Bilbok ukatutako Bilbo bat

1950eko hamarkadan, migratzaile askok lana topatu zuten Bizkaiko hiriburuan, baina ez etxerik. Ondorioz, etxolak eraiki zituzten: ia 5.000 ziren 1960an. Iñigo Lopezek gai horri buruz dihardu 'Bilboko etxola batean' liburuan.

Etxola bat barrutik. Metro koadro gutxi zituzten, eta urik ez. FLOREN CARRON SERRANO.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Fenomeno paradoxikoak izaten dira begien aurrean egonda ere ezkutuan dirauten horiek, esangura irabazita ere ezikusian jarraitzen dutenak, harik eta neurrigabeki puztu eta arreta erruz bereganatzen duten arte. Gisa horretako fenomenoa izan zen Bilboko etxolena: Erdi Arotik existitzen ziren; 1940ko hamarkadan dokumentatu ere egin zituzten, baina 1950eko urteetan arazo bilakatu ziren, hiribilduaren inguruko mendien magaletan erroturik, eta, are, hirigunetik gertuko gune gutxi batzuetara hedatuta zeudenean. Etxolon ugaritzeaz eta garrantzi historikoaz dihardu Iñigo Lopez Simon historialariaren Bilboko etxola batean liburuak: proiektuak Debako Udalak eta Elkarrek antolatutako Tene Mujika saria irabazi zuen 2020an, eta berriki argitaratu du Elkarrek.

Industriako lanpostuek erakarrita, langile andana bat joan zen Bilbora, Espainiako nekazari lurraldeetatik batik bat —Gaztela, Extremadura, Andaluzia, Kantabria...—, baita inguruko udalerrietatik ere. Bilboko biztanle kopurua asko hazi zen denbora gutxian, baina ez zegoen etxebizitza nahikorik, Lopezek azaldu duenez: «Gerraostean eraikuntzaren sektorea izugarri geldiarazi zen, inbertsio falta eta material eskasiagatik». Eskuragarri zeuden etxe bakarrak Zabalgunekoak ziren, oso garestiak; askok etxea partekatzen zuten.

Hori horrela, etxolak eraikitzea erabaki zuten migratzaileek. Gauez egiten zituzten, azkar, eta egitura «prekarioak» ziren: gehienak egurrez edo harriz eginda zeuden, eta bigarren eskuko materialak erabiltzen zituzten, eraikuntzetako soberakinak usu, batzuetan oso garesti erosten zituztenak; solairu bakarra zuten, metro koadro gutxi batzuk, eta ez zuten ez urik, ez argindarrik.

«Uste zenaren kontra, estatu frankista eta aginte lokalak oso ahulak ziren administrazioari zegokionez. Ez ziren leku guztietara iristen. Arazoei bizkarra ematen zieten; pentsatzen zuten bakarrik konponduko zirela». Kontrara, desagertu beharrean, etxolek ugaritzera jo zuten. 1955. urtea mugarritzat du Lopezek: 825 etxolak 32 auzo betetzen zituzten, eta 3.702 lagun bizi ziren haietan. «Letoizko edo miseria gerrikoa deitu izan dioten hori osatzen zuten. Hiriko edozein puntutatik ikus zitezkeen». Auzolana zuten beharrak asetzeko modua: iturriak, estolderia eta plaza publikoak eraiki zituzten, eta, auzo handienetan, baita eskolak, elizak, zinemak, antzerkiak, tabernak eta dendak ere.

Prentsan oihartzuna izaten hasi ziren: urte berean, La Gaceta del Norte egunkariak erreportaje bat argitaratu zuen Uretamendiko etxola auzoaren inguruan. «Bilbotar batzuek egoera ezagutzen zuten; beste batzuek ez zuten ezagutu nahi... Asko orduan hasi ziren etxola auzoen berri izaten. Apaizak hurbildu ziren lan egitera eta laguntzera, jesuitak, frantziskanoak eta Elizaren inguruko mugimenduetako gazteak».

Urteetako ardurarik ezaren ondoren, administrazioa ere hasi zen esku hartzen: zehazki, udalak udaltzainak bidali zituen, errolda bat osatzeko. Auzoka antolatu zuten: agertzen zen etxola bakoitzean nortzuk bizi ziren, izen-abizenekin, nondik zetozen, zenbat denbora zeramaten Bilbon eta etxolan, non egiten zuen lan senarrak, zenbat seme-alaba zituzten —eta, lanean bazeuden, non egiten zuten—, zenbat diru kobratzen zuten... «Baita berezitasunak ere: adibidez, ijitoak edo emakume alargunak baziren, aipatzen zuten. Familia buru gisa gizonak agertzen ziren beti; emakumeak, soilik alargunak izatekotan edo senarrak ihes egin bazuen, edo kartzelan edo psikiatrikoan bazegoen».

