Hirugarrena, balekoa?

Hirugarrenez ari da binakakoan Julen Martija, eta hirugarrenez iritsi da finalerdietako ligaxkara. Aurreko bietan, Jokin Altunarekin, finalaren atarian geratu zen. Barruraino sartu nahi du aurten, Joseba Ezkurdiarekin. Baikor da.

JOXE ZABALZA / @FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Inoiz ezin da asmatu etenaldi batek mesede edo kalte egingo duen: batetik, aproposa izan daiteke indarberritzeko, baina, bestetik, erritmoa eten dezake. Julen Martijak (Etxeberri, Nafarroa, 1997), behintzat, «eskertu» egin du astebeteko atsedenaldia. «Hamalau aste egin ditugu jarraian jokatzen, eta, egia esan, eskertzen da atseden pixka bat hartzea. Mesede egingo dio gorputzari, eta eskuei. Halere, ez gara geldirik egon. Gogor entrenatzen segitu dugu».

Lanak fin egin izanaren ondorioa da atseden hori. Fin aritu baitira hura eta Joseba Ezkurdia: bigarren izan ziren ligaxkan, hamalau jardunalditan bederatzi garaipen eskuratuta. Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta enpresakideak bakarrik izan zituzten aurretik, hiru garaipen gehiagorekin. Hain zuzen, haien aurka jokatuta ekingo diote finalerdietako ligaxkari, bihar, Iruñean (17:30, ETB1).

Gaizki ohitzen ari da Martija. Hirugarrenez ari da binakakoan, eta hirugarrenez ailegatu da finalerdietako ligaxkara. «Zortea izan dut», esan du. Atzelari nafarrak ez du erreparorik aitortzeko jardun on horretan «zerikusi handia» izan duela enpresako bi aurrelari onenekin jokatu izanak: Jokin Altunarekin aurreko bi aldietan, eta Ezkurdiarekin oraingoan. «Egungo aurrelaririk onenak dira Jokin eta Joseba, eta haiekin jokatzea askoz errazagoa da. Asko laguntzen dizute, baita jokatzen utzi ere. Eskertzen diot enpresari aukera hori eman izana».

Enpresarekin eskertuta

Finalerdietako ligaxkara iritsi bai, baina finalaren atarian geratu da beti. Beraz, argi du helburua: hirugarren ahalegina izatea balekoa. «Baikor» da. Orain arte eginiko «lan ona» da horrela egotearen arrazoia. «Erregularrak izan gara, eta batez ere bigarren itzulian oso partida onak egin ditugu. Finalerdietako ligaxkan hala aritzen bagara, aukera izango dugu finala jokatzeko». Hala ere, «argi» du «zerotik» hasiko direla bigarren ligaxkan, eta bertara iritsi diren bikote guztiek «asko» dutela jokoan.

Bere jardunaz galdetuta, «behetik gora» egin duela dio. «Hobeto ari naiz orain. Hasieran, ez nintzen oso ondo aritu, eta Josebak lagundu zidan». Ligaxka osoan izan da horrela. «Plazera da harekin jokatzea. Izugarri laguntzen dit, pilota txar asko kenduta. Eta, hari pilotaren bat uzten diodanean, badakit ondo amaituko duela aurrean. Min handia egiten die arerioei». Altuna III.arekin konparatuta, ez du alde handirik nabaritu. «Bakoitzak jokatzeko era bat du, eta dohain jakin batzuk, baina antza dute: bikainak dira biak, asko laguntzen diote atzelariari, pilota onak uzten dizkizute, eta aurrean, aukera dutenean, min handia egiten dute. Plazera da halako aurrelariekin aritzea».

Urteek eta partidek eskarmentua ematen dute, eta, poliki-poliki, ari da esperientzia pilatzen Martija. «Binakakoan lehen aldiz aritu nintzenean, Jokini esker ailegatu nintzen urruti. Asko lagundu zidan, eta sekulako partidak egin zituen. Baina, ordutik, jada jokatu ditut neurketa batzuk, eta eginago nago. Hobeto jokatzen dut». Hobeto bai, baina «hobetzeko asko» duela barneratuta. «Hobeto eusten diot sasoiari, eta neurketak hobeto amaitzen ditut. Pilota ere gehiago mugitzen dut. Ezkerrarekin, berriz, ez naiz nahi bezain ondo moldatzen. Baina gogor ari naiz lanean hori hobetzeko».

Bihar «erronka zaila» dutela dio. «Oso partida zaila da. Zabaletak sekulako kolpea du, eta Jaka oso ondo ari da, tantoak arin eta ongi amaituta. Ligaxkan, haiek behin irabazi zuten , eta guk, beste behin. Ondo jokatzen badugu, irabazteko aukera izango dugu. Horretarako, garrantzitsua izango da ongi hastea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.