Zahartzaroa bestela diseinatzen

Zaharren etxebizitza kolaboratibo baterako proiektua abiarazi dute Villatuertan. Euskal Herrian asko dira zahartzaroa bestela bizitzeko hautua egin dutenak, baina oraindik proiektuak burutu gabe daude. Erakundeek ere badute etxeko lanik.

Villatuertako zaharrentzako etxebizitza kolaboratiboaren proiektuak eskaini nahi dituen apartamentuen planoa. BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Bizitza osoan norbera bere bizitzaren jabe izatea; beraz, zahartzaroan ere autonomiaz bizitzea. Hori da geroz eta jende gehiagoren kezka. Azken urteetan, adinean gora doazen zenbait euskal herritar ohiko zaharren egoitzen alternatibaren bila ari dira , eta Europako iparraldean aurkitu dute haien kezken erantzuna: zaharren etxebizitza kolaboratiboak. Modu horretan, norberak bere pisu egokitua du, baina baita besteekin biltzeko eremu komunak ere. Euskal Herrian proiektu dezente daude martxan, hainbat fasetan, baina oraindik ez dira burutu. Berriki, halako proiektu bat martxan paratu dute Villatuertan (Nafarroa).

«Azkenean, bakarrik geratzen gara. Herrietan etxeak oso handiak izaten dira, eta, halako etxetzarra soilik zuretzat... Gainera, hura berotzen pila bat gastatzen duzu. Hobe zaude lagunekin». Vicente Torresek horrela ikusten du zahartzaroa. Villatuertan bizi da, eta San Veremundo erretiratuen elkarteko beste kide batzuekin batera etxebizitza kolaboratiboaren proiektu bat martxan jarri dute. Oraingoz, kide gehiagoren bila ari dira, azaroaren 30a arte.

Hamasei lagun batu dira dagoeneko, eta inguruko herrietan proiektua zabaltzen ari dira: Lizarran, Oteitzan eta Aiegin. Izan ere, Villatuertak mila biztanle pasa ditu; beraz, zailagoa da soilik bertakoekin aurrera egitea. Torresen aburuz, 30 lagun da kopururik egokiena. Hala ere, aurrera eginen dute: «Martxan jarriko gara, tramiteak luzeak baitira, eta proiektua garatu bitartean segituko dugu bazkideak egiten».

Etxejabeen talde batena da etxebizitza kolaboratiboen ideia. Egokitutako pisu txikiak izaten dira, arkitektura oztoporik gabekoak, baina gune komun zabalak dituzte: sukaldea, jantokia, multimedia aretoa, egongela, gimnasioa, garbitegia... Modu horretan uztartzen dira bizitza pribatua eta elkarbizitza. Gainera, bizilagunek behar dituzten zerbitzuak errazten dituzte: garbiketa, otorduak, bestelako zaintzak...

Etxebizitzaren nondik norakoak bertan bizi direnek erabakitzen dituzte; horregatik kooperatiba bezala funtzionatu ohi dute: pisu bat, boto bat. Hala eginen dute Villatuertan, eta hala egiten dute beste proiektu batzuetan ere. Izan ere, bi gauza horiek dira garrantzitsuak: bakarrik ez geratzea eta erabakitzeko ahalmenik ez galtzea.

Torresek argi du hori dela berarentzat nahi duen eredua: «Zaharren egoitza baino hobea da; sekulako aldea dago. Egoitzetan, prezioak direla eta, askotan logela partekatua hartu behar duzu, batzuetan komunak logelatik kanpo daude... Guretzat hau da alternatibarik onena, norberak bere apartamentua duelako, baina elkarbizitza dugulako, eta dena guk kudeatzen dugulako». Are, villatuertarrak uste du alternatiba hori nagusitzen hasi dela.

Iruñean ere hasiak dira urratsak egiten. Bi elkarte ari dira zaharren etxebizitza kolaboratiboak sustatzen: Etxekona eta Etxekide. Bigarreneko kidea da Begoña Sadaba: «Duela hiru urte, nire anaia zaharren egoitza batean sartu zen, eta, egoera hori ikusita, beti kendu nahi izan dut egoitzaren kontua burutik. Etxebizitza kolaboratiboarena aukera ona izango dela uste dut». Senarrarekin batera halako etxebizitza batera aldatzea erabaki du.

Nor bere buruaren jabe

Garrantzi handia eman dio erabakitzeko ahalmena ez galtzeari: «Gure anaiak ez du bisitarik abuztuaz geroztik; bakartuta daude. Eta zaintza hala-holakoa izaten da, langile falta dago, azkenen finean irabazteko asmoa duten enpresak baitira». Baina ez hori bakarrik: elkarrekintza ere nabarmendu du: «Gaitasunen bat galduko bagenu, elkar laguntzeko aukera dugu». Elkarlana zehazturik dute: kooperatibista bakoitzak ordu batzuk eskaini beharko dizkio etxebizitzari: norbaiti laguntzeko, komuneko lanak egiteko... «Autonomia ahal bezainbat garatu behar dugu. Zahartzaroa duintasunez eta lagunartean bizitzeko aukera da».