Egoera alboratu ezina

Etxolak eraisteko asmoarekin taxutu zuten zerrenda, baina ez ziren etxebizitzak husten hasi 1961eko udara arte. Bost urtean, esponentzialki hazi zen fenomenoa: 1960an, 4.987 etxola zeuden jada, eta 26.314 lagun bizi ziren haietan. Urtebete ondoren hasi ziren etxolak botatzen eta etxebizitzak eraikitzen. «Otxarkoaga auzoa sortu zuten etxolen arazoari aurre egiteko. Kasu askotan, etxola auzoetatik bortizki bota zituzten, kideek ez zituztelako utzi nahi. Etxe prekarioak ziren, baina bertan zituzten bizitza, lagunak eta komunitatea».

Landa eremutik hiri industrializatu batera egindako jauzian, etxola auzoek lagundu egin zieten migratzaileei «adaptazioa hobeto egiten», Lopezen arabera. «Azken finean, haien herrietako giroa erreproduzitzen zen: etxe txikiak, mendian kokatuak, naturaz inguraturik...». Otxarkoagan, ordea, kontrastea handiagoa izan zen: hamar pisuko porlanezko dorretxeetan sartu zituzten, auzoetako distribuzioak ez zituzten errespetatu, eta, ondorioz, komunitateak desagertu egin ziren. Gainera, Bilboko hirigunetik hiru kilometrotara zegoen kokaleku berria, eta, tartean, orubea baino ez.

Lopezek onartu du aurreko egoerarekin alderatuta «hobekuntza» izan zela, baina, dena dela, bizilagunak «oso haserre zeuden, uste baitzuten engainatu egin zituztela». Izan ere, nahiz eta planean aurreikusi eskolak, lorategiak, zinemak eta bestelako zerbitzuak egitea, heldu zirenean etxebizitzak baino ez zeuden, eta, etxola auzoetan bezala, lokatzezko kaleak. «Otxarkoaga urtebetean eraiki zuten, eta irizpidea izan zen ahalik eta azkarren eta ahalik eta merkeen egitea. Horrelakoak ziren etxeak: sartu eta berehala arazoak izan zituzten: txarto zeuden, eta konponketak behar izan zituzten». Datu adierazgarri bat azpimarratu du egileak: «Kaleek ez zuten izenik izan 1989ra arte».

Salbuespenik ere izan zen, ordea: Uretamendi auzoa. «Han ez zen etxe kaleratzerik egon. Auzo mugimendua oso indartsua zen, bi apaiz asko inplikatu zirelako, besteak beste; haietako bat etxola batean bizitzen hasi, elizatik atera, eta hango bizilagun batekin ezkondu zen». Auzoan geratu ziren. «Elkarte bat sortu zuten, hilabetero kuotak ordaintzen zituzten, eta horiekin etxebizitzak eraiki zituzten auzoan bertan. Etxolak lekuz mugitzen zituzten eraikina egin ahal izateko, eta bukatutakoan bertan sartzen ziren bizitzera».

Auzoan osatutako komunitatea bere horretan mantentzea lortu zuten Uretamendiko auzokideek, eta, ondorioz, han gorde dute eraginkorren garai hartako egoeraren memoria, Lopezen azalpenei erreparatuta. Artxibo mordoaz gain, lekukotzez ere baliatu da egilea liburua ontzeko, eta Uretamendin topatu ditu gehienak, hango auzo elkarteari esker; asko umeak ziren garai hartan, eta egun 80 bat urte dituzte. «Haurren ikuspuntua da kasu askotan, eta oso kuriosoa da. Etxolen mundua oso ondo gogoratzen dute, eta oso zoriontsuak izan ziren: ume pila zegoen, eta mendia beraientzat zuten, autorik eta muga arkitektonikorik gabe». Oro har, etxoletan bizi izanaz «harro» daude, ordu hartako bilbotar jatorrikoek zieten «mespretxuaren» kontrara.

Ondorioak eta aitortza

Etxola auzoen «balio historikoa aldarrikatu» nahi izan du Lopezek lanarekin, bai eta haietan bizi izandakoei aitortza egin ere: «Ez da Bilboko mugarritzat hartzen; asmoa zen erakustea hiriaren izaeran, hirigintzan, soziologian eta politikan izan duen garrantzia. Ez nuen liburu anekdotiko bat egin nahi». Era berean, ohiko diskurtsoa bukatzea ere izan du jomuga: «Oso modu erromantikoan kontatu izan da istorioa».

Kutsu literarioaren bitartez, ertz gordinenak ere agertu ditu Lopezek. Esaterako, atal bana eskaini die emakumeen eta ijitoen egoerari: «Emakumeak ziren auzoetan denbora gehien egiten zutenak, eta etxoletan bizitzearen eta emakume izatearen indarkeria sufritzen zuten, senarraren jipoiak...». Gainera, ijitoak «beti izan dira baztertuen artean baztertuenak». 1961etik aurrera, etxola gutxi batzuek iraun zuten, bertakoek ezin zutelako etxebizitza berriaren prezioa ordaindu. «Gutxi zirenez eta gehienak ijitoak, ez zieten kasurik ere egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.