Albistea entzun

Diskoaren bueltan kateatuta

Disko bat jaurti eta burdinazko saski batean sartzean datzan kirola da disko golfa. Euskal Herrian geroz eta jende gehiago «harrapatu» du katearen hotsak.
Andoni Zenarrutzabeitia, disko golfean, hainbat disko sarean sartzeko ahaleginean.
Andoni Zenarrutzabeitia, disko golfean, hainbat disko sarean sartzeko ahaleginean. Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2023ko otsailak 4

Makilaren eta pilotaren ordez, diskoa, eta zuloaren ordez, burdinazko katedun saskia. Horrek bereizten ditu golfa eta disko golfa, geroz eta ezagunagoa egiten ari den kirol bat. Irteera gunetik hasita, ahalik eta jaurtiketa gutxien eginda saskiratzea da helburua. Katearen hotsak erakarrita, Euskal Herrian ere hasiak dira txapelketak eta ligaxkak egiten.

XX. mendearen hasieran sortu zen kirola, Kanadan, eta, hainbat urteko etenaren ostean, 1960ko hamarkadan hasi zen disko golfaren aro berria. Andoni Zenarrutzabeitiak, Bilbao Disc Golf klubeko presidenteak, 2018an ezagutu zuen, Finlandian. Oso kirol arrakastatsua da han: mila zelai baino gehiago dituzte sei milioi biztanlera iristen ez den herrialde horretan.

Argi dauka zerk erakarri zuen: edonon eta edonor aritzeko modukoa zela ikusteak. «Horregatik esaten dugu mundu guztiak behar duen kirola dela. Ez dago hainbeste belaunaldik elkarrekin jokatu dezaketen beste kirolik», azaldu du.

Bidaiaz geroztik, Euskal Herrian zelaiak zabaltzeko eta kirola ezagun egiteko ahaleginean jardun du. 2019an ireki zuten lehenengoa, Irrisarriland parkean, Igantzin (Nafarroa). Gaur egun, Sestaon eta Portugaleten (Bizkaia) eta Lekunberrin ere (Nafarroa) badago jokatzeko modua. Ligaxkak eta txapelketak antolatzen dituzte, eta «komunitate bat» sortzen ari dira pixkanaka, oraindik jende gutxi ibili arren beste kirolekin alderatuta.

PDGA Professional Disc Golf Association erakundea arduratzen da, urtero, arauak berresteaz eta moldatzeaz. Hasteko, zelaiek mugak dituzte, jokatzeko eremua zehazteko: diskoa horien barruan bota behar da, eta, hortik kanpo geratzen bada, jaurtiketa bateko penalizazioa izaten da. Berdin gertatzen da mandoak deitzen zaien geziekin: diskoak noranzko jakin baterantz botatzera behartzen dituzte jokalariak, eta, hala egin ezean, jaurtiketa bat gutxiago izango dute sareratzeko. Saskitik hamar metro edo gutxiagora, berriz, debekatuta dago salto egitea, green-ean daudelako.

Golfaren «eboluzioa» izan arren hura baino errazagoa dela esan du Zenarrutzabeitiak. Izan ere, golfean urtebete behar da pilotari ematen ikasteko. Gero, azterketa bat egin behar da, eta mila eurotik gorako kuota ordaindu, jokatu ahal izateko soilik: «Disko golfean, hobekuntza egun gutxiren buruan nabaritzen da, eta, hilabete batzuetan, teknika zeharo hobetzen duzu. Eta, noski, askoz ere merkeagoa da: disko bakar bat nahikoa da jokatzeko».

Naturaren errespetua

Disko golfagatik ez balitz ezagutuko ez lituzkeen hainbat lekutan izan da Zenarrutzabeitia. Naturaren errespetua bultzatzen duela dio: «Diseinuak egiten ditugunean eta zelaiak instalatzen ditugunean, beti kontuan hartzen dugu naturak ematen diguna. Ez dugu ezer eraldatzen; are, gune berdeak leheneratzen ditugu». Hala egin zuten, esaterako, Portugaleten. Panpa-belar espezie inbaditzaileak zelaia erabat hartuta zeukan, eta dena moztu eta berreskuratu zuten.

Alde txar bakarra ikusten dio kirolari: «harrapatu» egiten duela. «Brometan, beti esaten dugu, txanpon makinen edo diruaren soinu bera daukala kateak egiten duen zaratak. Ni ez naiz jokalaria, eta betidanik nazka izan diot, gauza izugarriak ikusi baititut. Baina sonoritate horrek ez dauka konparaziorik: kateak egiten duen zarata hori ederra da».

Igandeetan elkartzen dira Sestaon eta Portugaleten disko golfean aritzeko, eta informazioa edo materiala behar izanez gero Trapagarango (Bizkaia) Euskadisc golf dendara jotzeko esan du. Haiek bihar hasiko dute ligaxka, eta Euskal Herriko hirugarren txapelketa aurten jokatuko dute, Irrisarrilanden, iraileko asteburu batean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Sarrionandia <em>Kristalezko begi bat</em>-en pasarte bat irakurtzen, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' irakurri dute Bilboko Arriagan

Amaia Igartua Aristondo

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' eleberria irakurri dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako XVI. Irakurraldi Jarraituan.

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kontsultaren eta laborategiaren artean zubiak eraikitzea dagokit»

Iker Tubia

Laguntza eta jakin-mina aipatzen ditu Mendibek neurologiaz hitz egitean, baita pazienteak eta talde lana ere. Esklerosi anizkoitzaren alorrean izan diren aldaketa «sekulakoak» azaldu ditu. Esan duenez, alzheimerra eta AEA dira erronka nagusiak.
 ©EITB

«Primeran plataforman egongo da fikzio euskaratua, ez ETB1en»

Urtzi Urkizu

EITBk irailean aurkeztuko du Primeran plataforma. Iparragirrek iragarri du filmak, telesailak eta dokumentalak izango direla ardatz nagusia —%99 euskarazko audioarekin edo azpidatziekin—.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...