Bat-bateko Sorolla

Bilboko Arte Ederren museoak Joaquin Sorolla margolariari buruzko erakusketa bat zabaldu du, haren 186 apunte eta koadro txiki biltzen dituena

Inigo Astiz
Bilbo
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Azkar margotu behar da, gauza iheskor asko galtzen baita, eta ez da berriz aurkitzen!». Bizitza osoa eman zuen Joaquin Sorolla margolariak ikusten zituen gauza guztien olio pinturazko apunte txiki berehalakoak hartzen, eta horretarako berdin baliatzen zituen hala kartoiak nola oihal puskak, edota baita argazkien atzealdeak ere. Beti zebilen pintura kutxa eskuetan. Sortzaileak «ohartxoak», «orbanak» eta «koloretako oharrak» deitzen zien lanoi. Halako 2.000 lan baino gehiago ezagutzen dizkiote adituek, eta multzo erraldoi horretako 186 margolan biltzen dituen erakusketa bat zabaldu du orain Bilboko Arte Ederren museoak. Aurrez Madrilgo Sorolla museoan egon da erakusketa, otsailetik azarora bitartean, eta bisitariak hurrengo urteko otsailaren 23ra arte ikusi ahalko du orain Bilbon, Inpresioak ehizatuz. Sorolla formatu txikian izenburupean.

«Hondartzan jolasean dabiltzan umeen margolanez harago doan Sorolla bat erakustea izan da kezketako bat». Consuelo Luca de Tena, Blanca Pons-Sorolla eta Maria Lopez Fernandez komisarioek antolatu dute erakusketa, eta, azaldu dutenez, margolariaren alderik «intimoena», «pertsonalena» eta «sekretuena» erakusten dute lan txikiek. Haietako batzuk apenas diren hamar zentimetro altu eta hamabost zentimetro zabal, eta, halere, «miniaturan egindako goi artea» direla esan dute adituek. Izan ere, neurri minimo horretan ere, zehatza da margolariaren pintzela, zainduak dira konposizioak, eta aberatsa koloreen ñabardura. Gainera, oharrek badute momentua harrapatzeko beharretik sortutako urgentzia berezi hori. «Sorollaren unibertso piktoriko guztia biltzen dute», laburbildu du Lopez Fernandezek.

Hasieran, koadro handiagoetara iristeko erdibideko urrats bat baino ez ziren berehalako apunte horiek Sorollarentzat, teknika hobetzeko aitzakia bat, baina, urteekin, aldatuz joan zitzaion haiei buruzko iritzia, eta, azkenerako, beste margolan handiago eta ezagunagoen parean erakusten zituen, nazioarteko erakusketak egiten hasi zenean. Marko banarekin guztiak. Bakoitza bere prezioarekin. Independente.

Komisarioek kronologikoki antolatu dituzte piezak Bilboko erakusketan, eta bisitariak klase guztietako artelanak topatuko ditu bertan. Erretratuak. Paisaiak. Zuhaitz loratuak. Taberna barrualdeak. Hondartzan jolasean dabiltzan umeen apunteak. Tarteka, hain da arina pintura kapa, atzealdeko egurra eta kartoia ere argi ikus baitaitezke. Badira ziurtasun momentuak margolanetan, eta ikus daitezke zalantza uneak ere. Adibidez, lerro beltzez zirriborratutako mamuak dirudite artistak paisaiaren erdian bukatu gabe utzitako giza figurek. Hiriak. Itsasontziak. Eta baita itsasoaren distirak harrapatzeko saiakerak ere. Distirak eta islak, eta distira eta isla gehiago. Argia. Itsasoa. Haizeak uretan eragindako mugimenduak. Agertzerako desagertzen hasia den hori guztia.

Euskal Herriko irudiak

Sorollak bereziki maite zuen Euskal Herriko kosta , eta maiz ibili zen, besteak beste, Zarautzen, Donostian eta Bidarten, bere margo kutxarekin oharrak hartzen. Eta bidaia horien aztarnak ere topa daitezke erakusketan: guztira, euskal kostan egindako berrogei margolan ikus daitezke hormetan.

Nekaezina zen Sorollaren jarduna, komisarioen hitzetan. Beti zebilen arkatz batekin edo pintzel batekin. Eta horregatik daude hainbeste margolan txiki ere. Lopez Fernandezek dioenez, maiz emazteari eskutitzak idazteko baliatzen zuen margolariak eguerdiko atsedenaldia, baina, komisarioak kontatzen duenez, sonbreiru baten apuntea zela, edo kafetegiko alboko bezeroen erretratu azkar bat zela, gehienetan marrazkiz zipriztinduta heltzen ziren eskutitzak helmugara. Hori zuen lan metodoa. Lopez Fernandez: «Haren margolan handien atzean begirada eta pintura orduak eta orduak daude».

Aitortza lortu ostean ere, etengabe margotzen jarraitu zuen artistak, apunteak egin eta egin beti, eta, hain zuzen ere, artistaren azken fase horretako margolanak nabarmendu ditu komisarioak. «Gero eta sintetikoagoa bilakatuz joan zen haren pintura, eta gutxienekoan geratu zen azkenean. Gauza berriak egiten hasten ari zela ikusten da hor. Hiltzera zihoanean ere, eta munduko arrakasta guztia lortua zuen arren, eta bere arrakasta ekonomiko, sozial eta artistikoa eztabaidaezina zen arren, ikertzen jarraitu zuen formatu txikiaren bidez, eta hori da erakusketa honek duen amaiera zoragarria».

Museo Sorollazalea

Inpresioak ehizatuz hautatu dute bildumaren titulutzat, baina bestelako izenburu batzuk ere izan zitzakeen erakusketak, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendariaren hitzetan. «Sorolla, naturalean», adibidez, margolan guztiak hala egin zituelako: lekuan bertan zuzenean. Baina, Zugazak dioenez, «Sorolla, fa presto» ere dei zitekeen bestela, margolariak uneak harrapatzeko erakusten duen bizkortasunagatik, edota «Sorolla inpresionista» ere bai, pintorearen alderik libreena erakusten dutelako eta nabarmena delako argiaren ñabardurekin erakusten duen kezka. Edozein kasutan, margolanen kalitatea eta erakusketaren berezitasuna nabarmendu ditu zuzendariak, oso gutxitan ikusi ohi direlako formatu txikiko hainbeste lan elkarrekin. «Altxor bat da», borobildu du.

Zugazak onartu duenez, Bilboko ArteEderren museoakbadu Sorollarenganako halako jaidura bat. «Hamar urtean behin eskaintzen diogu erakusketa bat», azaldu du. 1998an elkarrekin erakutsi zituzten Sorollaren eta Ignacio Zuloagaren lanak. 2008an, haren lan handien hautaketa bat jarri zuten. Eta, hamar urteren ostean, orain heldu dira margolan txikiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.