Arnasgune digitalak sortuz

Datorren larunbatean izango da Euskal Fedibertsoko Topaketen lehen aldia, Errenteriako Badalab-en. Software libreko sare sozialak biltzen dira fedibertsoan.

Euskal fedibertsoko sare sozialen logotipoak. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Mota guztietako sare sozialak daude gaur egun, klik bakar batean eskuratu daitezkeenak. Sare sozial horietako askok bat egiten dute zerbaitetan: enpresa pribatu batek kudeatzen ditu. Hala ere, badira sare sozial horietatik alde egiteko alternatibak, eta fedibertsoan biltzen dira.

Baina zer da fedibertsoa? Bada, ingelesetik datorren hitz bat da federate (federazio) eta universe (unibertso) hitzak elkartuz sortutakoa. Fedibertsoa euskarara egindako itzulpena da. Software librea duten sare sozial txikiek osatzen dute fedibertsoa, eta sare sozial horiek euren artean federatuta daude, hau da, elkarreragina dago haien artean. «Aukera dago zure sare sozial txikiko mezuak ikusteko, eta baita hartan beste sare sozial txiki batzuetako mezuak ikusteko ere», azaldu du Mikel Gartzia Abaraska taldeko kideak. Mastodon da, hain zuzen, fedibertsoko sare sozialik ezagunena.

Fedibertsoa erdigunetzat hartuz, Abaraskak, beste eragile batzuekin batera, Euskal Fedibertsoko Topaketak antolatu ditu datorren larunbaterako, Errenteriako (Gipuzkoa) Badalab-en. Abaraska taldea 2020an sortu zen, Euskal Herrian fedibertsoko sare sozial bat sortzeko asmoz.Bizpahiru pertsona hasi ziren, eta, orain, zortzi dira lantaldean.

Egitaraua

Topaketan, fedibertsoaren parte direnek elkar ezagutzea, egindako ibilbidea aztertzea, eta etorkizuna irudikatzea nahi dute antolatzaileek. Gainera, mundu horren inguruan gutxi dakitenak bertaratzea ere nahi dute. Goiz eta arratsalde izango dira saioak. Goizean, 09:30ean hasiko da, eta publiko orokorrarentzat izango da. Bazkariaren ostean, 15:00etan hasiko da. Joateko asmoa duenak izena eman beharko du www.fedibertsoa.eus webgunean. Hartan topatu daiteke egitaraua ere.

Jardunaldian parte hartuko dute Rita Barrachinak eta Marcel Costak. Fedicat plataforma ordezkatuko du Barrachinak, 2008an sortutakoa. Hamabost urteko ibilbidea aztertuko du bertaratutakoekin batera. Bestalde, Marcel Costak Anartisten artistentzako plataforma autogestionatua aurkeztuko du.

Bertaratutakoek fedibertsoko sare sozialetako batzuk probatzeko aukera izango dute goizeko atsedenean. Ondoren, Argia astekariak orain arte fedibertsoan zer-nolako esperientzia izan duen azalduko dute Asier Iturraldek eta Axier Lopezek.

Fedibertsoan sare sozialak sortzeko orduan, administratzaileak erabiltzaileengandik gertuago daudela esan du Gartziak. Haren hitzetan, gaur egungo sare sozialak urrutiko enpresen esku daude, eta haiek erabakitzen dituzte zer arau eta irizpide bete behar diren. Gainera, haien hizkuntza politiketan ez da lekurik izaten euskararentzat: «Gaur egun, ezinezkoa da Twitterren hamabost minutu baino gehiago igarotzea euskara hutsean».

Badaude Euskal Herriko sare sozialak fedibertsoan. Komunitate txikiagoak direnez, eta administratzaileak euskal herritarrak direnez, «osorik euskaraz» diren sare sozialak sor daitezke. Abaraskak lau sare sozial kudeatzen ditu egun: Lemmy.eus, Pixelfed.eus, Peertube.eus eta Paperjale.eus.

Gaur egun dauden sare sozial batzuen alternatibak dira Abaraskak sortutakoak. Lemmyn, gai jakinen inguruko foroak sortzen dira, jendeak bere iritzia edo esperientzia konta dezan. Pixelfeedek Instagram sare sozialaren antza du. «Erabiltzaile gehienak euskaldunak dira, segur aski», aipatu du Gartziak. Peertube bideoak igotzeko sare soziala da, eta igotako bideoek euskaraz izan behar dute. Azkenik, Paperjalen norberak irakurri berri duen liburu baten inguruko iruzkina utz daiteke, horrela beste erabiltzaile batzuk liburu hori irakurtzera bultzatzeko. «Gure sare sozialak arnasgune digitalak dira, euskararen presentzia ziurtatzen baitugu».

Sare sozial horietako argitalpenak beste sare sozial batzuetan ikus daitezke, Mastodonen esaterako. Sare sozialen arteko interakzio hori benetan garrantzitsua da, Gartziarentzat: «Fedibertsoan lan egiten dutenek erakutsi dute Internet oso desberdina izan daitekeela, Internet hobea egin daitekeela». Lan hori egiten duten pertsona eta elkarteak ezagutarazi egin behar direla kontatu du Abaraskako kideak, enpresa handiek Internet hobea lortzeko «presioa» izango dutelako horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.