U30 greba orokorra. Lurraldeka

Bizkaia: mobilizazioak izan dira indargunea

Enpresa garrantzitsu batzuk itxita egon dira, eta trafikoan eragina izan dute errepide trabatzeek, baina grebak erantzun gorabeheratsua izan du eskualdez eskualde

Pentsiodun asko izan ziren Bilboko manifestazioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
IƱigo Astiz- June Prieto
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Grebak oihartzun gorabeheratsua izan du Bizkaian. Goizean goiz, trafikoan eragin nabarmena izan dute, esaterako, Bilborako hiru sarbide nagusietan piketeek egindako trabatzeek, eta hainbat kilometroko auto ilarak sortu dituzte Zamudioko Parke Teknologikoan egindako etenek ere. Lea-Artibai inguruko industria guneetan itxita egon dira Cikautxo, Eika eta Nemec, adibidez. Baina, salbuespenak salbuespen, orokorrean irekita egon dira saltoki, lantoki eta merkataritza gune gehienak, eta hiriburuan egindako eguerdiko eta arratsaldeko mobilizazioetakoa izan da eguneko indar erakustaldi nagusia. Sindikatuek zehaztu dutenez, Bilbon greba egin zezaketen hamar udal langiletik zazpik egin dute greba, eta erantzun zabala izan du Durangaldeko, Busturialdeko eta Arratiako udaletan. FVEM patronalaren arabera, Bizkaiko metalgintzan grebak %12ko erantzuna izan du. Bizkaiko campusetan, berriz, %10 izan da jarduera.

Zehazki, Juan de Garaiko, Errekaldeko eta Sabino Aranako sarbideak itxi dituzte grebalariek Bilbon, eta metroak eta autobusek gutxieneko zerbitzuak eman dituzte. Horrek ohi baino itxura motelagoa eman dio hiriari, baina irekita egon dira kale komertzial nagusietako saltoki gehienak. Erriberako merkatua itxita egon da. eta Zabalgunekoa, erdiz bakarrik.

Lea-Artibai eskualdea eta inguruak izan dira beste foku bat. Gizaburuagako Okamiko industrialdean itxita egon dira enpresa guztiak hiru salbu, eta Berriatuan, besteak beste, zarratuta egon dira Cikautxo (seiehun langile) eta Nemec (mila). Eika kooperatibak ere ez du aterik ireki.

Ondarroan, portuan mugimendu gutxiago igarri da, eta itxita egon dira zenbait super merkatu handi ere.

Barakaldon, oso jendetsuak izan dira grebalari zutabeak, eta bi ordu inguruz errepidea ixten jardun dira BEC erakustazoka aurreko biribilgunean eserita. Gernikan, herrian igarri da greba, eta goizez itxita egon dira taberna eta saltoki asko. Mungian, Bermeon eta beste zenbait herritan, ordea, itxiera jakin batzuk salbu, ez da izan arrakasta handirik.

Sindikatuek salatu dute gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan direla, eta horrek mantendu dituela zabalik hainbat zahar etxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.