderrai, intziri txikiak eginez pausoa botatzerakoan, aspaldiko partez gaupasa egin duen gizon heldua bezain zarpail eta oinazetsu. Gurutzatzen garenero erregutzen dit: «Ez al duzu ulertzen zer nahi dudan?», eta inbidiaz aztertzen nau, behetik gora, ateen maratiletara iristen naizelako.

Saiatzen naiz bera baretzen, zor diot hainbeste. «Pasatuko da, pasatuko da» esanez laztantzen dut bere lepogaina, baina gaixoak ez du begirik ixten, ez naiz bera bezain izaki baketsua, murritza da nire pazientzia, murritzagoa denbora.
Baina lasaigarri zait ikustea ez dagoela lasaitasun betierekorik inorengan, ez berraragitze idealik. Desberdin agurtzen dugu orain elkar, bakoitza bere larruan egotearen alde onak birpasatzen atea ixterakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.