Gaztenpresak 415 enpresa eta 812 lanpostu sortzen lagundu du 2018an

Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
«Ideia on bat ere ez gelditzea enpresa bihurtu gabe, aholkularitzarik edo finantzaketarik ez izateagatik». Hori da Gaztenpresaren eginkizuna, Laboral Kutxa- ren enplegu fundazioko lehendakari Ibon Urgoitiren arabera. Iaz aurkitu zituen «ideia on» horietako batzuk, urte osoan 415 enpresaren eta 815 lanposturen sorrera lagundu baitzuen.

2018ko balantzea egin zuenUrgoitik, atzo, Bilbon. Han nabarmendu zuen Gaztenpresaren balio bereizgarria zein den: ekintzailetzaren ziklo osoan laguntzen duela: bideragarritasun azterketan, negozio planean, tramiteetan, diru laguntzetan, finantzaketan eta finkapenean.

Lau programa

Gaztenpresak lau programa ditu ekintzailetzaren fase guztiak laguntzeko, Inma Ramos zuzendariak azaldu duenez. Sortzeari dagokionez, 1994az geroztik fundazioak 5.325 enpresa sortzen lagundu du, eta enpresa horien bidez 9.566 lanpostu sortu direla.

Finantzaketari dagokionez, Ramosek esplikatu zuen 2018an 13,5 milioi euroren maileguak eman zituela, eta 2018ra arteko maileguen kopuru metatua 152 milioi euro dela. Bestalde, 2018ko datuen arabera, enpresa berriak abian jartzeko egindako batez besteko inbertsioa 70.452 euro izan zen. «Zenbatekoen erdia ekintzaileen baliabide propioen bidez bete da, eta gainerakoa, banku finantzaketaren bidez».

Negozioa finkatzeko Gaztenpresak Consulting Pro zerbitzua eskaintzen du: iaz 432 kontsulta artatu zituen, eta 75 tailer eta mintegi antolatu.

Laugarrenik, Mentoring programak 27 harreman formal ezarri zituen 2018an. Programa horren bidez, Gaztenpresak plan pertsonalizatua egiten du laguntza behar duten proiektuei laguntzeko. «Ekintzailetzan eta enpresa kudeaketan esperientzia duen profesional aditu batek lagundu, egiaztatu eta erabakiak hartzeko indarra ematen dio ekintzaileari bere kudeaketa trebetasunak hobetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.