Angel Erro.
JIRA

Tximeletak amets

2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Benetan naiz ni zutabe hau idazten ari dena? Gaur duda barroko horrekin esnatu naiz; barroko, bizantziar edo txinatarra. Filosofo txinatar batek behin tximeleta zela amestu zuen eta ametsean bere buruaz guztiz ahaztuta tximeleta sentipenak baino ez zituen. Esnatzean duda piztu zitzaion tximeleta zela amets egindako gizona ote zen, ala une horretan gizona izateko ametsetan zebilen tximeleta.

Iker Tubiaren Makina bat sortzaile izen jostalariko artikulua leitu dut ohera joan aurretik. Agian hori da arazoa, lotara abiatu aurretiko irakurketak eta otorduak hobeki kontrolatu behar ditudala, zentzumenak ez harrotzeko. Adimen artifizialak euskaraz idatzi (edo ekoiztu) duen lehen poema liburua argitaratu du Beñat Erezuma ingeniariak, Artiadi izenekoa. Leitu dut (edo deskargatu) eta esan dezaket aurtengo poema libururik interesgarriena iruditzen zaidala. Ez nuke baztertuko Euskadi Sarietan ezustea emanen balu.

Egileak (edo programatzaileak) dio teknologia hau «webguneetarako, blogetarako eta sare sozialen argitalpenetarako edukiak sortzeko erabil daiteke[ela]». Adeitasunez ez ditu zutabeak ere zakuan sartu. Halere, horrek ez du saihestu esnatu eta neure buruari galdetzea ni ote naizen zutabe hau idazten ari dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.