Koronabirusa

Banaketa giltzarri, dosiak ugaritu artean

Herrialde gutxi batzuk COVID-19aren aurkako txertoaren horniduraren jabe egitea eragotzi nahi dute Covax programaren sustatzaileek. Izan ere, egungo joeran aldaketarik ez bada, hamarretik batek hartu ahalko du txertoa herrialde txiroetan.

COVID-19aren aurkako txertoaren proba fasera aurkeztutako hainbat boluntario, Indiako Bhopal hirian. SANJEEV / GUPTA.
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Txertoaren lasterketa amaitu aurretik hasi da bigarren bat: txertaketarena. Herrialde aberatsenak txertaketa kanpainak abiatzen eta iragartzen ari diren bitartean, herrialde txiroenetara ez da dosirik iritsi. Ohartarazpen bat egina du People's Vaccine Alliance nazioarteko erakundeak —Oxfam, Amnesty International eta Global Justice Now erakundeak biltzen ditu—: «Hamar lagunetik bat soilik txertatu ahal izango da 70 herrialde txirotan datozen urteetan». Txertoen ekoizpena biztanleria osora hedatzea ezinezkoa izanik ere, dagoen hori modu orekatuan banatzeko beharra nabarmendu dute hainbat adituk.

Kontrakoa ari da gertatzen, People's Vaccine Allianceren arabera. Biltegiratutako txerto kantitate osoaren %54 herrialde aberatsenek eskuratu dutela jakinarazi du, herrialde horietan munduko biztanleriaren %14 bakarrik bizi den arren. Joera hori eten, eta txertoa baliabide ekonomiko gutxi dituzten herrialdeetara iristeko jarri zuten martxan nazioarteko Covax programa, eta 189 herrialdek bat egin dute egitasmoarekin. Gavi Txertaketarako Aliantza Globala, OME Osasunaren Mundu Erakundea eta CEPI Epidemietarako Prestatzeko Berrikuntzen Koalizioak sustatutako programa da, baina estatuen eta nazioarteko erakundeen finantzaketa beharrezkoa du.

Programaren arduradunek azaro erdialdean adierazi zuten finantzaketa bide onean doala, eta 1.600 milioi euro baino gehiago bilduak zituztela. Kantitate horrekin 700 mila milioi dosi eskuratu ditzakete, OMEko iturriek BERRIA-ri jakinarazi diotenez. 2021ean eskura izan nahi dituzte bi mila milioi dosi, baina, orain arte lortutako funtsekin, horren %35era irits daitezke. Beste urrats bat egin du programak asteon, ordea, Europako Batzordeak iragarri baitu Europako Batasunak 500 milioi euro gehiago bideratuko dituela programa horretara.

«Iraganeko akatsak errepikatuko ez genituela segurtatzeko sortu zen Covax, eta eragozteko herrialde gutxi batzuek mundu mailako txertoen hornidurara sarbidea izatea, herrialde gehienak zoriaren esku utzita», azaldu dute programaren sustatzaileek. Diotenez, hala gertatu zen A/H1N1 gripearen aurkako txertoarekin, baina COVID-19ak, dagoeneko, «inpaktu suntsitzaileagoa» duela nabarmendu dute.

Banaketa, bi fasetan

Eskaria eskaintza baino handiagoa da txertoari dagokionez, eta hala izango da datozen bi urteetan, OMEk aurreratu duenez. Horregatik, banaketan jarri du arreta, eta proposamen bat egin du: herrialdeek euren tamainaren araberako dosi kantitatea eskuratzea. Hasierako banaketa horrek modua emango luke arrisku taldeetan dauden herritarrak txertatzeko, pixkanaka. OMEk lehentasunezko hiru talde identifikatu ditu: laguntza sozialean eta osasunean jarduten duten langileak, adineko pertsonak eta bestelako osasun arazoak dituztenak.

Banaketa bi fasetan egin nahi dute: lehenengoan, herrialdeei euren biztanleriaren %3 txertatzeko adina dosi esleituko zaizkie, eta gradualki gehiago jasoz joango dira, %20ra iritsi arte; bigarrengoan, esleipenarekin jarraituko dute, biztanleriaren zati handiago batera iristeko. Zehaztu dutenez, hornidura gabeziek segitzen badute, esleipena «modu neurritsuan» egingo da, herrialde bakoitzaren arriskuak eta zaurgarritasun maila aintzat hartuta.

Osatze globalerako gakoa

«Mundu mailako ondasun publikoa» dira txertoak OMErentzat, eta hala dira, «denontzat baita onuragarria besteak txertatzea». Ikuspuntu moraletik desegokia izateaz gain, «osasun publikoarenetik nahiz begirada ekonomikotik aztertuta ere oker dago» txertoak gutxi batzuek pilatzea, erakundearen arabera. Eta ohartarazpen bat egin du: «Globalizatutako eta interkonektatutako mundu batean bizi gara, eta, hortaz, COVID-19a ezin du herrialde batek soilik garaitu». Lekuan lekuko egoera mundu mailakoarekin lotuta dago ezinbestean, diotenez: «Ez da benetako osatze globalik izango, ekonomikoa barne, munduko alde guztietan transmisioa kontrolatzea lortzen den arte». Horretarako, txertaketa deszentralizatzeaz gain, arazo logistiko gehiago ere izango direla uste du OMEk, eta horiei irtenbidea eman behar zaiela. «Erronka izango da, horrez gain, bermatzea egongo direla nahikoa dosi eta xiringa erabilgarri, eta aurkituko dela modua txertoa hotz mantentzeko».

Europako Batasunak egin du diru ekarpenik handiena, oraingoz. 850 milioi euro eman ditu, estatu kideen, fundazioen eta beste organismoen bidez. Herrialdeen ekarpena handitu nahi du OMEk, eta, horretarako, ACT-Accelerator kooperaziorako organismora batzeko eskatu die, gaixotasunaren inguruko diagnostikoen, terapeutiken eta txertoen garapena azkartzeko asmoz sortutako taldera. OMEko iturrien esanetan, «soilik gure gizarteek pandemiaren inpaktua gelditzeko erabiltzen duten kostuaren zati txiki bat» horretara bideratuta, «krisiaren iraupena» moztu eta «mundu mailako hazkundearen motorra berrabiaraziko» litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.