Sanchezek sahararrei egindako «traizioa» salatu dute karrikan

Elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Eusko Jaurlaritzaren ustez, «ezustekoa» izan da Espainiaren jarrera aldaketa

Gasteizen Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean egindako elkarretaratzea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Espainiak Marokoren autonomia planari babesa eman izanak haserrea sortu du Euskal Herrian bizi diren sahararren artean eta Mendebaldeko Sahararen askapenaren aldeko elkartasun mugimenduan. Atzo elkarretaratzeak egin zituzten Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta gaur mobilizazioa egingo dute Iruñean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean.

Atzoko elkarretaratzeetan Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen «traizioa» salatu zuten, eta «Sanchez, entzun, Sahara ez dago salgai», «Maroko hiltzaile, Espainia babesle» eta antzeko oihuak egin zituzten parte hartu zutenek.

Bilbokoan, Eusko Jaurlaritzako Migrazio zuzendari Xabier Lejarreta egon zen, eta EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren ordezkariek ere parte hartu zuten mobilizazioan.

Jaurlaritza, azalpen eske

Eusko Jaurlaritzarentzat «ezustekoa» izan da Espainiako Gobernuak hartutako erabakia, eta uste du «presazkoa» dela «jarrera aldaketa horren atzean egon daitezkeen arrazoiak azaltzea». Edonola ere, Bigen Zupiria bozeramaileak esan duenez,Jaurlaritzak uste du Mendebaldeko Sahararen gatazkaren irtenbidea NBE Nazio Batuen Erakundeak erabakitakoaren arabera ezarri behar dela.

EAJk, berriz, «arbuiatu» egin du Espainiako Gobernuak gai honetan izan duen «jarrera aldaketa erradikal eta historikoa».

Elkarrekin Podemos-IUk «Sanchezen aldebakarreko jarduera» gaitzetsi du, eta iragarri du mozioak aurkeztuko dituela herrietako udal batzarretan. Haien ustez, jarrera aldaketa hau «traizioa» izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.