Angel Erro.
JIRA

Kiroltasuna

2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Kiroltasun kontzeptuak besarkatzen omen dituen ezaugarri on guztiak eliteko kirolean ere ematen ote diren ez dut argi. Gauza bera, bururatu zait bat-batean gehiegi pentsatu gabe, galdetzea dago sozialismoaz eta bere eliteez edo ia edozein kausa bidezko eta bere agintariez. Eztabaida piztu da Simone Biles atletak Olinpiar Jokoen erdian bere jardunari uko egin dioenean, osasun mentala lehenetsi nahiago izanda. Askok ekin diote eliteko kirolaren tentsio eta exijentzia maila ia gizagabeaz gogoeta egiteari. Normala dela. Tazitoki onartzen dutela denek. Eta abar.

Agian ez dugu ikusi nahi eliteko kirolak gehiago duela (nonbait irakurri dudanez) umeen esplotaziotik, saldu nahi diguten goi arnasako etika gardenetik baino. Beste kontu askotan bezala, telebistako pantailatik jasotzen dugun epikak zerikusi gutxi du atzean dagoen errealitatearekin. Norbera muturreraino eramatea erronka moduan pasarazi ahal digute, baina jazarpenetik gertu ere egon daiteke. Burura etorri zait igeriketa sinkronizatuko entrenatzaile katalan bat, ikasle gazteek salatu zutena tratu txar psikologikoengatik.

Simone Bilesen errenuntzia ez da inora iritsiko. Ahuldade pertsonaltzat joko dute. Zenbat holako! Eta zer egin? Deus gutxi, egia esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.