Katalunia

Forcadell gaur da deklaratzekoa

Parlamentuko presidentearentzat baldintzarik gabeko espetxeratzea eskatu nahi du fiskalak, zenbait hedabidek filtratutakoaren arabera

Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Kataluniako Gobernuko kontseilariei bezala, matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra leporatzen die Espainiako Fiskaltza Nagusiak Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideei. Seiak gaur goizean dira deklaratzekoak Auzitegi Gorenean —berez joan den osteguneanziren galdekatuak izatekoak, baina defentsa prestatzeko atzerapena onartu zieten ikertuen abokatuei, kontseilarienei Auzitegi Nazionalak ez bezala—, Pablo Llarena instrukzio epailearen aurrean. Iturri judizialak aipatuz zenbait komunikabidek filtratu dutenez, Carme Forcadell mahaiko presidentearentzat baldintzarik gabeko espetxe zigorra eskatzea asmo du fiskaltzak. Mahaiko beste bostak ere kartzelatzeko eskaera egingo du fiskaltzak, baina berme bat ordainduta saihestu ahal izango lukete.

Iturriek horiek diote Forcadell modu batean eta besteak beste batean zigortzeko motiboa «kualitatiboa» dela —Lluis Maria Corominas, Anna Simo, Lluis Guino, Ramona Barrufet eta Joan Josep Nuet dira besteak—. Parlamentuko presidentea izan aurretik ANC Biltzar Nazional Katalanekoa izan zen Forcadell, eta hori kontuan hartu du fiskaltzak. «Parlamentuko presidentea eta idazkari bat, beraz, ez daude posizio berean. Gainera, ANCtik sustatzaile gisa Forcadellek jokatu duen rola ezin da alboratu», adierazi dio hedabide bati iturri judizial batek.

Kartzelatuak izan aurretik, kontseilariek beren abokatuen galderei soilik erantzun zieten iragan ostegunean Auzitegi Nazionalean. Parlamentuko Mahaiko kideek, ordea, estrategia aldatu, eta abokatuei eta akusazioaren galderei erantzuteko intentzioa dute. Horren harira, zera esan zuen Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiak, kontseilariak espetxeratu eta ordu batzuetara: akusazioren galderei erantzun izan baliete «agian gauzaren bat» alda zitekeela.

Aldatu ez dena Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium Culturaleko presidenteen egoera da. Soto del Realgo kartzelan daude joan den urriaren 17tik, eta han jarraituko dute. Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du onartu Sanchezen abokatuak kasua Bartzelonako instrukzio epaile batek hartzeko jarritako helegitea. Sedizioa leporatzen diete, eta, atzo kaleratutako autoak dioenez, Carles Puigdemont Kataluniako presidentea Belgikan egoteak bien egiteko arriskua areagotu dezake.

Bost magistratuetatik batek, Jose Ricardo de Pradak, helegitea onartzearen alde bozkatu zuten. Hark argudiatu zuen, batetik, sedizio delitua epaitzea ez dagokiola«salbuespeneko auzitegi bati»; hau da, Auzitegi Nazionalari. De Pradaren hitzetan, «existitzen ez den maila juridiko bat» asmatzen ari da Lamela, sedizioa «gobernuaren kontrako» delitu gisa tratatuz. Hala jasotzen zuen 1973ko zigor kodeak, eta Audientzia Nazionalak epaitzen zuen. Baina 1995eko zigor kodeak desordena publiko gisa tipifikatzen du.

Magistratuak pentsatzen du ez duela zentzurik kautela neurriei eusteak, ez «juridikoki baloratutako ekintzen larritasunagatik», ez eta «zirkunstantzia pertsonalengatik eta prozesuan edukitako portaerarengatik» ere.

Dena Gorenaren esku

Beste informazio batzuek diote kontseilarien kontrako kausaren kontrola ere hartu nahi duela Gorenak. Izan ere, matxinada delitua kolektiboa denez, ezin dira bereizi ikertuen ekintzak. Forudunak direlako hartu du Gorenak parlamentuko kideen aurkako kausa. Bestalde, Kataluniako Parlamentuan onartutako alde bakarreko independentzia aldarrikapena baliogabetu du Auzitegi Konstituzionalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.