Angel Erro.
JIRA

Aldaketa

2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Eskerrak ez diodan amonari azaldu behar. Ez nuke jakinen nola. Urte erdian ohiko solasgai izaten zuen ordua noiz aldatuko zuten, noiz aurreratuko; beste erdian, noiz aldatuko zuten berriz, noiz atzeratuko. Beti gogait gaiztoz. Denborari eskatzen zion denborak dagoeneko eman ezin ziona.

Europar Batzordeak, hainbat europarrek parte hartutako inkesta publikoa aintzat hartuz, udako ordutegia (martxoko azken igandean ordu bat aurreratzea) bertan behera uzteko proposatuko omen die estatu kideei. Edo negukoa. Ez dut zehazki azalduko didanik.

Inoiz esan dut ordu aldaketok, energia aurreztea helburu gabe, hiritarren otzantasuna entrenatu eta testatzeko simulakro bat besterik ez zirela (hain gara esaneko, bizi garen orduaz alda gaitzakete egun bakarrean, denok batera, eta guk ameto). Ordujabetza aldarrikatzeko deia ere egin izan dut, gazteagotan. Teorian behintzat ederki ematen zuen.

Oker nengoela onartzen hasi beharko dut, baina zertaz kexatu izatearen amoreagatik, batetik, pentsatzen hasiko naiz simulakroa amaitzea erabaki dutela gure otzantasuna ongi frogatuta gelditu zaielako eta, bestetik (amona zena gogoan), baita aldaketarik txikienaren itxaropena uztearen beharra ikusten ez dutelako ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.