Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Liburuak

2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Liburuaren fin gaizto, hurrenez hurrenko eta iragarria. Horixe zen, beraz, Jon Alonsok proposaturiko gaia, eta ez eskola. Ondo. Ez dakit asko dudan esateko. Liburuak ikusten ditut inguruan, gero eta gehiago, eta liburudendak, gero eta gutxiago. Eta moderno jarrita, liburu digitalak, ebook-ak eta tramankulu horiek guztiak ere ikusten ditut non jendeak, denbora faltaz, inoiz irakurriko ez dituen liburuak pilatzen dituen bildumazale obsesiboen antzera (nik neuk euskal eleberri oso bat irakurri nuen sakelakoan iaz ospitale bateko itxarongeletan). Beharbada audioliburuak dira euskal merkatuan ez daudenak, Erresuma Batuan kontu zaharra da eta Espainiako Erresuman orain bultzatu nahi omen dituzte. Beste behin esan nuen txoko honetan bertan liburudendetara sartzeak antsietate eta plazer nahasketa moduko bat pizten didala barne-barnean: liburuen oihan gero eta basatiagoan, zer aukeratu? Egia da ez dagoela euskarazko liburuak bakarrik dituen liburudendarik, esperimentua argigarria izango litzateke.

Beraz, ez dut uste liburuak desagertuko direnik, ni hil baino lehenago, behintzat, eta hil eta gero (salda bero) zer gertatuko den ariketa abstraktuegia da nire buru materialistarako. Formatoa aldatuko da? Badirudi liburu digitalak ez diola oraindik gerra irabazi paperezkoari. Idazteko era, kontatzeko modua aldatuko dela? Baina, ez al da aldatu betidanik? Eta beste kontu garrantzitsu bat: liburu guztiak ez dira literatura, eta ez naiz liburu teknikoei buruz hitz egiten ari, literatura bezala saltzen dituzten liburuez baizik.

Lagun batek utzi zidan ospetsu egin diren best-seller horietako bat: hilketa misteriotsuak, Euskal Herrian kokatua, aita, eguzkilore eta baserri euskal hitzak tartekatzen dituena. Laugarren orrialderako aspertuta nengoen, baina, aldi berean, harrituta, oso gaizki idatzita (gaztelaniaz) zegoelako; zalantza izan nuen ea idazleak ulertzen zituen, benetan, erabiltzen zituen hitzen esanahiak. Behin baino gehiagotan saiatua nintzen best-sellerrekin, eta inoiz ez nuen lortzen hogeita hamar orrialdetik aurrera segitzea. Oraingoan lortu dut, bukaerara arte, hiltzailea nor zen jakin arte, liburuaren erdian-edo asma daitekeena, bide batez. Lagunei liburuaz galdetu diet: batez besteko erantzuna izan da ez dela beste munduko gauza, baina entretenitzeko balio duela, ez zaie axola izan gaizki idatzita dagoen ala ez, entretenitzeko baita, trama apur bat fantastikoa baina entretenitua. A, eta Gasteizen gertatzen dela eta euskarazko hitz batzuk agertzen direla (ezaguna da euskaldunen artean egon den orgasmo orokorra New York Times egunkarian perretxiko eta patxaran hitzak agertu direnean). El silencio de la ciudad blanca liburuaz ari naiz, Eva García Sáenz de Urturirena. Liburua da. Literatura? Literatura txarra? Agian ezta hori ere.

Nik neuk neure burua entretenitzeko twitterren noizbehinka agertzen diren test txotxolo horietako bat bete dut: «Jane Austen-en pertsonaien artean zein izango zinateke zu?». Janari ingeles bat aukeratu dut, hiri bat, paisaje bat, aktore bat eta beste ergelkeria pare bat, emaitza: Anne Elliot, Persuasion liburuko protagonista. Liburua ez dut irakurri eta etxetik atera naiz liburua nola edo hala lortzeko, jakin behar dut nolakoa den Anne Elliot nolakoa naizen ni jakiteko. Liluraturik irakurri dut. Anne Elliot irakurzalea da, baina kontu batzuetarako, emakumeen izaera kasu, ez da liburuek diotenaz gehiegi fidatzen «gizonek abantaila guztiak izan dituztelako haien istorioak kontatzeko orduan, luma haien eskuetan egon da beti».

Ez naiz Jane Austenen laguna. Ezta Katixa Agirrerena ere, biok gara gasteiztarrak baina mitoak dioena, Gasteizen jende guztia elkarren ezaguna dela, aurreiritzi faltsua da: uste dut pare bat aldiz egon garela elkarrekin beste jende askorekin tabernaren batean edo. Lagun ez badut ere, oso gustura irakurri dut Atertu arte itxaron eleberria pasa den astean (berandu nabil beti nobedadeekin). Entzuna nuen Benjamin Britten musikaria agertzen zela liburuan, eta Brittenen musika maite dudanez, liburuaren atzean ibili naiz irakurri arte. Ez naiz damu.

Jane Austenekin eta Katixa Agirrerekin entretenitu naiz, eta zerbait gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.