Koronabirusa

Amaiera jakinik gabeko kanpaina

Alturako hainbat arrantzaleri Euskal Herrira itzultzeko garaia iritsi zaie, baina, aireportuak itxita daudenez, ez dakite noiz arte gelditu beharko duten orain Afrikako arrantzalekuetan. Halaxe dago Andoni Gabantxo, 'Haizea Hiru' ontziko makinista.

Haizea Hiru alturako arrainontzia, Seychelle uharteetako portuan lotuta. ANDONI GABANTXO.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Itsasoa bare dago, eta eguraldi «benetan ona» dutela nabarmendu du Andoni Gabantxok (Bermeo, Bizkaia, 52 urte). Kontsolamendu txikia dirudi, baina oso garrantzitsua da itsasoaren erdian zaudenean, Sierra Leonako kostatik 700 kilometrora, eta 51 egun daramatzazunean lurra zapaldu gabe. Horiek, dena den, marinel ofizioaren ohiko ajeak dira, eta Gabantxok ondo ezagutzen ditu, 29 urte baitaramatza ozeanoetan barrena lanean alturako arrantzan. Kanpaina pixka bat luzatzea ez da arraroa izaten, baina mundu osoko aireportuak itxita egotea bai, eta, itzultzeko hegaldia martxoaren 21ean zuen arren, gaur-gaurkoz ez daki noiz arte luzatuko duen Afrikako egonaldia. «Barneratzen ari gara, eta bakoitzak bere erara darama. Nik ez daramat oso txarto; etxekoak ondo daude, nahiko sarri daukat haien berri… Baina denok ez gara berdinak, eta denok ez dugu egoera bera etxean».

Eustaten arabera, 883 dira hozkailu ontzi handietan lan egiten duten hego euskal herritarrak, eta horietako bat da Gabantxo, Haizea Hiru ontziko makinetako nagusia. Azaroaren 25ean irten zen etxetik lau hilabeteko kanpainari ekiteko, eta otsailaren 8an lurreratu zen azkenekoz, Abidjanen (Boli Kosta). Han lurreratzekoa zen duela hamar egun, itzultzeko hegaldia hartzeko, baina itsasoan geldiarazi zituzten. «Lehorretik deitu, eta aireportuak itxita zeudela esan ziguten. Orain ez dago inolako aurreikuspenik; ez dakigu noiz edo nola itzuliko garen. Mundu osoko nazioek itxi dituzte mugak. Gu ezin gara joan, eta gure ordez aritu behar dutenak ezin dira etorri». Euren enpresa hariak mugitzen saiatu da, baina alferrik. «Espainiak Boli Kostan duen enbaxadorearekin eta abar, baina gaur egun eskuak lotuta dauzka. Mundu osoan gertatzen ari da gauza berbera: ez da Boli Kostaren arazoa bakarrik. Indiako ozeanoan dauden lagunek ere arazo bera daukate».

Hamahiru lagun daude ontzian, hiru euskal herritar, galiziar bat, eta bederatzi afrikar, lau herrialdetakoak: Beningoak, Boli Kostakoak, Senegalgoak, eta Ghanakoak. Oraingoz, lanean jarraitzen dute, baina Gabantxok onartu du atzerapen luzearen aurreikuspenak eragina izan duela giroan: «Itzultzeko buruan zuen data heldu eta gero, jendeak ez dauka burua egon behar den tokian, eta errazago sortzen dira istiluak. Horrez gain, jendea nekatuta dago, ez fisikoki, psikologikoki baizik, eta errazago gertatzen dira erruak eta istripuak». Alde horretatik, Gabantxok badu eskarmentua egonaldi luzeak kudeatzen, eta, Euskal Herrian itxialdia agindu zenean, hura hobeto eramateko aholku sorta bat idatzi zuen Twitter sare sozialean, eta arrakasta handia izan zuen.

Eskarmentuak, baina, ez du dena leuntzen, eta teknologiak elkarren berri izateko modua asko erraztu duen arren,ez du ezkutatu etxekoekin hitz egitea «gogorra» dela. Haren amak 92 urte ditu, gaixo kronikoren bat ere badu familian, eta 7 urteko seme bat. «Dakien bakarra da astebete barru etxean egongo nintzela esan niola, eta aste hori bete dela eta ez nagoela. Zorionez, handik iristen zaizkidan albiste guztiak onak dira, baina txarrak balira, nola itzuli?». Herrialde ezberdinetako marinelak dira, baina kezka antzekoa dute: «Arrantzale afrikarrek ere familiarekin hitz egiten dute, eta entzuten dute zer gertatzen ari den beren herrian. Senegalen, gauez inor ezin da irten kalera, eta mugak itxita daude. Boli Kostan, berdin… eta urduritasuna da nagusi. Batez ere ikusten dutelako egunak aurrera doazela eta ez dagoela inolako berri onik».

Osasunez ondo daude guztiak ontzian. Itsasoan 50 egun eramatea nahikoa ziurtagiri da eskifaiako inor koronabirusak jota ez dagoela baieztatzeko. Baina lehenago edo geroago portura itzuli beharko dute janari eta erregai bila, eta horrek arriskua du. «Berriro itsasora joan behar badugu, eta gaixoren bat badago barruan, nola bakartuko dugu? Hemen ez dago sendagilerik, ez ospitalerik, ez ezer. Elkarren ondoan gaude egun osoan. Bat gaixotzen bada, denok kutsatuko gara». Enpresak beste hiru ontzi ditu Atlantikoan, eta han denak osasuntsu daude. Ez, ordea, Egalaburarrantzontzikoak. Marineletako bati kutsatua egotearen sintomak atzeman zizkioten, eta berrogeialdia egiten ari da Abidjango portuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.