Errusiako Munduko Kopa

Daukanak eutsi egiten dio

Hastapenetako indarra galdu du Keisuke Hondak, Japoniako izar izandakoak. Hala ere, gol sena du oraindik. Ordezko izan da lehen bi partidatan, eta 40 minutu besterik ez du jokatu. Baina nahikoa izan zaio gol erabakigarri bat sartzeko.

Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Oliver Atom, Tom Baker, Benji Price, Mark Lenders,Bruce Harper.... Izen horiek guztiak oso ezagun egin ziren mundu osoan 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Yoichi Takahashi japoniarrak sortutako Captain Tsubasa marrazki bizidunetako seriearen pertsonaiak ziren. Eskolan futbolean jokatzen hasi, eta Munduko Kopa jokatzera iritsi ziren hainbat gazte japoniarren istorioa kontatzen zuen serieak.

Keisuke Honda (Osaka, Japonia, 1986) lasai-lasai izan zitekeen serie horretako protagonista. Settsun, eskolako taldean hasi zen jokatzen 8 urte zituela, eta 12 urterekin, zera idatzi zuen irakasle batek etorkizunean egingo zuenaz idazlan bat eskatu zionean: «Heldu izaten naizenean munduko jokalari onena izan nahi dut. Ospetsua izango naiz, Munduko Kopak jokatuko ditut, Italiako talde batekin sinatuko dut, titular izango naiz, eta 10 zenbakia eramango dut elastikoan». Esan eta egin. 2014an, Milanekin sinatu zuen Hondak, eta Italiako taldeak 10 zenbakidun elastikoa gorde zion. 28 urterekin bete zuen ametsa.

Hondaren kirol ibilbidea, hala ere, bederatzi urte lehenago hasi zen, Nagoyan. Han egin zuen estreinakoa Japoniako maila nagusian, 19 urterekin. Gaitasunagatik balitz, lehenago egingo zuen debuta, baina batxilergoko ikasketak amaitu behar izan zituen profesional egiteko.

Hiru urtez jokatu zuen Nagoyan, eta aurreikusten zitzaiona erakutsi zuen. Segituan txiki geratu zitzaion etxeko liga. Sef Vergoosen herbeheretarra zen haren entrenatzailea, eta hark gomendatu zien Honda Herbehereetako zenbait talderi. VVV-Venlok fitxatu zuen 2008 hasieran. Talde apala zen, baina aproposa zirudien Honda gazteak (21 urte) hazten jarrai zezan.

Zailak izan ohi dira lehen aldiak, eta halakoa izan zen Hondarena ere. Venlok maila galdu zuen, eta Honda ez zen egokitu. Hala ere, sasoi amaieran mina arindu zion berria jaso zuen: lehen aldiz deitu zuten selekzioarekin aritzeko.

Bigarren sasoian, ordea, goitik behera aldatu zen egoera. Batetik, Venlok denboraldi bikaina egin zuen, eta maila nagusira itzuli zen. Bestetik, Hondak asko eta ondo jokatu zuen: ligan, 36 partidatan hamasei gol sartu zituen.

Bikain hasi zuen Hondak hirugarren sasoia ere, lehen hemezortzi partidetan sei gol sartuta. Urtea amaitu aurretik CSKA Moskuk fitxatu zuen, sei milioi euro ordainduta. Aurrerapauso handia zen, Errusiako taldea Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan baitzen. Hain zuzen, kanporaketa horretako joanekoan egin zuen estreinakoa jokalari japoniarrak, Moskun, Sevillaren aurka. Bana amaitu zen partida. Itzulikoan, berriz, hasieratik jokatu zuen, eta CSKAri garaipena eta sailkapena eman zion gola sartu zuen, faltaz. Hori lortuta, historia egin zuen: inoiz ez zen horren urrutsi iritsi Txapeldunen Ligan futbolari japoniar bat. Inter Milanek eten zuen errusiarren ametsa final-laurdenetan.

2010eko Munduko Kopa

Izar gisa iritsi zen Honda 2010ean Hegoafrikan jokatutako Munduko Kopara, haren lehen txapelketa handira. Eta han, inoiz baino distira gehiago egin zuen. Estreinakoan, hark sartutako gol bati esker irabazi zion Japoniak Kameruni (1-0). Bigarren partidan, aldiz, 1-0 galdu zuten japoniarrek Herbehereen aurka (1-0). Baina azken lehia erabakigarrian atera zuen arantza Hondak. 3-1 irabazi zion Japoniak Danimarkari, eta berak lehen gola sartu zuen, faltaz. Final-zortzirenetan ziren japoniarrak bigarrenez bere historian. Gertu izan zuten goia jotzea, baina galdu egin zuten penaltietan Paraguairen kontra.

Hegoafrikatik bueltan, nabarmentzen jarraitu zuen CSKAn. 2011 bikain hasi zuen, lehen titulua irabazi baitzuen, Asia kopa, Japoniarekin. Urte erdira irabazi zuen bigarrena, Errusiako Kopa. Lazeria pasatu zuen urtebetez, baina itxaronaldiak merezi izan zuen, bi hilabete eskaseko tartean hirukoa eskuratu baitzuen: Errusiako Liga, Kopa eta Superkopa. Azken horretan Hondak hiru gol sartu zituen finalean.

2013ko urrian bete zuen ametsa, Milanekin sinatuta. Baina ametsak beti ez dira izaten gozoak, eta Honda hainbestean aritu zen Italiako taldean egin zituen hiru urte eta erdian. Onenak emanda zegoen Milan, baita Honda ere. Bestela, ezin liteke ulertu iazko udan Pachuca Mexikoko taldearekin fitxatu izana. Han, hori bai, txukun aritu da, zazpi gol sartu baititu. Beste horrenbeste sartu zituen Errusiako Munduko Koparako sailkapenean. Errusian, ordezko hasi ditu bi partidak, eta 40 minutuan jokatu du. Baina nahikoa izan du gol bat sartzeko, Senegalen aurkako binakoa. Ikusteko dago gaur jokatuko duen. Japoniak haren beharra du, Poloniaren aurkako lehia erabakigarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.