Bakardadeari aurre egin eta zaharren egoitzak saihestu. Bi arrazoi horiek askotan aipatzen dituzte etxebizitza kolaboratiboen alde egiten dutenek. Ixabel Fernandez Donostiako Elkarbidea elkarteko kidea da, eta haiek ere ari dira etxebizitza kolaboratibo proiektu batekin. Elkartea kooperatiba bihurtzeko urratsa egiten ari dira, estatutuak prestatzen. Proiektuaren inguruan dabiltzanen profila azaldu du: «60 urtetik gora ditugu; gehienok erretiroa hartuta dugu, eta beste eredu batean bizi nahi dugu». Aurretik ere zalantzan jarri dituzte ezarrita dauden ereduak: «Asko herri mugimenduetatik gatoz, edo irakaskuntzaren zein osasungintzaren alorretatik».

Ez da kasualitatea, beraz, elkarbizitza eta kooperatibismoa eredu horren oinarrietako bat izatea. «Gure bizitzen jabe izan nahi dugu. Guk diseinatu dugu proiektua, eta guk pentsatu eta aurrera eramango ditugu gure helburuak». Hala ere, Fernandezek nabarmendu du bidea luzea dela: «Lan dezente ari gara egiten. Udalarekin harremanetan jarri gara, eta bidea egiten ari gara».

Iruñean ere bidea ez da uste bezain erraza izaten ari. Etxekidekoak zain daude, udalak lur okupazionalak noiz aterako. Aurreko legegintzaldian udalak orube batzuk atera zituen lehiaketara, baina Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak errekurtsoa jarri, eta dena gelditu zen. Oraingo udalarekin ere ari dira solasean, eta aldeko jarrera sumatu dute.

Cristina Cuesta nafarra Cohousing Spain elkarteko arduraduna da. Etxebizitza kolaboratiboen proiektuei laguntza ematen die, eta Eusko Jaurlaritzarentzako lan batean parte hartu zuen. Erakundeetan aldaketak behar direla nabarmendu du: «Administrazioak jarrera ona du, baina ez dute gaia ongi ezagutzen, eta, neurriak hartzerakoan, kontuan izan behar dute zein diren bertan dauden proiektuak eta esparrua».

Alde horretatik, «ikuspegi zabalago bat»eskatu du. «EAEko araudian etxe kolaboratiboari egiten zaion erreferentzia gutxi horrek batzuetan talka sortzen du, eta segurtasun falta sortzen da». Horrek arazoak ekar ditzake: «Erakunde batzuek esku hartu dute edo orubeak lizitatu dituzte, baina azkenean proiektuek porrot egin dute forma arazoengatik edo etxe kolaboratiboaren ikuspegi faltagatik». Horregatik, neurri batzuk proposatu zizkioten Jaurlaritzari.

Orain, Euskal Herrian ez dago burura eraman den zaharren etxebizitza kolaboratiborik. Nafarroan, Arterra Bizimodu proiektua da eredu horri gehien gerturatzen zaiona, baina ez dago adin zehatz bati bideraturik. Zaharren egoitza batzuk ere hasi dira beren ereduaz pentsatzen: esaterako, Lizarrako (Nafarroa) San Jeronimok apartamentuak eraikiko ditu egoitzatik kanpo. Baina ez da eredu kolaboratiboa izanen. Pandemiak ere piztu du jende gehiagoren jakin-mina. Hala sumatu du Cuestak lanean. Aurretik ere gora egiten ari zen ereduarekiko jakin-mina, baina orain «ikusgarria» izan da igoera.

Beste eredu bat

Zuberoan ere saiatu ziren etxebizitza kolaboratibo bat martxan jartzen. Nicole Lougerot Etxeka elkartean aritzen da, eta hark azaldu du 2013an helburu horrekin sortu zutela. Ez zen aurrera atera. «Hiri zentroan nahi zuten bizi, oro egiteko berak, baina ez zuten batere nahi elkarrekin bizi», azaldu du. Hala, zazpi lagun eraman zituzten herrietatik Mauleko zentrora, baina bakoitza etxe batera. «Xerkatzen dugu apartamentua, laguntzen dugu lekualdatzen, zerbitzua antolatzen dugu... Eta bisita bat astez egiten dugu, oren erdi batez».

Lougerotek uste du nork bere autonomia izatea garrantzitsua dela. Horretarako, zerbitzu gunetik urruti bizitzea edo etxe handiegia izatea muga izan liteke; horregatik eskaintzen dute alternatiba. Orain, arazoak dituzte: «Ez dizugu atzematen apartamenturik Maulen zaharrentzat, eta hori problema bat da, beste soluzio bat ez bada ospitalerat joaten direlako». Lau apartamentuko etxe bat nahiko lukete, horrela bizilagunek hautatzen ahal dutelako zer egin. Oraingoz, haiengana jo dutenek nahiago zuten bakarrik bizi, baina baliteke egoera aldatzea: «Gazteagoek bai, nahi dituzue horrelako gauzak, baina zaharrek ez». Oraindik bizitzeko manera berria baita Euskal Herrian, eta sustraiak botatzeko denbora behar izaten da. «Bizi eredu indibidualista batetik heldu gara, eta konplexua da kolektiborako urratsa egitea. Lan egin behar da», esan du Cuestak. Baina gogotsu dago, geroz eta gehiago baitira bestelako zahartzaro bat diseinatu nahi dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.