Angel Erro.
JIRA

Kontrako norabidean

2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Nire girokoa ez den taberna batean suertatu nintzen epaia atera zenean, ez atzokoa, bortxaketagatik zigortutako Aranda de Dueroko futbolariena baizik, hau da, duela egun batzuk. Entzun behar izan nituen iruzkinak ez ziren irensten errazak. Ez ditut hona ekarriko, baina gaur gogoratu naiz haietako batez. Bezeroetako batek kondenatutakoak Europara erbesteratzeko egokieraz mintzo zen. Bidegabekotzat zuten epaia, eta hortik eratortzen zuten justiziazko irtenbide bakarra erbestea eta europar auzitegien mendetara paratzea zela. Ez da kontu hutsala. Ez da bakarrik independentisten pertzepzio bat. Espainolen artean espainolenak ez dira espainiar justiziaz gehiegi fio. Kezkatu beharko lukete Espainiako erakundeek. Ez ditut, berriz, hor ikusten. Kontrako norabidean baizik. Nire girokoa ez den taberna horren antza handia duen espainiar txiosferan asko daude suminduta: Trending Topic izatera iritsi da Spexit kontzeptu sortu berria, Erresuma Batua bezala Espainia ere Europatik ateratzeko aldarrikapen hisiazko eta histrionikoa. Ez dakit hori eskatzen dutenak ohartzen diren horrek erreferendum bat (hori paradoxa) behar lukeela, zeinaren bidez, nork daki, gauzatuz gero, Kataluniak agian har zezakeen Eskoziaren bide bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.