Angel Erro.
JIRA

Abuztuko mahatsak

2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Gaur jakinen da zer erabaki hartu duten EH Bilduren militanteek. Bitxiak izaten dira militantziak, eta bitxiak, egiten zaizkien galdeketak ere, azkenaldian ugaritu direnak. Agintariek erakutsitako bidea berretsiko dutela esperatzekoa da. Beraz, abuztuaren lehen egunetan, Nafarroaren gobernagarritasuna (hitz bitxia) ziurtaturik egonen omen da, ez lehenago osoko bilkuran «traizio», «amoraltasun», «odolez zikin», «ETAren adiskide(en adiskide(en adiskide)» eta horrelako asko entzun gabe, Espainiako telebista kateek anplifikatuta.

Gero, denbora batez, baretuko da guztia. Crescendoak etena ezagutuko du, lehenik eta behin espainafar eskuinak, eginahalak eginda ere, ezin izanen duelako, momentuz, ezer gehiago egin, dirudienez, beste lau urtez boteretik at ez gelditzeko. Bururatuko zaie zerbait, baina abuztutik bueltan. Zalantza gehiago dut beste guztiei zerbait planifikatu ahalko duten Navarra Sumaren trunpiloa zatitzeko. Onena, agian, ezer ez egitea da.

Portugalen bada esaera zahar bat, gutxi gorabehera honela itzul genezakeena: «Abuztua eta mahats biltzea ez dator egunero, urtean behin baizik, batzuen alde eta beste batzuen kalte». Edonola, beste errefrau batek dioen bezala: «Sasoiak helduko ditu mahatsak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.